Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

LOMCEREN hizkuntzen Errege Dekretua ez da Euskadin aplikatuko

2014.eko apirilak 13

Cristina Uriarte sailburua eta Wert ministroa Madrilen elkartu dira gaur arratsaldez, bitariko bileran

Behin betikoa da dagoeneko. LOMCEren hizkuntzen Errege Dekretua Euskadin ez da aplikagarria izango. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 27ko bileran jaso zuen lehen konpromisoa, paperean idatzia gelditu da.  Horretarako, Ministerioak hasierako erredakzioa aldatuko du, Euskadin izan zezakeen aplikagarritasunaz zalantzak eta segurtasun eza sortzen zituen Errege Dekretuaren erredakzioa hain zuzen ere. Hezkuntza konferentzian eta bilera teknikoetan hainbat bilkura izan ondoren, gaur arratsaldez aldebiko bilerak, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren artekoak, behin betiko akordioa ekarri du.

Hezkuntza Ministerioaren egoitzan burutu den bileran, Ministeriotik Jose Ignacio Wert ministroa bera eta Monserrat Gomendio Estatu Idazkaria izan dira. Cristina Uriarte  Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin, eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetakoarekin izan da.

Erredakzio berriak argi uzten du,  Errege Dekretua ez dela aplikagarria izango, honako kasu hauetan:  gaztelania gutxienik ikasgai batean –Lengua y Literatura Española ikasgaiaz gain- irakas-hizkuntza duten eta diru publikoz finantzatzen diren hezkuntza sistemetan, gure hezkuntza sistema kasu. Hizkuntza ereduen gure  sisteman, B eredua izatearekin soil-soilik nahikoa da baldintza hori betetzeko.

Ministerioak propio onartu du, eta idatziz egin du gainera, hizkuntza ereduen gure sistemak  nahikoa bermatzen duela gaztelaniazko hezkuntza-eskaintza. Gertaera honen ondorioek, Errege Dekretuak izan zezakeen eragina gainditzen dute
Eusko Jaurlaritzak akordio hau positibo jotzen du, arrazoi askogatik. Lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoa eta gure hezkuntza sistema LOMCE garatzen duten lehen arauetako batetatik libre gelditzen direlako.  Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak lege horren kontrako jarrera irmoa du, bai printzipioetan eta baita artikuluetan ere.  Lege horren konstituzionaltasuna erabat dago zalantzan, eta arrazoi horregatik, Auzitegi Konstituzionalean errekurritua izan da. Hainbat arlotako eskumenak urratzen ditu, hizkuntzaren arlokoak tartean direla.
Bigarrenez, pozgarria da euskal hezkuntza sistemari segurtasun juridikoa ematen diolako. Hasierako erredakzioak zalantza eta segurtasun eza besterik ez zuen sortzen.

Hirugarrenik, euskal hezkuntza sistemak gaztelaniazko eskaintza nahikoa bermatzen duela argi gelditu denez, Eusko Jaurlaritzak espero eta desio du, hizkuntzaren auzia hautsak harrotzeko erabili dutenen kritika interesatuak  behin betiko desagertuko direla, arrazoirik gabe argudiatu baitute euskal hezkuntza sisteman ez dela gaztelaniazko hezkuntza behar beste bermatzen. Orain Ministerioak berak onartzen du Eusko Jaurlaritzaren jarrera, eta kontrakoari eutsi diotenak gezurtatzen ditu.

Laugarrenez, Errege Dekretu honen bidez zehaztuta gelditzen da, gaztelaniaren erabilerak irakas-hizkuntza merezimendua izango duela, era proportzionatuan, bi ikasgaitan: Lengua y Literatura Española eta beste ikasgai bat.

Joan zen martxoaren 27an Ministerioa eta Autonomia Erkidegoen artean izandako bileran, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak erredakzioa aldatu beharra defendatu zuen, gaur arratsaldez gertatu den aldaketa. Aurreko hartan, Errege Dekretuaren erredakzioa berraztertzeko aurre-konpromisoa jaso zen. Eusko Jaurlaritzak nahiago zukeen berariazko xedapen gehigarri bat gehitu izan balitz, Errege Dekretua Euskadin aplikatuko  balitz ere –dagoeneko gertatuko ez dena- Kontzertu Ekonomikoaren kontra egin ez zezan. Nola nahi ere, akordio honekin Eusko Jaurlaritzak lortu du, Errege Dekretua Euskadin aplikatzea galarazteko beharrezko berme juridikoa.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JJauregizar
    2014.eko apirilak 14

    Comentario de Twitter:
    LOMCEREN hizkuntzen Errege Dekretua ez da Euskadin aplikatuko http://t.co/sFT31kF3FF

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)