Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Gregorio Monrealentzat 2013-Ko Euskadi Ikerkuntza Saria

2014.eko apirilak 28

2013ko Euskadi Ikerkuntza Saria Gregorio Monreal Zia historialari eta legegizonak irabazi du, epaimahaiaren erabakiz. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzutea duten bost ikerlarik osatutako epaimahaiak Gregorio Monrealen aldeko ebazpena jakinarazi du, aurtengo edizioan aurkeztutako 12 hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak sarituari berari jakinarazi berri dio ebazpena, telefono bidez.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, horien lanak oso eragin positiboa baitu Euskadin. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arlorako egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. 40.000 euroko diru-kopurua du Euskadi Ikerkuntza Sariak.

Gregorio Monreal Zia (Etaiu, Nafarroa, 1942) Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian Katedradun Emeritua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bere irakasle lanik handiena ere unibertsitate horri eta Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) lotuta garatu du.

Deustuko Unibertsitatean Ikasia eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean doktoratua, estatuko  hainbat unibertsitatetan izan da irakasle (Valladolid, Extremadura nahiz Madrilgo Complutensean), baina batez ere, Deustun, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Nevada-Renoko Unibertsitatean eta Paris XII-n ere irakasle gonbidatu jardun du. Eusko Ikaskuntzako presidente izan zen 1992 eta 1996 artean, eta Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Unibertsitate-Institutuaren sortzaile eta zuzendari zientifikoa ere izan da.

1981-1985 tartean UPV/EHUko errektore izan zen. Bere agintaldia funtsezkoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate sistema modernoaren oinarriak ezartzeko. Azpimarratzekoa da aldi horretan ikerkuntzak izan zuen bultzada.

Monreal irakaslearen curriculum vitae zientifikoan, lau ikerketa ildo nagusi nabarmentzen dira. Lehenik, euskal lurralde historiko penintsularretako erakunde politiko-administratiboen historiari eskainitako ikerketa. Bigarrenik, iturrien edizio kritikoan egindako lana. Zeregin honetan, The Old Law of Bizkaia lana da nabarmentzekoa, ingelesez argitaratua eta Bizkaiko Jaurerriko Zuzenbidea nazioartean ezagutarazi duena. Hirugarren ikerketa lerroan, XIX mendeko euskal foralitatearen krisiaz eginiko lanak aurkitzen dira, eta azkenik, euskal pentsamendu politiko tradizionalaren historian eginiko ikerketa ezin ahaztu. Monreal irakasleak buruturiko ikerketa lanari esker, Euskal Zuzenbide Historikoaren ezagutzan mugarria ezarri da, bai eta egungo autonomia-ordenamenduaren aplikazioan ere.

Monreal irakaslearen lanean, epaimahaiak aitortu du Euskal Herriko ikasketa historiko eta juridikoen berrikuntzan hark egin duen aparteko ekarpena. Bere ikerketetan, Gregorio Monrealek azalera atera du euskal erakunde publikoen garrantzia, herri baten nortasunaren erakusle gisa, eta mendeetan zehar iraun duen parte hartze eta askatasun espirituaren erakusle gisa. Era berean, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du Monreal irakasleak eginiko ekarpena, Euskadiko jakintza eremu guztietan lehen mailako ikerketa erraztuko zuten baldintza sozialak garatu ahal izan zitezen. Era horretan, UPV/EHUk bere sorrerako helburuak betetzea posible egiten da.

 

Bilbon, 2014ko apirilaren 28an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau