Berriak
Eu

Lehendakaria hiru diputatu nagusiekin bilduko da “euskal instituzioen jarduera bateratua” aztertzeko, krisiaren kontrako doikuntza-neurrien aurrean

2010.eko maiatzak 13

Bilera horren ostean, Lehendakaria Eusko Legebiltzarraren aurrean agertuko da, hartutako erabakiak azaltzeko

Eusko Jaurlaritzak “sakontasunez aztertuko ditu” Gobernu zentralak planteatutako doikuntza ekonomikoko neurriak eta Euskadin “izango luketen aplikazioa”, “kontuan hartuta gure autogobernuaren berezitasuna”. Horri begira, Lehendakariak bilera batera deituko ditu hiru diputatu nagusiak eta EUDELeko presidentea, datorren asterako, “euskal instituzio publiko guztien ekintza bateratua aztertzeko eta baloratzeko”. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Euskadiko egoera ekonomikoa “beste autonomia erkidego batzuetakoa baino hobea” dela eta Eusko Jaurlaritzak jadanik hartu dituela zenbait erabaki doikuntza ekonomikoaren ildo horretatik, kargura iritsi zenez geroztik, eta, hortaz, “lasaitasuna” eskatu die euskal hiritarrei. “Egoera zaila bada ere, gure ekonomiaren oinarriak sendoak dira eta Jaurlaritza ziur dago guztion artean krisi honetatik irtengo garela”, azpimarratu du. Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak garbi du egoera hau gainditzeko beharrezkoa dela “ahalegin konpartituak” egitea Europa osoan, eta, beraz, laguntzeko prest azaldu da.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak espero du planteatutako neurrien xehetasunak aztertu ahal izatea, Ministroen Kontseiluak bihar onartu ondren; hortik abiatuta, Lehendakariarekin biltzeko deia egingo die hiru diputatu nagusiei eta EUDELeko presidenteari, “euskal instituzio publiko guztien ekintza bateratua aztertu eta baloratzeko”. Bilera horretan hartzen diren neurriak Lehendakariak azalduko ditu Legebiltzarraren aurrean, berak eskatutako agerraldi batean.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea hedabideen aurrean agertu da Eusko Legebiltzarraren egoitzan; bertan azaldu du zein den Eusko Jaurlaritzaren jarrera José Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidenteak planteatutako neurrien aurrean.

Bozeramaileak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela laguntzeko, zeren eta, “krisia sortu dutenak langileak izan ez badira ere, Jaurlaritza jakitun da krisia gainditzeko beharrezkoak direla ahalegin konpartituak”; azaldu du, dena dela, euskal ekonomiaren egoera gainerako autonomia erkidegoetakoa baino “hobea dela”. “Kargua hartu zuenez geroztik, Jaurlaritza honek zenbait erabaki hartu ditu ildo horretan”, azpimarratu du Mendiak. Gainera, gogoratu duenez, aurrekontuek gastua murriztea aurreikusten dute, eta gauza bera gertatzen da sailetan ere, zeren lan-talde batek baliabideak berrantolatu eta berrasignatu baitzituen urtearen hasieran.

Euskadik zorpetze maila txikiena du, gainerako autonomia erkidegoen aldean: izan ere, bere zorpetze maila % 3,8 da, eta gainerakoen batez bestekoa % 8,2; gainera, bere sektore publikoak tamaina txikiagoa du: biztanleria aktiboaren % 11; gainerako autonomia erkidegoek, berriz, % 13 dute batez beste. Mendiak datu horiek nabarmendu ditu, gizarteari “lasaitasuna” eskatzeko. Segurtatu du, gainera, Eusko Jaurlaritzak “ahal duen guztia egingo duela desegonkortzera jokatzen duten merkatu arduragabeek sortutako kalteen ondorioak ez ditzaten soldatako langileek eta gainerako hiritarrek soilik ordaindu”. Bozeramailearen ustez, orain, neurririk onena “langabeziaren kontra borrokatzea da, gure enpresei laguntzen jarraitzea eta enplegua sortzen jarraitzea”.

Soldatak

Bozeramaileak oso zuhur agertu nahi izan du Gobernuko presidenteak soldatentzat proposatu duen % 5eko jaitsierak izan lezakeen ondorioa baloratzerakoan, zeren eta, bere ustez, badira zenbait aukera, nomina nahitaez murriztera eramaten ez dutenak. “Ikusiko dugu nola konkretatzen den, ea taularen arabera egiten den edo soldata-masa osoagatik; orduan, soldata-murrizketaz egongo ginateke hitz egiten”, azpimarratu du. Goi kargudunei dagokienez, Mendiak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak bi urtez izan dituela izoztuta bere goi kargudunen soldatak.

Iruzkin bat
  • 2010.eko maiatzak 13

    Espero que de esta reunión salga un compromiso para reducir los sueldos políticos. Hay que dar ejemplo, y no es de recibo que haya ayuntamientos cuyos alcaldes cobren millonadas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea