Berriak Osasuna
Eu

12 eta 13 urte arteko ia 11.600 gaztek ez erretzeko konpromisoa hartu dute, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kerik gabeko gelak ekimenaren bidez

2014.eko apirilak 29

Gazteek beren bizitzako etapa horretan erabaki osasungarriak eta seguruak hartzeko halako ekimenek duten garrantzia nabarmendu du Jon Darpón Osasuneko sailburuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 138 ikastetxetako DBHko lehen eta bigarren mailetako 11.550 ikaslek (1.948 Araban, 5.232 Bizkaian eta 4.370 Gipuzkoan) ez erretzeko konpromisoa hartu dute ikasturte honetan Kerik gabeko gelak programan parte hartuta, aurreko ikasturtean baino ia 2.200 gehiago. Programa hori ikastetxeetan tabakismoa prebenitzeko ekimen bat da, Europar Batasunak sustatua, eta Euskadin Osasun Sailak eta Osakidetzat garatzen dutena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin koordinaturik; halaber, bestelako erakunde eta eragile sozialak barnean hartzen dituzten beste esku-hartze komunitario batzuk ere baditu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak xedatzen duen moduan (Osasun Sailaren datozen urteetarako bide-orria), herritarren osasunak eta ongizateak zeharkako politikak eta pertsonen osasunean eragin dezaketen aktore eta erakunde guztien sinergiak eta elkarreraginak behar dituzte ezinbestean.

Kerik gabeko gelak programa Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko gazteei (12 eta 13 urte) zuzenduta dago, Osasun Sailaren datuen arabera, adin horrekin hasten baitira tabakoa kontsumitzen. «Gazteak eta nerabeak Osasun Sailaren hartzaile-taldeen artean lehenetsita daude, haien garapen onena eta osasungarria bermatu behar duelako, eta, ildo horretatik, Kerik gabeko gelak eta antzeko programek beren bizitzako etapa garrantzitsu horretan erabaki osasungarriak eta seguruak hartzen laguntzen diete», adierazi du Osasuneko sailburu Jon Darpónek. «Ikasleek ez erretzeko hartzen duten erabakiaren eta konpromisoaren erantzukizunean eta konfiantzan oinarritutako programa da, eta helburu nagusitzat tabakoaren kontsumoa saihestea edo tabakoa kontsumitzen hasteko adina atzeratzea du», azaldu du Osasuneko sailburuak. 

Ikasturte osoan, ikasleek tabakoari buruzko zenbait jarduera gauzatu dituzte, tabakoaren kontsumoa saihesteko, ikaskideen presioari aurre egiten lagunduko dieten tresnak ikasteko eta erretzea ezohikoa eta kaltegarria dela ulertzeko. Horretarako, material didaktikoa, prestakuntza eta programaren arduradunen babesa dituzten tutoreen laguntza izan dute.

Aurreko edizioetan bezala, lehiaketa bat antolatu da, eta ikasgela parte-hartzaileek tabakismoa prebenitzeko kamiseta bat diseinatu du, marrazki eta hitz edo esaldi batekin. Programarekin bat egin duten ikastetxeek lurralde bakoitzeko kamiseta irabazlea aukeratuko dute, eta ez erretzeko konpromisoa hartu duten ia 11.600 ikasleei emango zaie.

Kamiseta irabazlea maiatzaren 30ean jakinaraziko dute, eta orduan banatuko dituzte sariak, maiatzaren 31n Tabakorik gabeko munduko eguna baita.

Prebentzio programei buruzko azterlanen arabera, ikastetxeetan tabakismoa prebenitzeko ekimenei esker, gerora erretzaile bilakatzen diren gazteen kopurua murriztu egiten da.

Azken urteetan, erretzen ez dutela esaten duten ikasleen kopurua (12 eta 19 urte bitartekoak) handitu egin da, % 51,4tik % 67,9ra, eta tabakoa kontsumitzen hasteko batez besteko adina 17 urtekoa da (azken Euskadi eta Drograk txostenaren arabera).

Kerik gabeko gelak programaren informazio guztia, helburuak, parte hartzeko moduak, izena emateko eskaerak, ikastetxeentzako baliabideak eta abar, Osakidetzaren webgunean aurki daitezke.

 

 Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Nkn63
    2014.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @ezkerraldea_enk: Casi 11.600 jóvenes de 12 /13 años se han comprometido a no fumar dentro de la iniciativa clases sin humo http://t.co

  • @crisdomirico
    2014.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @ezkerraldea_enk: Casi 11.600 jóvenes de 12 /13 años se han comprometido a no fumar dentro de la iniciativa clases sin humo http://t.co

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)