Eusko Jaurlaritzak informazio grafikoa hobetu eta udal mapak egiteko diru-laguntzak emango ditu. (2014-04-15(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
LABURPENA
Honako mapa-bisorearen laguntza eskaintzen da: www.geo.euskadi.net
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntzak eskainiko dizkie egungo informazio geografikoa hobetuz udal mapak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalei. Helburua interes orokorreko datuen bilketa eta digitalizazioa sustatu eta hedatzea da, betiere mapak paperean inprimatzeko aukera baztertu gabe.
Ana Oregi sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak udal mapa digitalak egiteak eragindako gastuak ordaintzea helburu duen agindu bat onartu du. Horrez gain, udalerriaren mapa paperean argitaratzeko aukera gehigarria ere aurreikusten du aginduak. Mapa topografiko batean tradizionalki irudikatutako elementu guztiak bildu, berrikusi eta lokalizatu beharko dira, jaso beharreko gutxieneko elementuak toponimia, kale-izendegia eta interes publikoko zerbitzu, instalazio eta hiri elementuak izango direlarik.
Udal webgune bakoitzak bildutako informazioa bere mapa-bisore korporatiboa erabiliz argitaratuko du, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzaren Herri Lan eta Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzaren www.geo.euskadi.net mapa-bisorea baliatuz. Azken bisore hori udal bakoitzaren webgunean sartzeko gaituta dago.
2014ko ekitaldirako deialdiak 210.000 euroko aurrekontua du eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak udal mapa digitalak egiteak eragindako ordainsariak dira, betiere mapok paperean argitaratzeko aukera kontuan izanik. Aurrez esan bezala, mapa topografiko batean tradizionalki irudikatutako elementu guztiak bildu, berrikusi eta lokalizatu beharko dira, mapok jaso beharreko gutxieneko elementuak toponimia, kale-izendegia eta interes publikoko zerbitzu, instalazio eta hiri elementuak izango direlarik. Diru-laguntza ez da inolaz ere 12.000 euro baino gehiagokoa izango.