Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak herritarrak zahartzeari eta bide-segurtasunari buruzko jardunaldia antolatu du

2014.eko apirilak 25
Datorren maiatzaren 8an, Euskalduna jauregian
 
Datorren maiatzaren 8an izango da «Herritarrak zahartzea eta bide-segurtasuna» jardunaldia, Bilboko Euskalduna jauregian, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Trafikoko Zuzendaritzak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Izen-ematea doakoa da (www.seguridadvialeuskadi.com).
 

«Herritarren zahartzea gero eta nabariagoa da Euskadiko gizartean –esan du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Gure lan-arloan,, kontuan hartzeko faktorea da bideen erabiltzaileen adina gero eta handiagoa izatea. Horregatik antolatu dugu jardunaldia, adinak istripu kopuruan eta tasan duen eragina aztertzeko».

Ertzaintzak bildutako datuen arabera, 2013an, 64 urtetik gorako 809 gidarik izan zituzten zirkulazio-istripuak Euskadin. Eta zirkulazio-istripuetan hildako 56 lagunetatik, 17k 64 urtetik gora zituzten.

«Gure ustez, prebentzio-lana oso garrantzitsua da  –gehitu du Garbiñe Sáez Molinuevok-, eta, horregatik, 64 urtetik gorako herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko hainbat kanpaina egin ditugu. Gainera, administrazioen arteko lankidetza ezinbestekotzat jotzen dugu».

«Herritarren zahartzea eta bide-segurtasuna» jardunaldia erakundeen arteko lankidetzaren adibide bat da. Izan ere, Eusko Jaularitzako Segurtasun Sailak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin batera.

Bost hitzaldi eta mahai-inguru bat

Jardunaldia 9:15ean hasiko da, agintarien aurkezpenarekin, eta 14:00ak arte iraungo du. Bide-segurtasuneko adituek bost hitzaldi emango dituzte eta mahai-inguru bat egongo da.

Lehen zatian, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok 64 urtetik gorako pertsonen istripu kopuruari buruzko balantzea egingo du. Ondoren, Matia institutu gerontilogikoko Ikerketa eta Garapeneko zuzendari Javier Yanguasek «Gerontologia eta gidatzea Europan» hitzaldia emango du, eta Mapfre fundazioko Bide Segurtasuneko Institutuko proiektuen zuzendari María Jesús Gómez Luquek adinekoen eta bide-segurtasunari buruzko azterlan baten ondorioak azalduko ditu.

Kafea hartzeko atsedenaldia egin ondoren, bide-segurtasunaren aldeko Fesvial fundazioaren proiektuen zuzendari Igancio Lijarciok istripu kopurua txikitzeko erronkei buruz arituko da, eta Zirkulazio Istripuak Prebenitzeko Elkarteko, P(A)T, zuzendari Eugenia Domenechek adinekoen zirkulazio-istripuaren prebentzioaren gaia jorratuko du.

Amaitzeko, «Zer eragin du gizakiek gero eta urte gehiago bizitzeak bide-segurtasunean? Esperientziak» mahai-ingurua izango da, ondoko partaide hauekin: Andoni Rekagorri Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioko eta Plangintzako zuzendari nagusia, Luis Murguía RACVNeko Mugikortasuneko eta Bide Segurtasuneko aholkularia, José Luis Elosua Nagusilan-eko presidentea eta Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Mendekotasunetako zuzendaria.   

Izena emateko eta informazio gehiago ikusteko: www.seguridadvialeuskadi.com

 

 

OHARRA: Mesedez, aipatu iturria: Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)