Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Erabakia, 2014-2016ko Industrializiazio Plana onartzeko dena. (2014-04-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko apirilak 29

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 2014-2016 ALDIRAKO INDUSTRIALIZAZIO PLANA ONARTU DU, INDUSTRIA AURRERATUAN OINARRITUTAKO LEHIAKORTASUNA INDARTZE ALDERA

2014-2016 aldirako 575 milioi euroko aurrekontu propioa du, eta 2014an, aurrekontuz kanpoko 1.275 milioi euro bideratuko dira enpresa-proiektuak finantzatzera.

Euskadik industria berpiztearen alde egin nahi du, euskal ekonomian ekoizpen-ekonomiako gainerako sektoreengan izan duen eragile-eginkizuna berreskura dezan.

Eusko Jaurlaritzak plan berriak proposatzen dituen ekintzen % 80 inguru aktibatu du, gero eta nazioartekotuago dagoen industriari bultzada bizia eta berehalakoa emateko.

ETEen finantzazioa, fabrikazio aurreratua eta kudeaketa-eredu berrien bidezko berrikuntza teknologikoa, besteak beste, Industrializazio Plan berrian lehenetsitako ardatzak dira.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aurkeztu dute 2014-2016 urteetarako Industria Plana, Gobernu Batzordeak gaur bertan onartua eta Eusko Legebiltzarrera igorriko dena tramitatu eta eztabaidatu dadin.

Planak, 575 milioi euroko aurrekontu zuzkidura duenak 2014-2016 urteetarako, gure herriaren industri esperientzia hartzen du oinarritzat, uneko premia larrienei erantzuten die eta euskal industriaren etorkizuneko lehiakortasuna prestatzen du.

Araudiaren ikuspegitik, Industria Plan berriak jarraipena emango dio 2010-2013 Enpresen Lehiakortasunerako Planari, eta Eusko Jaurlaritzak 2014ko urtarrilean onartutako Enplegu eta Suspertze Ekonomikorako Programa Markoan kokatuta dago. Hala, bistan da Europako Batzordeak onartutako Horizon 2020 Programa Markoaren barruan ere kokatzen dela, non industri arloko lidergoa lehentasunezko ekintza-ildoa baita herrialde eta eskualde kideentzat.

Kontuan izanik azken 5 urteotan industriak nabarmen galdu duela euskal ekonomian zuen garrantzia, plan honek hainbat laguntza neurri aurreikusi eta konbinatu ditu, berriro suspertu daitezen krisi luze hau dela-medio zailtasunak izaten ari diren enpresak, eta eraldaketa politikak ere planifikatu ditu, industria aurreratu baterantz abiatu gaitezen; industria bat, merkatu globalean txertatuko dena, etengabeko berrikuntzaren aldeko apustua egingo duena eta eskaintzaren balio erantsia indartuko duena.

Kontuan hartuta nazioartean indarrean dauden industri arloko politikaren joera berriak, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Euskadik "bat egingo duela mundu mailako potentziek, hala nola AEBek, Japoniak edo Suediak, defendatzen duten berpizkunde industrialarekin. Herrialde horietan manufaktura industriaren aldeko apustua egiten dute, ahalegin horri esker sortutako lehiakortasunak eta enpleguak eragina izan dezaten herrialde mailan, gure kasuan Euskadin".

Aurreikusitako ekintzen %80 inguru jada hedatuta dago
2014-2016 Industrializazio Plana honela egituratua dago: 5 ekintza ardatz, 7 helburu estrategiko eta 20 ekintza-ildo.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak Plan berriaren edukia azaldu du eta azpimarratu du "Plan hau ez dela gaur sortua, badituelako iraganeko politika arrakastatsuen ezaugarriak, baina profil berri bat eta ñabardura berriak txertatu ditu, euskal industria eman beharreko jauzi horretara bideratzeko, eta profil eta ñabardura horiek dagoeneko hedatzen ari dira Industria sailburuordetzak SPRIrekin batera garatzen dituen politiken bitartez".

Era berean, Eusko Jaurlaritza jada hasi da planean aurreikusitako neurriak bultzatzen eta ekintzen %80 dagoeneko gauzatzen ari dira.

INDUSTRIALIZAZIO PLANA 2014-2016, PRENTSA TXOSTENA

2014-2016 Industrializazio Planaren helburu nagusia da euskal industriak merkatu globalean duen lehiakortasuna indartzea. Horretarako, enpresa proiektu bideragarriak berregituratu eta horien biziraupena bultzatuko du, industriak euskal ekonomian duen garrantzia mantendu eta berrindartuko du, industria-sarearen eskura dauden finantzaketa iturri eta tresnak dibertsifikatuko ditu, eta bizi dugun krisi egoera hau kontuan harturik, laguntza marko bat ezarriko du industria-sarearen gaitasun eta premiei egokiturik, berrikuntza teknologikoa nahiz ez-teknologikoa eta aukera handiko sektore berrietaranzko dibertsifikazioa sustatzeko.

Zazpi helburu estrategiko ezarri dira:

1. HELBURUA. Enpresa proiektu bideragarrien berregituratze eta biziraupen prozesuak bultzatzea.

2. HELBURUA. Industria-sarearen eskura jarritako finantzaketa iturri eta tresnak indartzea, dibertsifikatzea eta segmentatzea.

3. HELBURUA. Gaur egungo egitura aukera-sektore berrietarantz dibertsifikatzea.

4. HELBURUA. Enpresen jarduera handitzea, kontuan harturik ekimen ekintzaile berriak sortzeko dauden modalitate desberdinak, bereziki barne-ekintzailetza.

5. HELBURUA. Industriak euskal ekonomian duen garrantzia mantentzea eta berrindartzea eta enpresa produktiboen lehiakortasuna sustatzeko testuingurua sortzea. Horrela, industria produktiboak garrantzitsu izaten jarraituko du Euskadiko ekonomian, aberastasun eta enplegu eragile izango delarik.

6. HELBURUA. Politika energetikoaren garapena bultzatzea 3E2020 Estrategiarekin lerrokaturik.

7. HELBURUA. Giza kapitala garatzea eta bultzatzea enplegua sustatzeko eta enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko.

Helburu estrategiko horiei beste helburu batzuk ere gehitu behar zaizkie: I+G+b-ren aldeko apustuari eustea, euskal enpresen garapen sostengarria akuilatzea, Berrikuntza Teknologikoa eta Ez-teknologikoa sustatuz eta euskal ekonomia kanporantz gehiago zabalduz. Badira beste plan batzuk helburu horiek lantzen dituztenak: besteak beste, berriki onartu den Nazioartekotze Plana, Espezializazio Adimenduneko Estrategia, PCTI 2020 berriaren oinarriak edota Ekintzailetza Sustatzeko Erakunde Arteko Plana.

Aurreikusitako ekintzak jarduera ardatz batzuen bidez garatuko dira:
1. ETEen finantzaketa eta berregituraketa
2. Industri arloko proiektu estrategikoak bultzatzea
3. Industria aurreratua sendotzea
4. Testuinguru lehiakorragoa sortzea industria eta energia arloetan Giza Kapitala, edo pertsonen aldeko apustua.

Ekintza azpimarragarriak biltzen dituzten 20 lan-ildo
Hala, aipatutako ardatzei jarraiki eta ezarritako helburuak betetzeko, hogei lan-ildo zehaztu dira, eta ildo horietako bakoitzean ekintza espezifikoak finkatu dira; horietako zenbait 2013an hasi ziren, eta besteak beste aipatzekoak dira ondoko hauek:

1. ardatza. ETEen finantzaketa eta berregituraketa

Gaur egungo testuinguruan Eusko Jaurlaritzak laguntasuna eman nahi die enpresei, beren izaerari eta enpresa-zikloari egokitutako finantzaketa eta berregituraketa arloko konponbideak eskura ditzaten eta, bideragarriak badira, desagertu ez daitezen edo lehiakortasunik galdu ez dezaten horrelako mekanismorik ez izateagatik.

a) Zailtasunak dituzten enpresa bideragarriei berregituratzen laguntzeko ekintza koordinatua
BideratuBerria. Bideratu programa berreskuratu eta bultzatu da, egunean jarriz Europako ordenamenduaren eskakizunetan. BideratuBerria programarako deialdia maiatzean egingo da, proiektu bideragarria duten eta zailtasunak dituzten enpresetan ko-inbertitzeko tresna gisa.

b) ETEen finantzaketarako laguntza tresnak berrindartzea eta zabaltzea
284,3 milioi euroko finantzaketa eman da 1.745 operaziotarako.
4,9 milioi euro banatu ziren ez-ohiko abaletan eta beste deialdi bat egin da 2014ko maiatzerako.
Gauzatu Programa: 25,9 milioi euro berri banatu ziren 2013an 58 proiektu bultzatzeko; 678 lanpostu berri sortu ziren eta 1.489 mantendu ziren. 2014ko deialdia ekainean izango da.

c) Pertsonek enpresaren jabetzan parte har dezaten sustatzea
LANPAR Funtsa sortu da 2,5 milioi euroko zuzkidurarekin, langileek kapitalean parte har dezaten. Ekimena ASLE-rekin batera gauzatuko da.

2. ardatza. Industri arloko proiektu estrategikoak bultzatzea

Ekonomikoki suspertu nahi badugu industriaren bidez, suspertze horren eragile bihurtuko diren industria arloko proiektu berriak behar ditugu. Horregatik, bat egingo dugu Foru Aldundiekin, erakunde arteko ahaleginaren bitartez industri arloko proiektu berriak bultzatzeko eta proiektu horien bidez Euskadiko industria sareari tira egiteko. Jaurlaritzak bere eskura dauzkan zenbait tresna eta programa egokitu eta berrindartuko ditu proiektu horiek babesteko.

a) Finantza laguntzak arraste-indarra duten proiektuentzat eta herrialde proiektuentzat
Ekarpen programa eta SGECR funtsak garatzea, enpresa estrategikoen/herrialdekoen kapitalean aldi-baterako partaidetzak egiteko tresna gisa.
Eragin handia izango duten finantzaketako ekintza sektorialak ebaluatzea klusterrekin batera: RENOVE Makineria Programak hasierako igurikapenak gainditu ditu eta laster ebatziko dira 9,5 milioi euroko laguntzak.

b) Kluster politika berrindartzea, gure enpresa-sarearekiko lotura eta Jaurlaritzaren sustapen ekonomikoko ekintzen tresna biderkatzailea izan dadin
Hobeto lerrokatzea klusterrak eta industria planaren lehentasunak
Herrialde proiektuen inguruko lankidetza hobetzea sektore bereko edo sektore desberdinetako enpresen artean.
Gaur onartutako laguntzak Klusterrentzat. Gaur bi ebazpen onartu dira laguntzak emateko Lehentasunezko Klusterren eta Aurre-kluster gisa sailkatutakoen jarduerari. Lehenengoak 1,8 milioi euro banatuko ditu eta bigarrenak 0,6 milioi.

c) Garapen industrial eta teknologikoari laguntzea etorkizun handiko esparruetan Euskadiko Energia Erakundearen bitartez: ekonomia berdea - offshore eta smartgrid-ak (3E2020 - Energibasque). Ekonomia Berdea:
Bimep. Aipatzekoa da BIMEP proiektua oso aurreratuta dagoela eta uda honetan martxan jartzea aurreikusten dela.

Biomasa Arabako herrietan. Hemendik gutxira emango dugu ezagutzera EEEk eta HAZIk egin duten Biomasa Arabako herrietan proiektua. Biomasa plantak egiteko proiektu honen bidez ur beroa eta berogailua eramango zaie etxeetara eta eraikin publikoetara.

Energia aurrezteko eta eraginkortasuna lortzeko diru-laguntzak. 2013an 25 milioi euro bideratu ziren eta 20.000tik gora espediente subentzionatu ziren. 2014an ere jarraituko da programarekin eta deialdia uda hasieran egingo da.

d) Barne-ekintzailetzaren aldeko apustu diferentziala (PIPAEk onartua)
Prestatze fasean dagoen programa berria.
Programa berri, oso eta espezifiko bat diseinatuko da euskal enpresa industrialetan barne-ekintzailetza bultzatzeko eta 2014ko bigarren seihilekoan jarriko da martxan.

Barnekintzaile. 2014an ere indarrean dago barne-ekintzailetza proiektuei laguntzeko programa hau 630.000 euroko deialdiarekin. 2013an guztira 39 barne-ekintzailetza proiektu garatu ziren euskal enpresetan, aurreikusitako 25ak gaindituz.

3. ardatza. Industria aurreratua sendotzea (teknologian eta kudeaketan)

Gure enpresek gainditu egin behar dute puntako herrialdeetako enpresekin duten produktibitate etena, baldin eta balioaren esparruan lehiatu nahi badute eta ez kostuenenan. Enpresei lagundu behar diegu beren lehiakortasun palankak garatzen nazioarteko lehiaren testuinguruan. Ingurune horrek behartu egiten gaitu industri lehiaren maila berri batean sartzera, "manufaktura aurreratuaren" mailan hain zuzen.

a) Manufaktura Aurreratuko Estrategia transbertsala martxan jartzea
Eibarko FAZ berria sektore eolikorako. Aurkeztua. (martxan)
Zamudioko FAZ berria sektore aeronautikorako (berehala jarriko da martxan).

b) Enpresetan langileen parte hartzeari bultzada
Aipatutako Lanpar Funtsaz gain (martxan)
INNOBIDEAK estrategia (martxan)
- Innobideak-Lehiabide Programa: 52 proiektuk jaso dute estrategian eta bezero/merkatuetan berritzeko laguntza
- Innobideak-Kudeabide Programa: martxoan egin zen deialdia, kudeaketa-ereduak berritzeko proiektuei laguntzeko. 2,3 milioi euroko diru-laguntzak emango dira.

c) Enpresa azpiegituren sustapena: Fabrikazio Aurreratuen zentroak eta Bimep plataforma, bereziki.

d) Esportatzeko eta nazioartean zabaltzeko laguntzak indartzea
Nazioartekotze Plan berria (onartua eta martxan)
Sektoreei eta klusterrei laguntzeko ekintzak. Elkartzen programa: gaur onartu da 2014ko deialdia. 2013an 342 jarduera babestu ziren guztira, 32 Sektore Elkartek antolatuak. Besteak beste, aipatzekoa da laguntza eman zela 92 proiektuk stand bat jar zezaten atzerriko azoketan, eta baita ere zuzeneko 138 merkataritza misio eta alderantzizko 51 merkataritza misio gauzatzeko.

e) Espezializazio adimenduna bultzatzeko eta sare ekonomikoa aukera handiko sektore berrietara dibertsifikatzeko laguntzak
CVCTIk Espezializazio Adimenduneko Estrategia onartu du apirilaren 9n (martxan)

f) Euskal enpresen garapen sostengarria akuilatzea berrikuntza teknologiko eta ez-teknologikoko estrategien bitartez
CVCTIk onartuta dauzka apirilaren 9n PCTI 2020 berriaren oinarriak (martxan)

4. ardatza. Testuinguru lehiakorragoa sortzea industria eta energia arloetan

Gure industriak badu eragozpen bat nazioarteko lehiakideekin alderatuta, haiek baino energia kostu handiagoak dituelako. Horrela beraz, gure asmoa da gure politika energetikoaren garapenak bultzatu ditzala euskal enpresa-sarearen hazkundea, lehiakortasuna eta sostengarritasuna, aurrera eginez energia sistema lehiakor eta sostengarri baterantz.

a) Argindarraren araudi berriaren eragin negatiboa arintzeko neurriak
EEEren laguntza teknikoa etengarritasunaren nahiz ko-sorkuntzaren eragina jasango duten eta 6.1 tarifa (2013 amaieratik aktibatutako zerbitzua) baliatzen duten enpresentzat.

b) Politika energetikoa hedatzea eta egitura energetikoa berrindartzea
Gas naturalaren hornikuntza-sistema sendotzea eta energia eskaintza hobetzea (Treto-Bilboko gas-bidea eta Frantziarekin lotura martxan da.
Energia aurrezteko, eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko ekintza segmentatuak hedatzea; eraikin publikoetan energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko plana.
Eusko Jaurlaritzarako Energia Sostengarritasuneko Dekretua. Laster onartzekoa.

c) Tramite administratiboak arintzea eta jarraipena berrindartzea industria-guneetan
Sortu da Energia Eraginkortasuneko Ziurtagirien Erregistroa. 2013ko uztailaz geroztik 14.826 energia ziurtagiri erregistratu dira.
5/2014 Dekretu berria, igogailuen mantenimenduaren kontrolari buruzkoa (onartua eta indarrean)

5. ardatza. Pertsonen aldeko apustua / Giza Kapitala

Pertsonak dira enpresen funtsezko aktiboa. Bere 1, 2 eta 3. ardatzetan Industrializazio Planak hainbat lan ildo jasotzen ditu, giza kapitalaren gaikuntza eta dinamizazioa hobetzera zuzenduta daudenak, besteak beste, dagoeneko aipatu diren hauek: pertsonek enpresaren jabetzan parte har dezatela, barne-ekintzailetzaren aldeko apustu diferentziala eta antolakuntza eta kudeaketa eredu berriei buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza.

Ekonomiari eta aurrekontuei dagozkien alderdiak
2014-2016 Industrializazio Planaren aurrekontua zuzenean loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko aurrekontuekin eta haren ekimen anitzetan inplikatuta dauden sozietate publikoetakoekin (SPRI, EEE, Sprilur, Teknologi Parkeak, Arrisku Kapitaleko Sozietatea eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak).

Zehazki, Administrazio Orokorrak eta haren menpeko erakundeek 187 milioi euroko aurrekontua bideratu dute Plan honentzat 2014an. Asmoa da etorkizunean inbertsio ildo berari eustea, eta hipotesi hori kontuan hartuta, Plana 2014-2016 aldirako estrapolatzen badugu 575 milioi euro inguruko zuzeneko aurrekontua esleitu beharko litzaioke.

Administrazio Orokorraren 2014ko aurrekontua lehen azaldutako tresna eta ekintzetan gorpuzten da eta horiekin batera Industriari laguntzeko aurrekontuz kanpoko 1.275 milioi eurotik gorako baliabideak eskainiko dira, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatuak, partaidetuak edota kudeatuak (eta aurrekontu ekarpenetan oinarritzen direnak, esaterako, Finantzen Euskal Institutuari egiten zaion zuzkidura).

ETEentzako zirkulatzailearen finantzaketa hitzarmena Elkarrekiko Berme Sozietateekin, 600 milioi euroko zuzkidura duena; ETEentzako finantzaketa hitzarmena finantza erakundeekin, 400 milioi euroko zuzkidura duena; Luzaro kreditu parte-hartzaileak eta Socade bidez eginiko maileguak, 160 milioi euroko zuzkidurarekin; ETE trakziogileentzako abal estrategikoen programa, 100 milioi euroko zuzkidurarekin, Itsas-Bermeen Funtsa, Eusko Jaurlaritzak eginiko 14,6 milioi euroko ekarpenarekin eta Lanpar Funtsa, 2013an eginiko 2 milioi euroko zuzkidurarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau