Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak begirunea eta erantzukizuna eskatu ditu 64 urtetik gorako pertsonen mugikortasun segurua lortzeko

2014.eko maiatzak 08

Jardunaldi profesionala Euskalduna jauregian: «Herritarren zahartzea eta bide-segurtasuna»

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafikoko Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailarekin elkarlanean, jardunaldi profesional bat egin du gaur goizean Bilboko Euskalduna jauregian herritarren zahartzeak bide-segurtasunari ekar diezazkiokeen ondorioak aztertzeko. 

«Bide-segurtasunaren subjektu aktibo gisa, portaera arduratsua izan beharraz jabetu behar dugu –adierazi du jardunaldia inauguratzean Eusko Jaurlaritzaren Segurtasuneko sailburu Estefania Beltrán de Herediak– Gaur adinaren gaia nabarmendu nahi dugu bereziki, gure autonomian eta bizi-kalitatean eragiten baitu, baita mugikortasunarekin zerikusia duten gaietan ere».

«Urte gehiagoz bizi gara (ia 84 urteko batez besteko itxaropena dute emakumeek eta 76 urtekoa gizonek), eta ez diegu uko egin nahi mugikortasun mekanizatu baten abantailei. Horregatik, azaldu du Beltrán de Herediak, Segurtasun Sailaren zirkulazio-kanpainaren goiburua gogoratu behar dugu: «No te atropelles, ez ezazu zeure burua jo». Eta elkarrenganako begirunea eta arreta eskatu behar ditugu elkarbizitzaren funtsezko printzipio gisa».

Bide-segurtasunaren arloko 130 profesionalen aurrean, Bide Segurtasunari buruzko Lege berria indarrean jarri izana gogorarazi du Segurtasuneko sailburuak. «Neurri batzuk gaitzetsi ditzakegu –esan du–, agian ez gaude guztiarekin ados, baina garrantzitsua da bide-segurtasuna bermatzeko helburua, gure kale eta errepideetako zirkulazio-istripuek duten eragin pertsonala eta soziala ahalik eta txikiena izaten saiatzekoa alegia, erantzukizunez geure egitea eta partekatzea. Horixe ere bada Trafiko Zuzendaritzaren eta Ertzaintzako zirkulazio-zerbitzuen funtsezko eginkizuna: prebenitzea eta gure bide-segurtasuna zaintzea».

Segurtasuneko sailburuak eta Gizarte Ekintzako foru-diputatu Pilar Ardanzak inauguratu dute jardunaldiak. EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera 2050ean euskal herritarren % 40 inguru 65 urtetik gorakoak izango direla nabarmendu du diputatuak.

Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok, halaber, erakundeek egiten duten kontzientziazio- eta prebentzio-lana nabarmendu du. «Oso garrantzitsu deritzogu adin-tarte horretan eragiteari bide-segurtasuna hobetzeko –adierazi du Trafikoko zuzendariak–. Ezbairik gabe, biztanleriaren piramidea alderantzikatzen ari da; hortaz, adin handiko gero eta auto-gidari, txirrindulari eta oinezko gehiago daude.» Hau ere gaineratu du: «Oso gogoan dugu Ertzaintzak bildutako datuen arabera, 2013an, 64 urtetik gorako 809 gidarik izan zituztela zirkulazio-istripuak Euskadin. Eta zirkulazio-istripuetan hildako 56 lagunetatik, 17k 64 urtetik gora zituzten.»

Bost hitzaldi eta eztabaida bat

Jardunaldia 9:15ean hasi da, agintarien aurkezpenarekin, eta 14:00ak arte iraun du.

Lehen zatian, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok 64 urtetik gorako pertsonen istripu kopuruari buruzko balantzea aurkeztu du. Ondoren, Matia Institutu Gerontologikoaren I+Gko zuzendari Javier Yanguasek «Gerontologia eta gidatzea Europan» hitzaldia eman du, eta Mapfre fundazioko Bide Segurtasuneko Institutuaren proiektuetako zuzendari Maria Jesús Gómez Luquek adinekoei eta bide-segurtasunari buruzko azterlan baten ondorioak ezagutarazi ditu.

Kafea hartzeko atsedenaldia egin ondoren, bide-segurtasunaren aldeko Fesvial fundazioaren proiektuen zuzendari Igancio Lijarciok istripu kopurua txikitzeko erronkei buruz aritu da, eta Zirkulazio Istripuak Prebenitzeko Elkarteko, P(A)T, zuzendari Eugenia Domenechek adinekoen zirkulazio-istripuaren prebentzioaren gaia jorratu du.

Amaitzeko eztabaida bati ekin diote gai hau oinarri hartuta: «Zer eragin du bide-segurtasunean herritarrak gero eta urte gehiago bizitzeak? Esperientziak», parte-hartzaile hauekin: Andoni Rekagorri Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioko eta Plangintzako zuzendari nagusia, Luis Murguía RACVNeko Mugikortasuneko eta Bide Segurtasuneko aholkularia, José Luis Elosua Nagusilan-eko presidentea eta Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Mendekotasunetako zuzendaria.    

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Ardanza