Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Bizkaiko Meatzaldeak informazio publikorako aldia hasi du, Biotopo Babestu izendatu aurretik

2014.eko apirilak 14
  • 45 egunez, Peñas Negraseko Interpretazio Zentroak zentroari berari buruzko datuak eskainiko ditu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bizkaia/Metzaldea meatze-eskualdea biotopo babestu izendatu aurreko informazio publikorako aldia hasi du. Aldizkari Ofizialak gaur eman du argitara dekretu-proiektua onartu aurreko publikotasun-iragarkia, audientzia eta informazio publikoaren izapidea abiarazten duena.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «dekretu-proiektuak administrazioen eta ingurumena babestea xede duten irabazi asmorik gabeko elkarteen audientzia-izapidea abiarazi du, eta, era berean, berrogeita bost laneguneko informazio publikorako aldia hasi da».  Ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako alegazioak eta ekarpenak aztertuko dituzte, proiektuan alderdi berriren bat sartzeko aukera emanez.

Denbora-tarte horretan guztian, proiektuaren dokumentazioa kontsultagai egongo da Peñas Negraseko Interpretazio Zentroan (Zugaztieta basobidea-Muskiz 1,6 km, Ortuella), hala nola Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoetan.

XX. mendearen hasiera aldera arte, burdina-zainak ustiatu izan zituzten Bizkaiko ipar-mendebaldean, eta, horregatik, Meatzalde esaten zaio eskualde horri. Ustiapenaren ondorioz, oso paisaia berezia sortu zen, paregabea EAEn, meatzaritzaren ondareari eta, zehazki, meatzaritzaren kultura-ondareari dagozkion balioak dituena. Alde horretatik, Alta de Galdames edo Grumeran mendiaren ingurua da adierazgarrienetakoa.

Paisaiaren ikuspegitik, arloaren egitura karstikoa toki askotan azaltzen da (torkak, iturriak, hobiak…), eta nabarmenenak orratzezko lapiazak dira; lur azpian, berriz, haitzulo ugari dago, EAEko dentsitaterik handienetakoa baitugu bertan. Ingurumen eta Lurralde Politika Saila prestatzen ari den dekretu honek unitate integratutzat hartzen du lurraldeko sistema karstikoa. Aukera paregabea da hori unitate geomorfologiko osoa (bai endokarsta, bai lurrazala) kontuan hartuta egiteko plangintza eta prozesuak nahiz harremanak batera aztertzeko.

Karst-a alde batera utzita, burdina ateratzeko ireki ziren orbainek hortxe diraute; eta horiexek dira, izan ere, alderdi honek duen paisaia-erakarmenik handienetako bat. Burdinazko zainen egiturak, kareharrien egitura bera denak, oso paisaia berezia sortu du: mehatzetako ebaki izugarriak, burdinazko zainak ateratzean sortuak. Sistema karstikoaren balioa apartekoa da eta, horregatik, beharrezkoa da hura babesteko araubide bat ezartzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)