Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak App berri bat aurkeztu du, euskal errepideetako gertakarien berri emateko

2014.eko apirilak 11

Aste Santuko egunetarako zirkulazio-operazio berezia

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok prentsaurrekoa egin du gaur goizean Bilbon. Segurtasun Sailak Aste Santuko egunetarako abiaraziko duen operazio bereziaren ezaugarriak azaldu ditu eta, gainera, Euskadiko errepideetako gertakarien eta trafikoaren egoeraren berri emango duen telefono adimendunetarako doako aplikazio berria aurkeztu du.

Aurreikusten denez, 450.000 ibilgailu ibiliko dira euskal errepideetan apirilaren 16tik 21era; hau da, Aste Santuko jaiegunetan. Ertzaintzaren Trafiko Unitateko berrehun agentek kontrolatuko dituzte bide nagusiak, zirkulazioa arina izan dadin.

«Urtero bezala, Aste Santuan ibilgailu ugari ibiltzen dira gure errepideetan; hori dela-eta, funtsezkoa da arretaz gidatzea eta gainerako erabiltzaileak errespetatzea. Zirkulazio-arauak bete behar ditugu, bai guregatik, bai ingurukoengatik, eta pazientzia izan behar dugu», adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok. 

Estimazioen arabera, hiru puntutan erregistratuko dira zirkulazio-intentsitate handiak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan; AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1 errepidea A-1 errepidearekin lotzen den gunean, Armiñongo lotunean.

Kantabriarako norabidean, aurreikuspenek diote intentsitate handiena asteazkeneko 15:00ak eta 21:00ak bitartean eta ostegun santuko 09:00ak eta 14:30ak bitartean izango dela. Bilborako itzulera pazko asteleheneko 13:00ak eta 21:00ak bitartean izatea espero da. Azken urteetan, ez da auto-ilara handirik erregistratu. 

Biriatuko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan) auto-ilarak egoteko aukera handiagoa da ostegunean, 9:00ak eta 15:00ak artean. Iaz, auto-ilarak ez ziren AP-8 errepideko ordainlekura (Irun) iritsi.

Azkenik, baliteke Armiñóngo lotunean auto-ilarak sortzea, A-1 errepidetik AP-1 errepidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako. Asteazkeneko 16:00etatik 20:00etara eta ostegun santuko 08:00etatik 14:30era izaten dira zirkulazio-dentsitatetik handienak.  Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen seinaleztapen-dispositibo bereziak emaitza onak eman ditu aurreko urteetan, eta aurten ere abiaraziko da itzulera-operazioan, pazko astelehenean. 

Gertakariak eta informazio ofiziala, telefono mugikorrean

Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu duen telefono mugikor adimendunetarako doako aplikazioak Euskadiko errepideetako zirkulazio-egoerari buruzko informaziorik garrantzitsuena emango du.  «Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen gardentasun-politikari jarraiki, proiektu hau egin nahi izan dugu –azaldu du Garbiñe Sáez Molinuevok–. Segurtasun Sailak aukera eman nahi die herritarrei zirkulazioari buruzko informazioa zuzenean eta teknologia berriak erabiliz eskuratzeko».   

«Aplikazio honek dagoeneko abiarazi direnak, hau da, Alpify eta Euskalmet, osatuko ditu», gehitu du Trafikoko zuzendariak.

Aplikazioaren bidez, Trafiko Zuzendaritzak bere webgunearen (www.trafikoa.net) bidez kudeatzen duen informazioaren parte bat jaso daiteke gailu mugikorrean. Doakoa da eta telefonoaren online dendatik deskarga daiteke. Android, Apple eta BlackBerry ingurune teknologikoetarako balio du.

Menuan, euskarako edo gaztelaniako bertsioa aukera daiteke, bai eta eduki guztiak ikusi ere. Hasieran, gidatzeari buruzko gomendio bat agertzen da, eta behin leiho hori itxita, bederatzi eduki hauta daitezke. Hauek, hain zuzen:

  1. Zirkulazioaren mapa. Istripuak, lanak edo ibilgailuen zirkulazioa kalte dezakeen beste edozer gertakari. Ikono jakin bat sakatuta, gertakaria izan den bideari buruzko informazioa eskura daiteke (udalerria, errepidea, noranzkoa eta kilometro-puntua).
  2. Webkamak. Euskadiko Errepideak Kudeatzeko Zentroak kudeatzen dituen      zirkulazio-kamerek hartutako irudiak.
  3. Radarrak. Trafiko Zuzendaritzak kudeatzen dituen radarren zerrenda. Mapa batean agertzen dira, kontrolatutako zati bakoitzari dagokion abiadura-muga zehaztuta.
  4. Mendateak. Neguan zirkulazio-arazoak izan ohi dituzten mendateen egoera.
  5. Sarbideak. Hiru euskal hiriburuetara sartzeko eta horietatik ateratzeko bideetako zirkulazio-arintasunari buruzko informazioa.
  6. Murrizketak. Hileko egutegia, pdf formatuan, 2014ko zirkulazio-erregulazioko neurri bereziak jasotzen dituena.
  7. Berritasunak. Trafiko Zuzendaritzaren webguneko berritasunen atalean jasotakoak (azterketen deialdiak, kontzientziazio-kanpainak, eta abar).
  8. Prentsa-oharrak. Trafiko Zuzendaritzak hedabideei bidaltzen dizkien berriak, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.
  9. Telefonoak eta estekak. Trafiko Zuzendaritzak kudeatzen dituen sare sozialetarako esteka zuzenak, bai eta Euskalmet eta Irekia webguneetarako estekak ere. Larrialdietako eta zirkulazioari buruzko informazioko telefono ofizialetarako sarbide azkarra.

«Espero dugu euskal errepideen erabiltzaileek aplikazio berria gustuko izatea. Gogoan izan gidatzerakoan ez dela telefono mugikorra erabili behar –ohartarazi du Trafikoko zuzendariak–. Kontsultak abiatu aurretik egin behar dira, edo ibilgailua toki seguru batean aparkatuta dagoela. Arreta-galtzea istripuak izateko kausa nagusietako bat da».

 

Google play                           iTunes

 

 

 

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2014.eko apirilak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] La Dirección de Tráfico presenta una nueva App que informará sobre incidencias en las carreteras vascas ➡ http://t.co

  • @iozamizu
    2014.eko apirilak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] #Tráfico presenta nueva #App q informará sobre incidencias en las carreteras vascas ➡ http://t.co/8sus7TlvI9 #euskadi

  • @TenerifeData
    2014.eko apirilak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] La Dirección de Tráfico presenta una nueva App que informará sobre incidencias en las carreteras vascas ➡ http://t.co

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)