Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Elebide, 2013ko memoriaren aurkezpena

2014.eko maiatzak 14

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak datuen aurkezpena eta balorazioa egin du Legebiltzarrean

 

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak eta Euskara Sustatzeko zuzendaria den Jokin Azkuek ELEBIDE-ren 2013ko memoria aurkeztu dute gaur Parlamentuan, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta antolatu da.

ELEBIDEren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

 

ELEBIDEk honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

 

  1. Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
  2. Herritarrak sentsibilizatzea.
  3. Aholkularitza eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean.
  4. Kexak jasotzea, bideratzea eta  jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  5. Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

Gaur arratsaldeko agerraldia hiru zatitan banatu da. Lehenik, hizkuntza eskubideen gainean Eusko Jaurlaritzak duen ikuspuntua azaldu da. Bigarrenik, 2013. urtean zehar ELEBIDE-n jaso eta tramitaturiko intzidentzien berri eman da eta, azkenik, azken zazpi urteotako ibilbide konparatuaren datu batzuk eskaini dira.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak honako hau esan du agerraldian: “EAEko herritarrek hainbat hizkuntza eskubide dituzte aitortuak. Jakina da, ordea, gauza bat dela eskubideak aitortuak izatea, eta beste bat dela aitorturiko eskubideak egiazki betetzea bermatua izatea. Berdintasun formala eta berdintasun soziala ez dira beti bat etortzen. Hemen ez dago euskararen inposiziorik. Hemen herritar guztiei hizkuntza eskubide berak aitortzen zaizkie, bereizketarik gabe, eta herritar-aginteei obligazioa ezartzen zaie eskubide horiek bermatzeko neurriak hartu ditzaten”, hasi da.

“Eskubide eta askatasunez ari garenean, beraz, aitormen hutsa ez da nahikoa. Bi urratsak dira eman behar direnak: aitortu, eta praktikan bermatu. Hizkuntza eskubideen aitorpen eredu aurreratua daukagu EAEn, oso aurreratua. Eta praktikan bermatzerakoan ere aurrerapauso handiak eman ditugu. Ezin ditugu aurrerapauso hauek gutxietsi. Errealitatea ez da motibo, ez justifikazio, euskararen gaineko diskurtsoa ia beti mezu ezkor eta arrangurazkoei lotuta emateko edo lantua jotzen ibiltzeko. Nahikoa da ikustea arlo honetan ere duela 30 urte non geunden eta gaur non gauden. Baina badugu zer hobeturik, asko gainera. Asko daukagu hobetzeko. Eta hobetu beharrekoa hobetzeko bidean aurrerapausoak ematea da gure obligazioa”, azaldu du.

“Gobernuak eraginkortasun handiz jardun nahi du arlo honetan, eta ELEBIDEren lana ahalik eta efikazena izatea bilatzen dugu. Konpromiso horren eta eraginkortasun egarri horren adierazle moduan ulertu behar da duela hilabete t’erdi Arartekoarekin sinatu genuen lankidetza hitzarmena. Eta hitzarmen hori egunerokoan gauzatzeko funtzionamendu protokolo bat ere finkatu dugu dagoeneko”, gehitu du.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere honako hau gehitu du: “Gizarte aurreratu eta demokratikoetako bizikidetzaren oinarri nagusia hain zuzen ere da pertsonen eskubideak, askatasunak eta aukera-berdintasuna errespetatu eta babestea. Eskubide horien artean daude, noski, hizkuntza eskubideak ere. Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren helburu nagusietarikoa da hizkuntza askatasuna, bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea alegia, praktikan egiazkoa eta gauzagarria izatea guztientzat bi hizkuntzetan. Hori da helburua, eta horretarako bidea da bi hizkuntza ofizialen artean aukera-berdintasuna eta hizkuntza eskubideak errespetatzea. Progresiboki eta malgutasunez, baina etengabe eta eraginkortasunez”.

“Tresna instituzionalak behar ditugu eskubide horiek babestu eta praktikan gauzatu ahal izateko. Eta hain zuzen ere ELEBIDE da horretarako tresna instituzional bat. Horregatik ahalegintzen gara ELEBIDE indartu eta are gehiago dinamizatzen”, gehitu du sailburuordeak.

2013. urtean jaso diren kexei dagokienez, Patxi Baztarrikak zenbait datu eskaini eta hauen gaineko balorazioa egin du: “gero eta kexa gehiago jasotzen dira ELEBIDEn. 2012an jasotakoak baino % 5 kexa gehiago jaso dira 2013an.  Gure ustez positiboa da iaz baino salaketa gehiago izatea. Seguru baikaude gehikuntza horren izateko arrazoia ez dela eskubide urraketa gehiago izan direla; seguru gaude gehikuntza hori dela herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa izatearen seinale. Eta hori oso positiboa da”.

Hala ere, eskubide urraketa hauek, “ez dira nahitaez inoren borondate gaiztoz gertatzen: inertziaren indarra edo gure egoera sozilinguistikoaren konplexutasuna eta gabeziak daude, askotan, urraketa horien oinarrian. Konponbideak ditugu helburu, kexak ahalik eta ondoren eta bizkorren bideratu eta konpontzea. Herritarrek hizkuntza eskubidea urratu egin dela uste dutenean, jo dezatela, mesedez, ELEBIDEra”, egin du deia sailburuordeak.

2013. urtean guztira 359 intzidentzia jaso ziren (hauetatik guztietatik 10 ez ziren onartu, kexaren arrazoia ez baitzegoen lotuta hizkuntza eskubideekin), urteak aurrera egin ahal orduan eta gehiago. Urteko intzidentzia guztien % 50, hirugarren lauhilekoan jaso da. Lehenengo urtetik 2013ra, bi urteko tartetik tartera: lehenengo urtean baino % 44,7 intzidentzia gehiago izan dira 2013an eta, intzidentzia hauek aurkezteko bideei dagokienez, esan beharra dago, bide telematikoa –posta elektronikoa eta Elebideren webgunea- izan dela erabiliena (%94). Telefonoa edo posta arrunta oso gutxi erabili da, baina hauek ere zabalik egongo dira aurrerantzean.

2013. urtean, Elebide izapidetu diren 349 intzidentzietatik (onartu zirenak) % 87 kexak izan dira (304 kexa guztira), herritarren ustez euren hizkuntza eskubideak urratu direlako; 19 kontsulta (% 6); 18 iradokizun (% 5); eta 8 eskari (% 2) jaso dira guztira. Izapidetutako 304 kexetatik 296 kasutan (% 97), euskararen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketa, eta beste 8 kasuetan (% 3) gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.

Zazpi urteotako bilakaerari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu  euskara erabiltzeko eskubidea urratu dela salatzeko kexak direla nabarmen igo direnak, 6 urtean 196 kexa gehiago.

 

 

Gasteizen, 2014ko maiatzaren 14an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)