Berriak Segurtasuna
Eu

Ehun mila esku-orri banatu ditu Ertzaintzak etxeetako lapurretei aurrea hartzeko gomendioak zabaltzeko

2014.eko apirilak 11

Delitu-mota honi aurre egiteko neurrietako bat da ekimena

Azken urtean etxeetan egindako lapurretek gora egin dutela eta, hainbat ekimen abiarazi ditu Ertzaintzak horiek gerarazteko. Prebentzio-patruilak ugaritzeaz eta ikerketa-lanak sendotzeaz gain, ehun mila esku-orri banatuko zaizkie herritarrei, arriskua murrizteko prebentzio-gomendioak zabaltzearren. EAEko udalerri guztietan banatuko dira esku-orriak, baina ahalegin berezia egingo da azken hilabeteetan halako ekintzak gehien pairatu dituztenetan.

Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak joan den martxoaren 14an Legebiltzarrean azaldu bezala, nabarmen behera egin dute delituek azken urtean EAEn: 2013an ia bi mila delitu eta falta gutxiago izan ziren, hiru lurraldeak batera hartuta. Kopuru horretan, deigarria da ondarearen kontrako delituen (lapurretak eta) beherakada. Halakoak delitu eta falta guztien bi heren izan ohi dira urtero, baina 2013an mila gutxiago izan ziren, gutxi gorabehera.

Haatik, badira azken urteetan besteak adina urritu ez diren delitu batzuk, eta horietako bat da, hain zuzen ere, ondarearen kontrako zigortzeko moduko delituetako bat, etxebizitzetan egindako lapurretak dira. 2013an gora egin zuten zertxobait (3.353tik 3.393ra, % 1,19 gehiago).

Ertzaintzaren ekimenak

Arazo horri aurre egiteko, prebentzio-patruilak ugaritu eta ikerketa-lanak sendotu egin ditu Ertzaintzak. Horrez gain, bestelako neurri osagarriak ere ari da aplikatzen, neurri handi batean herritarrak arrisku larri hori dela eta sentsibilizatzekoak direnak.

Iaz, Bilboko ertzain-etxeak esku-orriak banatu zituen postontzietan, aldamioetatik sartuta egiten diren lapurreten arriskuaz jabearazteko. Durangokoak eta Gernikakoak, berriz, baserrietan triptikoak banatu zituzten, landa-lurrean gertatu ohi diren lapurreten berri emanez.

Aurten beste neurri bat abiarazi da, oraingoan orokorragoa (EAEko udalerri guztietan egingo baita): ehun mila esku-orri banatuko dira etxebizitzetako lapurreten kontrako prebentzio-neurrien berri emateko. Horrelako lapurretak gehien gertatu diren udalerrietan hedatuko da batez ere dokumentua, eta hainbat gomendio eta aholku praktiko eta xume ematen dira bertan, auzoek beren burua babestu ahal izan dezaten eta delitugileei lana eragotzi.

Zenbait bide erabiliko dira esku-orriak banatzeko, ertzain-etxeetatik beratik nahiz udalen eta udaltzaingoen laguntzaz.

Arriskuarekiko sentsibilitatea eta alerta bizilagunek berek gara dezatela lortu nahi da ekimen horren bidez, hartara, neurri xume batzuk hartuta, delituen kopurua urritu ahal izan dezaten. Horrez gain, praktikan ikusi da horrelako gomendioak publikoki banatze hutsak areagotu egiten duela herritarrek Ertzaintzari dei egiteko eta, maiz, ikerketarekin zerikusia duen informazioa jakinarazteko joera.

Gomendioak: xumeak baina funtsezkoak

Lapurrei lana eragozteko geure etxeetan segurtasuna hobetzeko gonbita eginda, hainbat gomendio egiten du esku-orriak; batzuk oso xumeak, izan ere: etxetik ateratzean atea giltzaz ixtea edo, barruan gaudela, giltza horrez beraz edo kisketaz segurtatzea.

Halaber gomendatzen da ezezagunei ez irekitzea atariko atea (ez atezain automatikoa erabilita, ez haiekin batera sartu beharra egokitzen zaigunean), publizitatea jasotzeko otartxo bat kanpoan paratzea eta, autoarekin garajera sartzen garelarik, segika inor ez daukagula egiaztatzea.

Etxaurreak konpontzeko ipintzen diren aldamioak ere oso arriskutsuak izan daitezke. halakoetan, ez dugu irekita utzi behar ez leihorik ez balkoirik, eta, ahal dugula, kanpotik irekitzea eragozten duen segurtasun-sistemaren bat ezarri.

Halaber dio esku orriak geure ahalmenaren arabera saiatzeko marko sendotuko ate blindatu bat ipintzen etxebizitzan. Azkenik, lapurrak etxean aurkitzen baditugu, sekulan ez zaie aurre egin behar; geure burua babestu behar dugu aurrena eta Ertzaintzari bizkor deitu hurrena. Etxeratzen garenerako lapurrek alde egin badute, orduan ez dugu ezer ukitu behar eta 112ra deitu behar dugu.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2014.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    Ehun mila esku-orri banatu ditu Ertzaintzak etxeetako lapurretei aurrea hartzeko gomendioak zabaltzeko http://t.co/UUQmyGie4n

Komunikabideek behera kargatzeko