Berriak Lehendakaritza
Eu

Jonan Fernandezek memoriaren politika publiko baten alde egin du balioen gizarte bilgunerako plaza publiko bat erakitzeko

2014.eko maiatzak 07

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Memorien Europar Behatokiaren Nazioarteko 1go Solasaldian hartu du parte Bartzelonan, “Memoria eta boterea. Zeharkako ikuspegi bat” izenburupean.

Jonan Fernandezek “Memoriaren alteritateak eta eztabaidak Europan oraintsu izandako liskarretan” izenburua duen mahai-inguruan hartu du parte. Hor idazkari nagusiak zenbait gogoeta partekatu ditu eta esan du memoriaren gaineko politika publiko bat bultzatzeko beharrezko direla adostasuna, zeharkakotasuna eta aniztasuna, baita tradizio politikoen arteko  zenbait gutxieneko etiko eta demokratiko. Beharrezkotzat jo du, halaber, hainbat ezaugarriko indarkeria eta biktimen oroimena osatzea, parekatu eta gutxitu gabe, eta baldintzak sortzea memoria anitzen arteko elkarrizketa eta bizikidetza izan dadin.

Horrekin guztiarekin, Jonan Fernandezek Eusko Jaurlaritza memoria publikoaren alorrean burutzen ari den politika publikoaren premisa eta oinarriak azaldu ditu.

Ildo horretan, adierazi du EJren memoriaren gaineko politika publikoan bi oinarri batzen direla. Alde batetik, memoria demokratiko bat oroitzeko, gogorarazteko, partekatzeko eta transmititzeko erantzukizun etiko eta politikoa, memoria hori ezagutu, erabili eta nabarmendu dadin. Eta bestetik, memoria hori eratzeko, parte hartzea eta aniztasunaren adierazpena bideratzeko asmoa, kontakizun bakar eta zurruna ezarri nahi gabe.

Memoriaren politika publikoaren helburuei buruz, Jonan Fernandezen iritzian, lehenengo eta behin bideratu, sustatu eta adierazpidea eman behar zaio herritarren arteko elkarrizketa sortzaileari iraganean izandako gizarte eta politika esperientzia traumatikoei buruz. Horren bitartez, azken xedea da –esan du Jonan Fernandezek– balioen gizarte-bilgunerako plaza publiko bat eraikitzea dinamikoki eta eraginkor, berdintasun, askatasun eta demokrazia gehiago lortzeko.

Horrek guztiak –esan du– muga bakar bat baino ez du: zenbait gutxieneko demokratiko babestea, ezer baztertu gabe, jazoerak parekatu gabe, historia berridatzi gabe edozein gerra eta terrorismo, indarkeria edota giza-eskubideen urraketa legitimatzeko asmoz. Egia eta justizia helburu, giza duintasunaren balio gorenarentzat eta hortik eratorritako eskubide eta askatasunentzat baliagarria izan behar du.

Azkenik, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gogorarazi duenez, Euskadin memoriaren politika publikoei buruz irekita dagoen hausnarketa prozesuan, Eusko Legebiltzarra eztabaidatzen ari da Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutu bat sortzeko Legez Besteko Proposamen bat.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko