Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari eskatu dio Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma arautzen duen LOMCE-ren erregelamenduaren zati bat indargabetzeko

2014.eko apirilak 28

·         Hilabeteko epean Espainiako Gobernuak ez badu horrelakorik egiten, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positibo bat aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, Gernikako Estatutuan hezkuntza arloan jasotako eskumenak urratzeagatik. 

·         Eusko Jaurlaritzak, gainera, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko estatu-idazkariaren ebazpen baten aurkako errekurtsoa ere jarriko du ikasleei Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzten dituelako LHko zentroak. 

Espainiako Gobernuari Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duen otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren artikulu batzuk, eskumenik ezagatik, indargabetzeko eskatzea onartuko du bihar Gobernu Kontseiluak, aurreikusitakoaren arabera.  Eusko Jaurlaritzaren ustez ikasgai guztien edukietan, helburuetan, ebaluazio-irizpideetan eta ikaskuntza-estandarretan esku hartzeko Euskadik dituen eskumenak ez ditu errespetatzen Espainiako Gobernuak.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren iritziz Espainiako Gobernuak muga gainditu du Lehen Hezkuntzaren oinarrizko curriculumaren erregulazio xehekatua egitean, praktikan eragotzi egiten baitio Euskal Autonomia Erkidegoari berezko hezkuntza-politika garatzea.

Hala, Espainiako Gobernuak, esate baterako, xehe-xehe arautu ditu enborreko ikasgaien edukia, ebaluazio-irizpideak eta ikasteko estandarrak, eta ondorioz, indargabetu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoak haien edukiak taxutzeko ahalmena. Berariazko ikasgaiei dagokienez, guztiz baldintzatuta gelditzen da haien edukiak zehazteko ahalmena. Gauza bera gertatzen da konfigurazio askeko ikasgaiekin; izan ere, berezko hizkuntzan eta literaturan izan ezik, hezkuntza-administrazioaren ahalmena garrantzirik gabeko posizio batean gelditzen da.

Gainera, Espainiako Gobernuak ikasleak Lehen Hezkuntzaren amaieran ebaluatzeko probak eta irizpideak finkatzeko eskumena ere hartu du beretzat. Kontzepzio monopolista horrek talka egiten du hezkuntza-sistema zehazteko eta ebaluatzeko EAEk duen ahalmenarekin.

Espainiako araudiak, bestalde, xedatzen du berezko hizkuntzak eta literaturak gaztelaniaren eta literaturaren tratamendu bera izango dutela. Eusko Jaurlaritzaren iritziz hori gehiegikeria onartezina da, euskara ikasgaia arautzea EAEren eskumen esklusiboa baita, eta EAEk baino ezin ditu ezarri koofizialtasunaren irismena zein euskarak irakaskuntzako ikasgai eta hizkuntza gisa duen agerpena. Espainiako Gobernuak muga ere gainditu du hizkuntza eta literatura koofizialaren ikasgaia nola eta noiz ebaluatu behar den ezartzen duenean.

ESKUMEN GATAZKA POSITIBOA

Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen eskaeraren bidez honako artikulu hauek indargabetzeko eskatuko zaio Espainiako Gobernuari:

·         3.1 a) 1., 2. eta 3. eta 3.1 b) 6. eta 7.,

·         4. eta 5. eta I. eta II. eranskinak,

·         8.4, lehen lerrokada, azken tartekia, 

·         12.4, lehen lerrokada, azken tartekia,

·         eta bosgarren xedapen gehigarria, 1. eta 2. paragrafoak.

Espainiako Gobernuak entzungor egiten badio errekerimendu honi, edo berau baztertzen badu, otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Araudi bat denez, «Eskumen Gatazka Positibo» bat (Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 63. art.) aurkeztuko da konstituziokontrakotasun-errekurtsoaren ordez (azken hau Lege eta Lege Dekretuen kasuan erabiltzen da). 

2014KO ERASMUS BEKAK

Jaurlaritzak, bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtso bat ere jarriko du –bigarren urtez jarraian– Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko estatu-idazkariaren ebazpen baten aurka, ikasleei Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzten dituelako LHko zentroak.

2014ko otsailaren 14ko ebazpen horrek, «Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparruko Zentroei Unibertsitateetako, Goi Mailako Irakaskuntzako eta Goi Mailako Prestakuntza Zikloetako Erakundetako ikasleentzat ekarpen osagarriak ematen dizkienak», ikasleei 2013-2014 ikasturtean Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzten ditu, berriro ere, Lanbide Heziketako zentroak.

Espainiako Gobernuak aurrekontu-murrizketak argudiatu ditu hori egiteko, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziz zentro horiek gainerakoen aldean diskriminatzea dakar, justifikazio edo arrazoi juridikorik gabe.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)