Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Tapia sailburua Txinara joango da aste honetan, automozio sektorearen aukera berriak aztertzera eta euskal enpresei zuzenean babesa adieraztera

2014.eko maiatzak 10

-      Bisitaren arreta gunea automobilgintzaren sektorea eta erakunde-arteko harremanak sendotzea izango da

 -      Egun, 187 euskal enpresa dago Txinan

 Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak zuzenean adieraziko die babesa Txinan kokatutako euskal enpresei. Horretarako, bost eguneko bisitaldia hasiko du datorren astelehenean, hilak 12, eta batez ere automobilgintzaren sektoreari eta herrialdeko eskualde garatuenetako erakundeekiko harremanak sendotzeari erreparatuko dio.

 Euskal ordezkaritza Txinan (nagusiki, Pekinen, Kunshanen, Zhangqiun eta Shanghain) kokatutako proiektu adierazgarrienetako batzuen liderrekin bilduko da; esaterako, Forjas Iraeta, Gestamp, Orkli, Orbea, Fagor Arrasate eta Ormazabal enpresetako ordezkariekin. Hala, haiekin bilduta, bertatik bertara jasoko du beren beharren berri; zein egoeratan dauden, zein diren beren erronkak, arazoak eta eragozpenak, eta, jakina, Eusko Jaurlaritzaren babesa eta errekonozimendua adieraziko die.

 Esan bezala, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak «Asiako erraldoira» egingo duen bidaiaren arreta gune nagusietako bat automobilgintzaren sektorea izango da. Izan ere, bidaiaren lehen egunean bertan, hilak 12, astelehena, Txinako BMW Groupeko zuzendaritzako kide gorenekin bilduko da enpresak Beijingen duen egoitzan.

 Ondoren, ostegunean, hilak 15, Shanghain SAIC Txinako automobilgintzako liderraren ordezkariekin bilduko da. Bi bilera horietan, sektoreko munduko liderrak diren multinazionalen negozio-ereduak, esperientzia eta ezagutza azalduko dizkiote sailburuari. Honek Eusko Jaurlaritzaren eta SAIC Estatuko enpresaren arteko harremanak sendotzea izango du xede, euskal enpresa hornitzaileei babesa eman eta ateak irekitzeko.

 Arantza Tapiaren eta bere taldearen bidaiaren beste arreta gune nagusia erakunde-arteko harremanak dira, bai sendotzeko, bai abian jartzeko, Zhangqiu, Jiangsu eta Kunshan eskualdeetan, esaterako. Indar ekonomiko handiko probintziak dira hiru horiek, baita euskal enpresa batzuen kokagune ere (Forjas Iraeta, Gestamp eta MCC Parkean kokatutakoak). Enpresa horiek dira Euskadiren enbaxadoreak eta gure ahalmen ekonomikoaren ordezkariak.

 Arantza Tapiarekin batera joango dira Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa, Kabineteko arduradun Jon Basterra, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta SPRI Taldeko Nazioartekotzeko zuzendari Miren Madinabeitia. SPRIk Txinan duen bulegoko zuzendari Mikel Yang arituko da laguntzaile gisa.

 187 euskal enpresa Txinan

 Txina izan da azken 5 urteetan, eta etorkizunean ere hala izango da, munduko lehentasunezko herrialde eta merkatu estrategiko nagusietako bat. Gure kasuan, euskal enpresen proiektu asko garatzeko kokagunea izan da; euskal enpresen atzerriko kokagune nagusia da, euskal enpresa gehiago dagoelako Txinan Mexikon, Alemanian, AEBtan, Brasilen eta Polonian baino.

 Egun, 187 euskal enpresa dago Txinan: 76k produkzio-jarduerak egin dituzte bertan, 68k merkataritzakoak eta 43k zerbitzuetakoak. Hala, Txina da euskal enpresen atzerriko kokagune nagusia. SPRIk herrialde hartan duen bulegoak euskal enpresen 183 proiektu lagundu ditu azken sei urteetan.

4 iruzkin
  • @Paloma_Ausin
    2014.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOT] Tapia viaja a China a explorar oportunidades en la automoción y reunirse con las empresas vascas implantadas ➡ http://t.c

  • @Spain_China
    2014.eko maiatzak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOT] Tapia viaja a China a explorar oportunidades en la automoción y reunirse con las empresas vascas implantadas ➡ http://t.c

  • @meiparragirre
    2014.eko maiatzak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOT] Tapia viaja a China a explorar oportunidades en la automoción y reunirse con las empresas vascas implantadas ➡ http://t.c

  • @CyberEuskadi
    2014.eko maiatzak 10

    Comentario de Twitter:
    "La ConsejeraTapia viaja esta semana a China para explorar oportunidades en el sector de automoción http://t.co/byOc6w330a

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Miren Madinabitia, SPRIko Nazioartekotze arduraduna