Berriak Osasuna
Eu

Polioa erauzita dago Euskadin

2014.eko maiatzak 05

Munduko zenbait herrialdetan polioaren kutsadurak areagotu egin direla-eta, gaur OMEk agindu duen munduko osasun-larrialdiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du gaixotasuna erauzita dagoela ofizialki Euskadin orain dela zenbait urte.

Osasun-agintaritzek gogorarazi dute, halaber, polioaren aurkako txertoa haurren txerto-egutegian dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoan, lau dosirekin (2., 4., 6. eta 18. hilabeteetan). Euskadiko haurren % 95ek baino gehiagok dute txertoa azken urteetan. Bestalde, 2009an Euskadin egin zen Seroprebalentzia Inkestaren arabera, gure populazioaren babes maila oso handia da, % 100etik gertuko balioekin. Horri esker, 1985ekoak dira Euskadin erregistratutako azken poliomielitis-kasuak, hain zuzen, txertatuta ez zeuden bi haurrenak.

Poliomielitisa erauztea

Poliomielitisa mediku, pediatra eta Osasun Publikoko agintariak betidanik gehien kezkatu dituen gaixotasun infekziosoetako bat da. Ezintasun iraunkorraren kausa nagusietako bat izan da, eta orain dela ez hainbeste urte, aldizkako izurriek alarma sortzen zuten herritarren artean, batik bat udaren atarian.

1953an, Salkek txerto injektagarriak lortu zituen, eta, 1963an, Sabinek aho bidezko txertoa aurkitu zuen. Horiek, bada, mediku-ikerketaren bi mugarri izan ziren. Zorionez, azken hamarkadetan eskura izan ditugu prebentzioko tresna eraginkor hauek, bai eta asko erabili ere, eta, horri esker, erabat aldatu da gaixotasunaren egoera. Gaur egun eta orain dela urte batzuetatik hona, poliomielitis paralitikoa ez da gaixotasun endemiko bat herrialde garatuetan.

Birus horren kontrako txertoa hartzeko programa ezarri ondoren, etengabe jaitsi da gaixotasun horren eragina.

Azken hamabost urteetan aurrerapen handiak egin dira, eta kasuak gutxitu dira: 1998an, 350.000 kasu estimatzen ziren, 2013an, berriz, 400 kasu jakinarazi dira. Gaur egun, txertoen programei esker, gaixotasuna ofizialki erauzita dago Ameriketako Eskualdean 1994an (Perun, 1991an), Mendebaldeko Pazifikoaren Eskualdean 2000an (azken kasua Kanbodian, 1997an) eta Europako Eskualdean 2002an (azken kasua Turkian, 1998an).

Nolanahi ere, azken hamarkadan moteldu egin da poliomielitisa erauzteko prozesua. Oraindik ere bada eremu endemikorik (Nigeria, Pakistan eta Afganistan), eta nazioartean hedatzen da aurretik poliomielitisik ez zuten lurraldeetan birusa dabilelako. Horietako batzuk liskarretan edo gerran daude, eta gaixotasuna mundu mailan erauzteko helburua atzeratu dute.

Poliomielitisari zaintza epidemiologiko berezia egiten zaio eta, gainera, haurrei txertoak jartzen zaizkie. Oinarrizko bi zutabe horiek gaixotasuna etorkizunean kontrolatu eta erauzi ahal izatea bermatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau