Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik euskal portuak leheneratzeko lanen aurrerapena nabarmendu du

2014.eko apirilak 25
  • «Administrazioek plangintza ona egin dugu, eta batera lan egin dugu; horrela gauzak hobeto egiten dira»

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, denboraleek kaltetutako euskal portuetako leheneratze-lanak eta jarduerak «eraikuntza-kalitatearekin egiten ari dira, eta denbora-epe arinarekin. Horri esker, denboraldian hondartzak erabili ahal izango dira, bai eta arrantza- eta kirol-azpiegiturak ere hurrengo denboraldian, plangintza ona egin dugun seinale».

 Neguan euskal kostaldea astindu zuten denboraleetako azkenetik ia bi hilabete igaro direnean, Ana Oregik portuen egoera errepasatu du, eta «Bermeoko kai-murruaren lanen aurrerapena, Donostiako kaiko urpeko zimenduen leheneratzea, Zumaiko hondoko lur eta hareak kentzeko lanak eta Orioko lanak» nabarmendu ditu batik bat.

 «Horiei gehitu behar zaie gure eskumenen barruan –esan du Oregik– gainerako portuetan egindako jarduerak eta udalenak, foru-aldundienak edo Estatuko Kostenak diren ondasunen suntsiketakoak. Erakunde bakoitzari dagokio horiek konpontzea, bere garaian Eusko Jaurlaritzak gidatu zuen koordinazioaren barruan».

 Kosten Zerbitzuak Lekeitioko, Mundakako eta Ondarroako portuetan dragatzeko eta harea jaurtitzeko baimena eman ondoren, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarriko da lan horiek egiteko esleipena duten enpresekin eta APPplus enpresako segurtasun eta osasuneko koordinatzaileekin, beharrezko lan-zentroa ireki dezatela eskatzeko, bai eta lanok egiteko administrazio-izapideak hasteko ere.

 «Joan den neguko denboraleak itzelak izan ziren, eta, ondorioz, zenbait portutako sakonerak nabarmen gehiago txikitu dira, zehazki Lekeition, Mundakan, Ondarroan eta Deban», esan du Oregik. «Ondarroako eta Mundakako portuetako nabigazio-kanaletako hareak kenduko dira, eta arlo honetan eskumena duen ministerioko Kosten zuzendaritzak adierazitako puntuetan jarri. Mundakan, 5.300 m3 dragatuko dira (617, 2013an); Lekeition, 30.600 m3 (4.580, 2013an); Ondarroan, 25.000 m3 (ez da mantentze-dragatzerik egiten); eta Deban, 6.000 m3 (hemen ere ez da egiten urteko mantentze-dragatzerik). Lekeitioko, Mundakako eta Debako lanak Drasemar enpresak egingo ditu. Ondarroako dragatze-lanak egiteko eskaintza lehiakorrena, berriz, Aldamiz enpresarena izan da. Dragatze-lanak egiteko aurrekontua 600.000 euro ingurukoa da.

  

Bizkaiko portuak

 Bizkaiko portu-azpiegituren urpeko guneetan, ontzien amarratze-elementuak, aingurak, lurpeko euskarriak eta abar daude ainguratuta. Gainera, denboraleak hondora arrastatu dituen elementu guztiak berreskuratu behar izan dira: defentsak, karelak, harlanduzko ertzak eta abar. Plentziako, Armintzako, Bermeoko eta Mundakako portuetako urpeko ikuskaritzak OLATU enpresak egin ditu –Bermeon du egoitza–.

 Plentzia

Pantalanetako kalteak beste toki batzuetakoenak baino txikiagoak izan dira, eta leheneratzeko kontratu orokor batean sartu dira Armintzakoekin batera. Gauzatze-prozesuan dago.  San Balentin dikeari dagokionez, TECNOAMBIENTE enpresak martxoaren 16an egin zuen ikuskaritza, eta azken txostenaren zirriborroaren arabera, ondo eutsi dio eta ez du kalte nabarmenik jasan.

 Armintza

Armintzako kirol-portuan, pantalanetako orgak igarotzeko metalezko gidari eta zutabeen altuera handituko da; izan ere, azken denboraleetan egiaztatu ahal izan dugunez, ibilbidea ez zen nahikoa, olatuen indar eta altueraren eraginez, ur gaineko plataformak atera egin baitziren, eta muga-konoak eta orgetako bat puskatu.  Konponketa Bidezain enpresak egingo du, eta 19.750 euroko kostua izango du. Bestalde, bost enpresaren eskaintzak baloratu ondoren, ipar-dikeko kalteak konpontzeko lana Rekalde enpresari esleitu zaio. Lanen zenbatekoa 21.700 eurokoa da, BEZa kanpo. Honako hauek dira konpondu beharrekoak: granitozko ertza, lauzen inpostak eta kokotearen karela, bai eta eskaileretako eta paramentu bertikaletako hutsune eta kalteak ere. Txorrope pasealekuan ere antzeko lanak egingo dira. Maiatzean zehar amaituko dira.

 Bermeo

Otsailean gehienbat berehala babesteko egindako obren ostean, INHA ingeniaritza-enpresak martxoan lan egin du konpontzeko eta sendotzeko irtenbideak kalkulatzeko eta zehazteko. Irtenbide horiek oinarri hartuta, ekin diete dagoeneko olatu-hormako dikearen kokotean izandako kalteak berreraikitzeko lanei.

Kontradikeari atxikitako kaia (Xixili kaia izenekoa) konpontzeko lanak ere kontratatu dira. Hormigoizko lauzak mugitu zitzaizkion, eta hormigoizko geruza konpresorea altxa. Ondorioz, ezin da merkataritza-atrakaleku gisa erabili. Konponketa Galdakaoko Valeriano Urrutikoetxea enpresak egingo du, eta 15.000 euroko kostua izango du.

 Martxan dira, halaber, Frantxuako kokote berria definitzeko lanak. Ingeniaritza-enpresak dagoeneko entregatu ditu definizio geometrikoa eta azken denboraleetan antzemandako olatu-altuerarekiko erresistentzia bermatzen duten errefortzuak. Orain, azpiegitura berri honen arkitektura- eta hirigintza-integrazioan lanean dihardute. Klimatologia dela-eta, uneko murrua baino metro bat alturagoa izan behar du. Hirigintza-konponbidea Bermeoko Udaleko teknikariekin eta taldearekin landuko da.

 Bestalde, Esteyco ingeniaritza-enpresa, Mundakako bi arkitektoren laguntzarekin, Frantxuako lonjak berreraikitzeko proiektua definitzen ari da. Hala, gure arrantzaleen lan-ingurua duinduko eta hobetuko duen ekipamendu bat definitu nahi da. Eskaerei erantzunez, autogarbitu daitekeen komun bat instalatuko da, eta, gainera, multzo guztiaren instalazio elektrikoa hobetuko da. Frantxuako lonjak antolamendutik at badaude ere eta arrantza-dartsenara eramango badira ere, beharrezkoa da aurrez hainbat agente eta erabiltzaile mugitzea, eta hori zaila da. Horrexegatik, konpondu egingo da.

 Aurretiko urrats gisa, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren Zuzendaritzak arrantza-dartsenara eramango du izotz-fabrika. Horretarako, arrantza-lonja handitzeko lehiaketa ebazten ari da. Proiektu horren barruan, izotz-fabrika berri bat definituko da uneko lonjaren ondoan, bai eta arrantza-kutxak eta -ontziak garbitzeko instalazio bat ere, Osasun Sailaren eskakizunei erantzunez –arraina gortzeko kutxak behar bezala garbitzea eta leku babes batean biltegiratzea eskatzen dute–. Uneko izotz-fabrikaren eraikinean une honetan arrantza-dartsenan egiten diren eta Portuzarrera eraman behar diren jarduerak egingo dira etorkizunean, kirol- eta aisia-jarduerak direlako. Lehiaketa maiatzean ebatziko da.

 Mundaka

Mundakan, portuko elementu txikiak –eskailerak, buiak eta ainguratze-elementuak– daude konpontzeke. Hain zuzen ere, ahalik eta azkarren abiaraziko diren dragatze-lanen ondoren konponduko dira.

 Elantxobe

Lauki eta Amilibia enpresak ari dira Elantxobeko portuko instalazioen konponketak egiten, 25.000 eta 13.000 euroko zenbatekoarekin, hurrenez hurren.

 Lekeitio

Lekeitioko kalterik handiena sakonera-falta da. Gainera, TYPSAk 2011n idatzi zuen Lazunarriko malekoia berreraikitzeko proiektuaren eguneraketa amaitu da, eta eskaintza egingo da. Lanak urrian hasiko dira, bainu-denboraldia amaitzen denean.

 Ondarroa

SAITEC ingeniaritza-enpresak joan den astean entregatu zuen hondartzako kai-murruko muturra birgaitzeko proiektua. Horren arabera, egin beharreko lanak 652.987 eurokoak dira. Premiazko konponketa denez, mota honetako lanetan egiaztatuta dauden hainbat enpresari eskatuko zaie beren eskaintzarik onena aurkezteko. Egin beharreko lanek zortzi bat hilabeteko epea dute, eta lanak ahal bezain azkar hastea da asmoa, eguraldi ona aprobetxatzeko. Nolanahi ere, lanak Udalarekin uztartu beharko dira, kamioien-joan etorria eta hondartzara doazen pertsonen eta ibilgailuen joan-etorria bateragarria izan dadin.

 Bestalde, erritmo onean doaz Ondarroako arrantza-lonja berriaren proiektua definitzeko lanak. Horri esker, bada, beharrezko ekipamendua izango du Kantauriko arrantza-deskargarik handiena duen portuak. 

Basea Ondarroan duen Juan Antonio Rodriguezek urpea ikuskatzeko lanak egin ditu Ondarroako, Lekeitioko eta Elantxobeko portuetan.

 

Gipuzkoako portuak

 Hondarribia

Oliden eta Urbicolan enpresek Hondarribiko hondartzako eta Butron pasealekuko kai-murruko baldosak konpondu zituzten, 2.000 euroko zenbatekoarekin. Interlimeneko hegalaren kontsolidazioari dagokionez, Eptysa ingeniaritza-enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiak exijitutako eskakizunak sartu diru azken konponbidean, Higerreko itsasargira heltzeko errepidea kontsolidatzeari dagokionez. Horrekin guztiarekin tartean dauden lau erakundeen arteko akordio ekonomiko eta teknikoa ahalbidetuko duen konponbide adostua lortu nahi da.

 Donostia

Donostian, AMILIBIA enpresa kirol-dartsenako pantalanak konpontzeko eta berriak jartzeko lanak egiten ari da. Bestalde, CIOMAR enpresa portura heltzeko bi sarbideetako harri-hormak berritzen ari da. Lanok 300.000 euro balio dute gutxi gorabehera, eta zereginetako bat bi dikeen murruen zimenduak kontsolidatzea izan da.  Hego-kaia itxita dago, beraz, zoladurak eta karelak berritu badira ere dagoeneko; izan ere, oinezkoek sarbideetan jarritako aldamioetara sartzea saihesteko modurik onena da, eta, beraz, beren segurtasuna bermatzekoa.

 Nautikoko igarobidea konpontzeko lanak erabat amaitu dira. Epea aurreikusitakoa baino handiagoa izan da, Japonian ekoitzitako egur sintetiko bat jarri delako. Ez da antzeko beste batzuk baino garestiagoa, eta ondo egiten die aurre izpi ultramoreei, eta, ondorioz, egokitzat jo da material horren hornidura jaso arte itxarotea.

 

Orio

TYPSA ingeniaritza-enpresa Orioko kontradikea berreraikitzeko proiektua amaitzen ari da. Proiektuak aurreikusten duenez, gainera, azpiegitura hori indartu egingo da. Lanok 1,5 milioi euroko kostua dute gutxi gorabehera. Bestalde, saregileen eraikinera sartzeko errepidea itxita dago oraindik ere. Luizi gehiago egoteko arriskua dago oraindik ere, eta geologoek ingurura ez gerturatzeko gomendatzen dute (oinezko eta arrantzazale ugari ibili ohi dira inguruan). Luiziak eta mugimenduak amaitu zain gaude, egoera baloratzeko, eta erabakitzeko ezpondari eutsi behar zaion edo errepidea desbideratu behar den.

 Getaria

Getarian, Gurutze Gorriaren salbamendu-basearen eraikina birgaitzeko lanak hasi dira. Echaide enpresak du esleipena, eta 13.000 euroko kostua dute. Aurreikusten denez, maiatzaren 15ean amaituko dira lanak. Egun horretan, THOLOren zabalgunea konpontzen jarraituko du, eta horretarako beste bi aste beharko ditu.

Gaztetape hondartzara heltzeko arrapalako lanak Oliden enpresari esleitu zaizkio, eta maiatzaren 5ean hasiko dira. Baranda konpondu behar da, bai eta harrizko karela berreraiki ere. Lanek 4.800 euroko kostua dute. Ketarriko leihatearen konponketa JAMSAR enpresari esleitu zaio, 6.000 euroko kostuarekin, eta dagoeneko abian diren beharrezko administrazio-izapideak amaitu ondoren hasiko dira lanak.

Garbigunea berreraikitzeari dagokionez, denboraleen kaltea saihesteko, babestuago dagoen beste toki batera eramatea baloratzen ari gara.

 

Zumaia

Zumaian, Moyua eraikuntza-enpresa errodadura-bidea eta babes-dikearen barne-bizkarra berrezartzeko lanak egiten ari da, 260.800 euroko zenbatekoarekin.  Oraindik ere berritzeko dago hareharriz egindako karelaren zatia, udalerritik gertuen dagoen tokian, hormarriak itsasora erori zirelako, eta urpekariak berreskuratzen ari dira, berriro jarri ahal izateko. Portuan dragatze-lanek jarraitzen dute, Playa de Ris atunontzia Balenciaga ontziolatik atera ahal izateko. 2.000 m3 inguru dragatu dira dagoeneko, estimatzen ziren 10.000 m3-etatik.

  

Deba

Deban, Urkia enpresari esleitu zaio ezkerraldeko baranda konpontzeko lana, eta pantalanetara heltzeko argiak konpontzekoa, berriz, Sarasua enpresari.  Aurki, pantalanetako ainguralekuak konponduko dira (6.000 euro), bai eta ezkerraldeko dikearen zolata ere (10.000 euro).

 Mutriku

SESTRA ingeniaritza-enpresak Mutrikuko dikera heltzeko bidea urbanizatzeko proiektua amaitu du, eta, horren arabera, lanek 200.000 euroko kostua dute. Mota honetako lanetan egiaztatuta dauden zazpi enpresa deituko dira esleipenera. Lanak hondartzarako sarbidearekin koordinatu beharko dira.  Itsasoko baliza-argien konponketaz Almarín enpresa arduratu da, eta 1.066 euroko kostua izan du.

 Gainera, Zumaitik hartutako harea bota da Mutrikuko hondartzetan. Harea horrek kezkatuta zituen herritarrak, kolore iluna duelako, baina esan behar da botatako hareak Aztiren kontrol eta berme guztiak dituela, eta besterik gabe urpeko hareen berezko kolorea duela, eta kalitate onekoa dela.

Honela egiten dira lanak:  9:00etan, Zumaiko sarbidean jartzen da draga. Kargak 50 minutu inguru irauten ditu.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)