Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ikastolen Elkarteak ingurumenaren jasangarritasunerako proiektua garatu dute kanpoan egiten diren ekintzetarako

2014-05-03

Hiru erakundeek egin duten Ingurumenaren Jasangarritasunerako Proiektuaren helburua ingurumenarekiko jarrera jasangarriak eta jokaera erantzukizundunak sustatzea da  kanpoan antolatzen diren eta partaidetza handia izaten duten ekitaldi nagusietan.  Horrelako ekitaldien ospakizunak eragin handiak izaten ditu ingurumenean eta bitarteko natural asko kontsumitzen dira. Eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztearen ondoreetarako proiektuak ingurumeneko jasangarritasun irizpideak ezarri ditu. Datorren ekainaren 1ean Gernika-Lumon ospatuko den Ibilaldia 2014 ekitaldia proiektu honen ereduzko esperientzia moduan erabiliko da; proiektuaren leloa “Erronka Garbia” da.

 Eusko Jaurlaritzak, ingurumena kudeatzeko Ihobe sozietate publikoaren bidez,   Bizkaiko Foru Aldundiak, kasu honetan  Ingurumen Sailaren bidez, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen (EKE) federazioak lankidetza-gutun bat sinatu dute  kanpoan egiten diren  ekintza eta ekitaldien ingurumenaren jasangarritasunerako proiektu bat garatzeko.  Helburua, hala ekitaldi bat antolatzerakoan nola bertaratzen diren pertsonen jarreretan, jokaera jasangarriak sustatzea da, ekitaldia bera ospatu aurretik eta  ospatzen ari dien bitartean, zertarako-eta zerupean egiten diren ekitaldi nagusi horiek ingurumenean izaten duten eragina ahalik eta gehien murrizteko. Erronka eragin negatibo horiek  prebenitzea, kontrolatzea eta arintzea da.

 Datorren ekainaren 1ean Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatuta dagoen Gernika-Lumo herrian ospatuko den Ibilaldia 2014ren ospakizunak  proiektuaren ereduzko esperientzia moduan balioko du. Gutuna sinatu duten hiru erakundeek konpromiso desberdinak onartu dituzte helburu horretara iristeko:

 •           Eusko Jaurlaritzak, Ihobe, S.A. sozietate publikoaren bidez,  ingurumeneko eragin negatiboak aurrearretaz zaintzeko jarduketa-neurri zehatzetan egin du lan; halaber, bere ardura dira ingurumeneko eraginen ebaluazioa eta monitorizazioa.

•           Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Ingurumeneko Komunikazio eta Sentsibilizazio Planaren definizioa eta abian jartzea betearaziko du.

•           Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak (EKE) Ibilaldia 2014ren antolakuntzan jasangarritasun irizpideak integratzeko beharrezko neurri guztiak abian jartzeko konpromisoa hartu du.

 “Erronka Garbia”

 “Erronka Garbia” da ingurumenaren arloan hain garrantzitsua den proiektu honetarako sortu den ingurumeneko zigiluaren leloa. Erronka Garbia da. beraz, eta horrekin bat egiteko aukera izango dute euren ekitaldiak ezarri diren ingurumeneko irizpide horiek betez antolatzen dituzten izaki, erakunde, enpresa, elkarte edo partikular guztiek. Konpromiso hau onartuko dutenek  aintzatespena jasoko dute eta  euren ingurumeneko jarrera erantzukizunduna eta  eredugarria ziurtatzeko balio duen ingurumeneko zigilua erabiltzeko aukera izango dute. Hori da Ibilaldia 2014ren antolakuntzaren kasua.

 Logotipoan leloa, ERRONKA GARBIA,  eta kolore askotako lorea, sinboloa/piktograma daude. Bi elementu horiek, lorearen zurtoinaren bidez batzen direnak, logotipo bizia, dinamikoa eta optimista osatzen dute.

 Garbia hitzak motibazioa eta lortu nahi den helburua eskuordetzen ditu. Kanpainaren ardatz nagusia da eta horregatik ematen zaio lehentasuna. Lorearen petaloek helburu hori lortzeko derrigorrezkoak diren  jarduketa eta jarrera guztiak sinbolizatzen dituzte. Erronka berba indarra da, dinamismoa, energia, eta bi kontzeptuak biltzen dituen  inplikazioa.

  

Hamar bat ingurumenerako

 Proiektuaren barruan, halaber,  ingurumeneko jasangarritasunerako dekalogo bat egin da zerupeko ekitaldi batera joaten diren pertsona guztiak  sentsibilizatzeko eta ingurumenari dagokionez jasangarriak diren jarrerak errazteko. Dekalogo honetan alderdi hauek hartzen dira aintzat: ingurua, mugikortasuna, kontsumoa, hondakinak, ura, atmosfera, ondare kulturala, paisaia, natura eta balore sozio-ingurumenekoak.

 Ibilaldia 2014ra joango direnen artean jarrera jasangarria sustatzeko eta oinarri moduan dekalogo hori hartuta, jendearentzako mezu laburrak eta aholkuak egokitu dira, ingurumenari dagokionez   parte hartzeko jarraibideak,  offline  eta online komunikazio kanpaina baten bidez zabalduko direnak. Azpimarratu behar da zabalkuntzako flyer informatibo bat sortu dela era guztietako jendearentzat eta, halaber, helburu didaktikoekin, EAEko ikastetxeetan jarrera aholkuak zabaltzeko proposamen bat.  Komunikazio kanpaina horren barruan, aldi berean, bi bideoklip egingo dira,  bata mota honetako ekitaldietara joateko herri garraioaren eta garraio jasangarriaren erabilerari buruzkoa eta, bestea, hondakinen   kudeaketa eta minimizazioari buruzkoa. Bideoklip horiek egiteko Busturialdea-Urdaibai esparruan ezagunak diren eta ingurumenari dagokionez jasangarriak diren jarreretan inplikatuta dauden “ekoenbaxadore” batzuen lankidetza eskuzabala bilatu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko