Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, zerbitzuen kontratazioko jardunbide egokiei buruzko jarraibideak onartzen dituena. (2014-04-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko apirilak 29

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK ZERBITZUAK KONTRATATZEKO JARDUNBIDE EGOKIEN JARRAIBIDEAK ONARTU DITU

Kontratu guztiak, edozein zenbatekotakoak direla ere, Kontratuen Erregistro Publikoan erregistratu beharko dira herritarrek nahi dutenean kontsulta ahal izan ditzaten.
Administrazioaren eta Euskadiko sektore publikoa osatzen duten erakundeen baliabideak erabiltzearen alde egin da, zerbitzuak esternalizatzea baztertuta.
Hainbat irizpide eman dira, Eusko Jaurlaritzak sustatutako etika, gardentasun eta gobernantza alorreko irizpideekin bat ez datozen jardunbideak saihesteko.

Gobernu-kontseiluak gaur onartu ditu Zerbitzuak kontratatzeko jardunbide egokien jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde guztietan aplikatu beharko direnak.

Jardunbide horiek Eusko Jaurlaritzak gardentasunarekin eta gobernu onarekin duen konpromisoaren erakusle dira. Horren erakusle, testuak argi jasotzen du kontratu guztiak, edozein zenbatekotakoak direla ere, kontratazioaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren Kontratuen Erregistro Publikoan erregistratu beharko direla, argitaratuta eta guztion esku izan daitezen. Horrela, herritarrek hala nahi dutenean kontsultatu ahal izango dituzte.

Gainera, onartutako jarraibideekin Eusko Jaurlaritzak pauso bat gehiago eman du herri-administrazio modernoago, arrazionalizatuago eta eraginkorrago baten alde.

Testuan jasota dagoenez, lehentasuna izango du administrazioaren baliabideen erabilerak (giza-baliabideak eta materialak), eta, era berean, behar arrunt eta iraunkorrak, laguntzakoak edo osagarriak direnak salbu, ez esternalizatzeko konpromisoa hartu da.

Gainera, zerbitzua kontratatzea ezinbestekoa den kasuetan, jarraibideetan ezarrita dago zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzak sustatutako etika-, gardentasun- eta gobernantza-irizpideekin bat ez datozen jardunbideak.

Kontratuetan berme-klausulak ere ezarriko ditu Administrazioak kontratatutako enpresak edo bertako langileek hitzartutako betebeharrek bete ez izanak eragindako zigorrei aurre egiteko.

Enpresa esleipendunek langileen betebehar soziolaboralak egunean izateko konpromisoa bete beharko dute: negoziazio kolektiboa, soldaten ordainketa, kotizazioak, prestazioak, zerbitzuak, baimenak, eta abar.

Administrazioak ezingo du hautatu esleipendunak zein langile bideratu behar duen zerbitzua betetzera. Langile horien gaineko antolaketa- eta zuzendaritza-eginkizunik ere ezingo du bere gain hartu.

Kontratatutako enpresak bere lantaldeko kide izango den pertsona bat, gutxienez, izendatu beharko du Administrazioarekin izan beharreko harremanen koordinatzaile edo arduradun gisa. Pertsona horrek izango du lanen ardura eta bera izango da bai Administrazioarekin bai kontratuaren betearazpenarekin lotutako pertsona guztiekin izan beharreko harremanetarako edo/eta komunikazioetarako solaskidea.

Kontratatutako enpresentzat lan egingo duten langileek enpresaren instalazioetan egin beharko dute lan. Zerbitzuak Euskadiko Herri Administrazioan modu jarraituan eskaintzekoak badira, behar hori justifikatu egin beharko da eta langile horiei sektore publikoko langileengandik bereizitako lan-eremuak eskaini beharko zaizkie.

Esleipendunaren langileek ezingo dute inola ere ez kalte-ordainik zein pizgarririk jaso Administrazioaren aldetik.

Kontratatutako enpresa arduratu beharko da zerbitzua gauzatzeko kontratatutako langileei beharrezko baliabideak emateaz. Herri Administrazioaren baliabideak erabiliko dira, baldin eta zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko bada.

Bai kontratua indarrean den bitartean bai behin amaituta dagoenean ere, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotako jarduera guztiak aurrera eraman ahalko ditu kontratuaren hasierako planteamendua eta bere betearazpena honako jarraibide hauek errespetatuz burutu direla egiaztatzeko.

Une honetatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko erakundeetako kontratazio-arloan gaituta dauden langileei prestakuntza-saioak eskainiko dizkie, jardunbide egoki hauen ezagutza zabaltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau