Berriak Segurtasuna
Eu

Ez da hildakorik izan euskal errepideetan Aste Santuan

2014.eko apirilak 24

Aurreikuspenak bete dira: iaz baino ibilgailu gehiago ibili dira errepideetan

Zirkulazio-istripuen ondoriozko hildakorik gabe amaitu da Aste Santuko operazioa euskal errepideetan, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenak bete dira; hots, ibilgailu gehiago ibili dira errepideetan. Iaz ere ez zen hildakorik izan data hauetan, eta zirkulazio-dentsitatea txikiagoa izan zen.

Heriotza-tasak ez ezik, istripu-tasak ere iaz baino datu hobeak erregistratu ditu, bilakaera positibo orokorra berretsiz; izan ere, istripuen kopurua jaitsi egin da. 2013an, 107 izan ziren (23 biktimekin eta 84 biktimarik gabe) eta aurten, berriz, 70 (21 biktimekin eta 49 biktimarik gabe).  

«Bigarren urtez jarraian, ez dugu zirkulazio-istripuen ondoriozko hildakorik izan gure errepideetan –adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Eskerrak eman nahi dizkiet gidariei ibilgailu-zirkulazio handiko egun hauetan autoa hartzerakoan izandako konpromisoagatik, eta eskatu nahi dut urtean zehar ere kontuz eta errespetuz gidatzen jarraitzea».

Iazko Aste Santuko egunekin alderatuta, aurten ibilgailu gehiago erregistratu dira Trafiko Zuzendaritzak dituen kontrol-puntu guztietan. Hori bereziki nabarmena izan da AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan. Erregistratutako ibilgailu-kopuruen datuen lehen analisiak baieztatzen duenez, % 16,72 igo da. Bide-sareko gune hori izan da, halaber, auto-ilara handienak erregistratu dituena; batik bat, apirilaren 17ko goizean. 13:00etan, 13 kilometroko ilarak izan ziren.

Aste Santuko operazioan arazoak izan ohi dituzten beste bi puntuetan (Armiñongo lotunea eta A-8 errepidea, Kantabriara bidean) ere ibilgailu gehiago ibili dira, baina igoera ez da hain nabarmena izan. Armiñongo lotunean, % 4,5 ingurukoa izan da eta auto-ilarak txikiak izan dira (1,5 kilometro apirilaren 16ko arratsaldean eta 2-3 kilometro 17ko goizean). A-8 errepidean, Kantabriara bidean, zirkulazioa handia izan zen eta 6 bat kilometroko ilarak erregistratu ziren asteazken arratsaldean, 18:30ean Muskizen hiru autok izandako istripu baten ondorioz.

Itzulera-operazioan, ilarak txikiagoak izan dira. A-1 errepidean, Irunera bidean, zirkulazio handia erregistratu da, ibilgailu ugari zeudelako eta euri asko ari zuelako. Kantabriako mugan, berriz, ez da ilara nabarmenik erregistratu.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @autoescuelago
    2014.eko apirilak 25

    Comentario de Twitter:
    Semana Santa sin víctimas mortales en las carreteras de Euskadi - http://t.co/Fwy8PBt8vN vía @Irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)