Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren Arabako Osasun-Ikerketako Unitateak 20 urte bete ditu

2014.eko apirilak 11

Urteurrena ospatzeko, jardunaldia egingo dute Gasteizen, eta British Medical Journal aldizkariaren Europako editore Wim Weber-ek hartuko du parte bertan.

  • Denbora-tarte horretan, aldizkari zientifikoetan 674 artikulu argitaratzen lagundu du, 115 ikerketa-proiektu gauzatu ditu kanpo-finantziazioarekin, eta 1.870,6 puntuko eragin-faktore metatua lortu du.
  • Arabako ikerketa EAEko osasungintza osoko Psikiatria espezialitate-arloaren %56ren buru da; Loaren/Arnas-sistemaren eremuan, arlo Kardiobaskularrean eta Endokrinologian bigarrena da; eta hirugarrena Genetikako zehar-arloan.
  • Osasun mentalari, loaren nahasteei, obesitatea eta elikadura osasungarriari, epigenetikari, medikuntza-jarduerako aldakuntzei eta oro har osasun-zerbitzuen ikerketari loturiko estatuko zein nazioarteko talde kooperatiboetan hartzen dute parte, gaur egun, Osakidetza-Arabako ikertzaileek.

 

Gasteiz, 2014ko apirilaren 11.- Osakidetzaren Arabako Osasun Ikerketako Unitateak 20 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ikerketari buruzko jardunaldi zientifikoa egingo da gaur Gasteizko Goiuri Jauregian, eta estatuko eta nazioarteko aditu gailenak elkartuko dira bertan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun-sailburuorde Guillermo Viñegrak, Osasun Saileko Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioaren zuzendari María Aguirrek eta Arabako Ikerketa Unitatearen koordinatzaile Felipe Aizpuruk inauguratu dute ekitaldia. Programa zientifikoari behar bezalako amaiera emateko, British Medical Journal aldizkariaren Europako editore Wim Weberrek hitzaldia eskainiko du “Ikerketa medikoaren oraina eta etorkizuna Europan” gaiaren inguruan (Presente y futuro de la investigación médica en Europa). Osakidetzaren zuzendari nagusi Jon Etxeberriak emango dio bukaera ekitaldiari.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta BioArabak antolatu dute ekitaldi zientifikoa, eta lankidetzan aritu dira Vital Gizarte Ekintza eta Gasteizko Udala.

Osasun Ikerketako Unitatearen 20. urteurrena dela-eta Eusko Jaurlaritzako Osasun-sailburuorde Guillermo Viñegrak adierazi duenez, “ikerketa da osasunaren arloan aurrera egiteko motor nagusietako bat. Administrazioek ikerketarako laguntza emateak ezagutza bultzatzea dakar; eta, azken finean, herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan inbertitzea”.

Guillermo Viñegrak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak “eskerrak eman eta aintzatetsi” nahi dituela “hainbat eta hainbat ikertzaile; izan ere, goraipatzeko moduko lana egin dute eta, zailtasunak zailtasun, Arabako Osasun Ikerketako Unitatea sortu, elikatu eta sendotzea lortu dute. Profesionalak dira, benetan, eta oztopoak izan arren, zoritxarrak gaindituz, aurrerapausoak ematen eta lorpenak egiten jarraitzen dute. Eta guztiok aintzatetsi behar dugu hori, eta merezi duten moduan lagundu behar ditugu”.

 

Arabako Osasun Ikerketako Unitatea

Bestalde, Felipe Aizpuruk esan duenez, “Arabako Osasun Ikerketako Unitateak 1993. urtean ekin zion bideari, eta ordutik 2013ra bitartean, ikertzaileok 674 artikulu argitaratu ditugu aldizkari zientifikoetan; 115 ikerketa-proiektu gauzatu ditugu (finantziazioa lortzeko aurkeztutako 345 proiektuen %33); eta 1.870,6 puntuko eragin-faktore metatua lortu dugu. Eta, hori guztia, lau milioi euro baino gehiagoko finantziazioari esker, hogei urte hauetan; lau milioi euro, Eusko Jaurlaritzaren beraren, Gobernu zentralaren edo estatuko zein Europako beste erakunde batzuen deialdien bitartez lortuak ”.

2012ko datuen arabera, “Arabako Osasun Ikerketako Unitatean 30 ikertzaile nagusi daude, eta 4,6 milioi euroko balioa duten 82 proiekturen buru dira. Unitateak, gainera, ikertzaileentzako 22 kontratu sortu ditu. Lehiatzeko duen gaitasunagatik (kanpo-finantziazioa lortzea), Arabako Ikerketa Unitatea EAEko osasungintza osoko Psikiatria espezialitate-alorraren %56ren buru da; Loaren/Arnas-sistemaren eremuan, arlo Kardiobaskularrean eta Endokrinologian bigarrena da; eta hirugarrena Genetikako zehar-arloan”.

Osasun mentalari, loaren nahasteei, obesitatea eta elikadura osasungarriari, epigenetikari, medikuntza-jarduerako aldakuntzei eta oro har osasun-zerbitzuen ikerketari loturiko estatuko zein nazioarteko talde kooperatiboetan hartzen dute parte, gaur egun, Osakidetza-Arabako ikertzaileek. “EAEko osasungintza publikoko ikerketako nazioarteko lankidetza guztien %16 da hori”.

 

Biobankua eta erizaintza

Bestalde, Ikerketarako Euskal Biobankuko Txagorritxu-Santiago nodoa da “erreferentzia-zentroa EAEn, gaixotasun prionikoa izan dezaketen zantzuak dituzten garunetarako. DNAren eta tumoreen bankua ere badu. Bi ospitaleak batera hartuta, 20 lagunek dihardute ikerketan”. Orobat, Arabako Ikerketa Unitatean “erizaintzako gainbegirale bat dago, eta kolektibo horretan ikerketa sustatzen dihardu esklusiboki. Hori ere, Osakidetzan ez ezik oro har Osasun Sistema Nazionalean ere aurrekari askorik ez duen mugarritzat jotzen da”.

 

 

 

 IBILBIDE HISTORIKOA

 

1978tik 1993ra bitartean

1986. urteaz geroztik egon bazegoen Ikerketa Batzorde bat, eta aldian behin egiten zituzten bilerak. Baina garai hartan egindako ikerketa-lana unean unekoa eta nahiko mugatua zen. Egoera halakoa izanik ere, Ikerkuntza Sanitarioko Fondoaren (ISAF) eta garai hartako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren proiektu batzuk eskuratu zituzten.

 

1993tik 1997ra bitartean

1993an Arabako Ikerketa Unitatea sortu zen, eta Txagorritxu Ospitalean jarri zuten. Epidemiologo batek (Felipe Aizpuru) ematen zuen zerbitzua ospitale hartan, Santiagokoan, ospitale psikiatrikoan eta Araba eskualdeko lehen mailako arretan. Aldi hartan etorri ziren, orobat, garapen informatikoa, ISAF diru-laguntza eskaeren areagotzea eta ikerketa egonkorreko lehen ildoen hasiera ere. 1995ean akreditatu zuten, lehenbizikoz, ospitaleko Ikerketa Klinikoetarako Batzorde Etikoa. Santiago Ospitalean ere sortu zuten Ikerketa Batzordea, bertako Irakaskuntza Batzorde Nagusiaren barruan.

Aldi hartan, ikerketa-ildo eta/edo -proiektu nagusiak honako hauek izan ziren: loaldiko apnea eta hipopneen sindromearen tratamenduaren eraginkortasuna eta ezaugarri epidemiologikoak; profilaxi antituberkulosoa GIB+ gaixoetan: eraginkortasuna eta kostua-eraginkortasuna; analgesia eta mina paziente kirurgikoetan; erabiltzaileen gogobetetzea; eskizofrenia; alergologia; alkoholismoa; II. motako diabetes mellitusa eta asma.1998tik 2000ra bitartean

Lehen hitzarmena sinatu zuten Txagorritxu Ospitaleak, Farmazia Fakultateak (UPV/EHU) eta LEIA teknologia-zentro fundazioak, garapen farmazeutikorako. Hitzarmen horren bitartez, 1. faseko (sendagai berriak gizakietan —boluntario osasuntsuetan— probatzeko prozesuaren lehen fasea) azterketa klinikoak egiteko unitate klinikoa sortu zuten ospitalean. 1998an hasi ziren Txagorritxu Ospitaleko urteroko ikerketa-jardunaldiak egiten, eta ikerketa-lan onenentzako eta komunikazioetarako sariak ezarri zituzten. Ikerketa-unitatea indartu zuten, finantziazio gehiagori esker, eta ikerketa-ildoak irekita zituzten taldeei laguntzeko beharra betetze aldera lan egin zuten, baina baita talde sortuberriak sustatzeko eta suspertzeko beharra betetze aldera ere.

Aldi hartan, ikerketa-ildo eta/edo -proiektu nagusiak honako hauek izan ziren: loaldiko apnea eta hipopneen sindromearen diagnostikoa eta tratamendua; sindrome koronario akutua; bularreko minbizia; erabiltzaileen gogobetetzea; eskizofrenia; nahasmendu bipolarra; minbizia; eta traumatologia.

 

2001etik 2005era bitartean

Ikerketa Unitatera beste epidemiologo bat —bigarrena— batu zen, eta horrek aukera eman zuen ikerketa gehiago hedatzeko eta talde sortuberriak hobeto laguntzeko. 2002an, batetik, Osasun Sailaren Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioa (BIOEF) sortu zen, EAEko osasun-sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatzeko; eta, bestetik, ikerketa kooperatiborako sare tematikoak (RETIC deritzenak) jaio ziren. Ospitaleko askotariko profesionalek hartu zuten parte azken horietan. Ikerketa-ildo garrantzitsu batzuk agertu ziren; besteak beste, dieta mediterraneoak gaixotasun kardiobaskularretan duen eragina, eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) edo bularreko minbizia zuten gaixoen artapenerako askotariko alderdiak. Ordura arte egindako lanari esker, eremu interesgarri batzuetan —hala nola, narriadura kognitiboa, ospitaleratze tradizionalaren alternatibak edo obesitate morbidoa— zenbait talde sortuberri gailendu ziren.

Aldi hartan, ikerketa-ildo eta/edo -proiektu nagusiak honako hauek izan ziren: loaldiko apnea eta hipopneen sindromearen diagnostikoa eta tratamendua; sindrome koronario akutua; bularreko minbizia; biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK); dieta mediterraneoa; alergologia, lehenengo gertakari psikotikoak, traumatologia, gernu-infekzioak eta nahasmendu bipolarra; eta aldakortasuna jardute klinikoan.

 

2006tik 2008ra bitartean

Ikerketa sustatzeko ISAFen (Carlos III.a Osasun Institutua) lehen diru-laguntzak sortu ziren, eta Txagorritxu eta Santiago ospitaleek 2006. urtetik 2008. urtera bitartean eskuratu zituzten. BIOEFen barruko O+IKER Ikerkuntza Sanitarioko Institutuak hitzarmena sinatu zuen Osakidetzarekin, ikerketa-proiektuetan zebiltzan laguntza-profesionalei liberazio partziala emateko. Ospitaleko langileek ere izan zuten horretarako aukera. 2006. urtean, Sareko Ikerkuntza Biomedikoko Zentroak (CIBER deritzenak) sortu ziren, eta Arabako Ikerketa Unitateak parte hartu zuen Arnasketaren arloko CIBERean (CIBERES) eta Epidemiologiako eta Osasun Publikoko CIBERean (CIBERESP). Ikerketa-laborategietako azpiegituretarako laguntza handiak lortu zituzten.

2008an Sareko Ikerkuntza Biomedikoaren Laguntzako Partzuergoak (CAIBER) bere bidea hasi zuen. Proiektua Carlos III.a osasun-institutuak babestu zuen, eta Txagorritxu eta Santiago ospitaleek proiektu horretan parte hartu zuten, biek batera. Horrek aldaketa historikoa ekarri zuen ikerkuntzarako laguntzaren egiturara Araban, eta langile-zerrenda handitzea ahalbidetu zuen; epidemiologoak, estatistikariak, biologoak eta administrariak sartu ziren. Era berean, Osakidetzak inbertsio handia egin zuen (518.012 euro) 198,73 metro koadroko eremu bat egokitu eta bertan ikerketa-laborategia jartzeko. Eremu horretan, aldi berean, Ikerketarako Euskal Biobankuaren nodoa sortu zen. Osakidetzak egindako inbertsioa eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Carlos III.a osasun-institutuak emandako laguntzak (BIOEFek ere lagundu zuen finantziazioan) batuta, denbora-tarte hartan 1.372.071 euroko inbertsioa egin zuten, guztira.

Aldi hartan, ikerketa-ildo eta/edo -proiektu nagusiak honako hauek izan ziren: loaldiko apnea eta hipopneen sindromearen diagnostikoa eta tratamendua; sindrome koronario akutua; bularreko minbizia; biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK); dieta mediterraneoa; narriadura kognitiboa; ospitaleratze tradizionalaren alternatibak (etxeko ospitalizazioa); lehenengo gertakari psikotikoak; antimikrobianoak; eskizofrenia; nahasmendu bipolarrak; asma eta alergologia; eta aldakortasuna jardute klinikoan.

 

2009tik 2014ra bitartean

2012ko datuen arabera, ikerketako laguntza eta proiektu guztien %10 gauzatu du, eta EAEko osasungintza-sareko kanpo-finantziazio osoaren %9 lortu du (saiakuntza klinikoak kanpo utzita). Gainera, EAEko osasungintzako argitalpen guztien %13 egin du, bai eta honako hauek ere: bere espezialitateko lehenengo kuartileko aldizkarietan argitaratutakoen %13, 2011n metatutako eragin-faktore osoaren %12 eta nazioarteko elkarlan guztiaren %16.

 

Azken aldi honi buruzko argibide gehiago nahi baduzu, ikus prentsa oharraren hasiera.

Prentsa Kabinetea

Osasun Saila: 945 01 91 94

prensa-san@ej-gv.es

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @inesgn
    2014.eko apirilak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @gsprsm: La Unidad de Investigación Sanitaria de Osakidetza en Álava cumple 20 años http://t.co/EZQmH6zgHe

  • @gsprsm
    2014.eko apirilak 14

    Comentario de Twitter:
    La Unidad de Investigación Sanitaria de Osakidetza en Álava cumple 20 años http://t.co/EZQmH6zgHe

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Felipe Aizpuru, Arabako Ikerketa Unitatearen Koordinatzailea; Wim Weber, Europarako British Medical Journal aldizkariaren Editorea