Berriak Lehendakaritza
Eu

Aintzane Ezenarro eta Enrique Ullibarriaranak osatuko dute Bake eta Bizikidetza Idazkaritza, biktimen politiketarako aholkulari modura

2014.eko apirilak 11
  •  Monika Hernando buru duen Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren baitan lan egingo dute.

Iñigo Urkullu lehendakariak onartu egin du Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza indartzeko proposamena. Horrela Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarriaranak, biktimen politiketarako aholkulari modura, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren egitura osatuko dute. Biek proposamena onartu egin dute.

Era honetan, Txema Urkijoren kargugabetzearen ondoren, Jonan Fernandez buru duen Bake eta Bizikidetzarako Idazkartitza Nagusiak, bereziki biktimen politikak garatzeko hiru pertsona izango ditu.

Lehenik eta behin, Monika Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, eta berarekin batera bi aholkulari, Aintzane Ezenarro eta Enrique Ullibarriarana. Denek esperientzia zabal eta osagarria dute biktimei lotutako politika publikoen inguruan, giza alorrean, sozialean, hezkuntzari dagokion alorrean, juridikoan, zein instituzionalean. Biek euren ibilbide luzean erakutsi dute biktimekiko konpromiso eta sentsibilitatea.

Hiru pertsona hauen lana, eta idazkari nagusiarena berarena, bat datoz erabat Eusko Jaurlaritzak biktimekiko duen konpromiso instituzionalarekin. Konpromiso hau ez da aldatu, eta bere lan egitaraua legealdi hasieratik garatzen ari den Bake eta Bizikidetza Planean jasota dator. Oraingoan aldatzen dena zera da, biktimen taldearen indartzea. Apustu honek hobetzen jarraitzeko nahia adierazten du.

Enrique Ullibarriarana (Aramaio 1961), Eusko Jaurlaritzako langile publikoa da. 1990an hasi zen biktimekiko bere dedikazioa eta harremana, hauei arreta eskaintzearen arduradun gisa. Biktimei zuzenduta Eusko Jaurlaritzak abian jarri zituen politika publikoen hastapenak ziren.

Ondoren, Biktimen Harretarako Bulegoaren zuzendaritza sortu zen unetik, berea izan da biktimen eguneroko arretaren ardura, beharrizanei erantzuna ematea eta erakunde eta administrazioarekiko hartuemanetan laguntza osoa eskaintzea. Horrela, 25 urte daramatza Eusko Jaurlaritzak biktimei eman dien arreta eraikitzen eta lan honetan beti adierazi du biktimekiko erabateko konpromiso eta inplikazioa.

Aintzane Ezenarrok (Getaria, 1971) biktimei lotutako jarduera publikoa 2003an hasi zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide lehenik eta ondoren legebiltzarkide zenean (2005-2012). Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideetako batzordeko kide izan zen, baita Terrorismoaren Biktimen Ponentziakoa ere. Horrela, Terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako 4/2008 Legearen prestaketan hartu zuen parte. Garai hartan, orduko Giza Eskubideetako Batzordearen presidentearekin, Iñigo Urkullurekin, Estatuko biktimen elkarteak bisitatu zituen.

Honetaz gain, Arrazoi politikoko testuinguru batean gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimentu bidegabeen biktimen Ponentziako kide izan zen Legebiltzarrean. Eta 2012an Bake eta Bizikidetza Ponentziaren sorrera bultzatu zuen, bertan Zoru Etikoa deiturikoa adostu zen. 2013ko ekainetik hona, EJ-ko aholkularia izan da Bake eta Bizikidetza gaietarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailean, zehazki ikastetxeetara biktimen testigantza eramateko ekimena, Adi-adian moduloa, indartzearen arduraduna izan da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)