Berriak Osasuna
Eu

‘BBK Bizi’ programak ostatua eskainiko die Gurutzetako ospitalean patologia larriekin dauden haurren familiei

2014.eko apirilak 11

Ospitaleratuta dauden haurrak beren familiekin egon daitezen laguntzeko programa da hau, Centro BBK Sarriko eraikinean ostatu hartu ahal izango baitute

Bizkaitik kanpo edo ospitaletik urrun bizi diren eta garraiobide egokirik ez duten familiak baliatu ahal izango dira zerbitzuaz

Ekimen hau erakunde hauen lankidetzaz sortu da: BBK, Vitalitas —Centro BBK Sarriko eraikina kudeatzen duena— eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea —apartamentuak esleitzeko lehentasun-irizpideak bideratuko dituena—

BBK-k bi apartamentu jarriko ditu Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dauden haurren familientzat, betiere Bizkaitik kanpo edo ospitaletik urrun bizi direnentzat, haurrak ospitaleratuta dauden bitartean beren familiekin egon daitezen eta familia-harremanei eusteko.

Horixe da BBK-k martxan jarri duen ‘BBK Bizi’ programaren helburua, eta, horretarako, Deustuko auzoan (Bilbon) dagoen Centro BBK Sarriko eraikineko instalazioak erabiliko ditu. ‘BBK Bizi’ programan onartutako familiek zentro moderno honetako apartamentu berrietan egoteko aukera izango dute. Etxebizitzek 50 metro karratu dituzte, eta sukalde hornitua, logela bat, egongela eta komuna dituzte.

Lankidetza-hitzarmena hiru erakundeetako arduradunek sinatu dute: Gorka Martínez Salcedo BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria, Santiago Rabanal Retolaza Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari gerentea eta Carlos del Campo Vidaurrazaga Vitalitaseko kontseilari delegatua. Hitzarmen horren arabera, bi apartamentu lagako dira Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dauden pediatriako pazienteen familientzat.

‘BBK Bizi’ programan, Vitalitas-ek Centro BBK Sarriko eraikineko kudeatzaile gisa hartuko du parte; Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, bestalde, ostatu-aukera horren berri emango die ospitaleratuta dauden haurren familiei, eta lehentasuna emango die Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziako unitate den patologiak dituzten pazienteei.

Antolaketa eta sartzeko irizpideak
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko osasun-langileek emango diete aukera honen berri ospitaleratuta dauden haurren familiei, betiere beste probintzia batean edo ospitaletik urrun bizi direnei. ‘BBK Bizi’ programak lehentasuna emango die ospitaleratze pediatrikoko eremuetan patologia larriekin ospitaleratuta dauden haurren familiei.

Centro BBK Sarriko eraikinean leku librerik badago, han ostatu hartzeko aukera izango dute eguneko ospitalera edo ospitaleko beste zerbitzu batzuetara —hala nola erradioterapia— egunero joan behar duten haurrek, bai eta erreferentziako ospitaletik hurbil egon behar dutenek ere.

Behar hori askotan planteatu da, baina orain arte Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak ez du aukerarik izan familiei halako gizarte-laguntza handia eskaintzeko. Ongi frogatuta dago haur gaixoei on egiten diela beren familiarekin egoteak, eta oso garrantzitsua da hori betetzea bizitzaren lehen egunetatik hasita.

Egoera horren garrantziaz jabetuta, eta erantzukizun sozialaren ildoari jarraikiz, BBK-k, Gurutzetak eta Vitalitasek sinergiak sortu dituzte beren xedetik bertatik edo izateko arrazoitik harago doan programa batean, eta zerbitzu baliotsu bat eskaini diote gizarteari, haurren kolektibo bereziki zaurgarriarekiko konpromisoa hartuz.

Proiektuari buruzko informazio guztia, web-orrialde honetan: www.bbkbizi.es.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau