Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Jaurlaritzak 44 urteko aldearen gehineko muga berrezarri du adingabeak adoptatzeko

2014.eko apirilak 09

Atzoko bileran, foru-aldundiek adingabeen adopzioetan bete beharreko prozeduraren arauketa berria onartu zuen Eusko Jaurlaritzak; hala, adoptatzailearen eta adopzioan hartuko den adingabearen artean gehienez 44 urteko aldea izan beharko da. EAOn argitaratu ostean, Jaurlaritzaren erabakiaren ondorioz, adingabeak adopzioan hartzeko muga gabetasuna ezartzen zuen 245/2012 Dekretua aldatu beharko da. 

Eusko Jaurlaritza bat dator doktrina teknikoarekin eta zientzia-komunitatearekin, familia adoptatzaileen eta adopzioan hartuko diren pertsonen artean gehiegizko adin desberdintasunik ez egotearen irizpideari dagokionez; izan ere, adingabeak babesteko neurri irizten dio adopzioari, eta haurren interesak du lehentasuna. Funtsean, adopzioan hartutako pertsonei familia-eredu normalizatuenak, amatasun biologikoarekin nahiz bizitza-ziklo soziofamiliarrarekin bateragarrienak direnak, eskaintzea da asmoa. 

Jaurlaritzaren iritzian, arauketa berriak ez ditu baztertzen abortatzeko asmoa duten pertsonak. Halaber, ez dira baztertzaileak adin-mugak ezartzen dituzten jatorrizko herrialdeetako legediak, horiek ezartzeko zergatiak objektiboak eta arrazoizkoak direlako; alegia, adopzioan hartuko den haurraren interesa babestu behar da beste ezeren gainetik (esaterako, guraso izan nahia), behar bezalako garapena izango duela bermatzeko. 

Dekretu berriak ezarritakoaren arabera, «irizpide biologiko normalizatuari jarraiki, adingabearen eta eskatzaileetan gazteenaren (bikoteen kasuan) edo eskatzailearen (guraso bakarreko familien kasuan) artean gehienez 44 urteko aldea egongo da egokitasun-adierazpena dagokion egokitasun-ziurtagiriaren bidez ematean. 

Aldea handiagoa izan ahalko da, baldin eta, Foru Aldundiaren teknikari-taldeak horixe iritzita eta adopzioan hartuko den haurraren edo nerabearen interesean, premia bereziak dituzten adingabeak adopzioan hartzeko prestasuna adierazten bada, 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera. 

Bikote eskatzaileko kide batek edo eskatzaileak (guraso bakarreko familien kasuan) 50 urte baino gehiago baditu, bikotekideen arteko adin desberdintasuna edo eskatzaile bakarraren adina adingabea behar bezala garatzeko oztopo izan daitekeen aztertuko da. Horrelakoetan, adopzioan hartu ahalko den haurraren edo nerabearen gutxieneko adina ezarriko da, irizpide biologikoei jarraiki». 

Lana eta familia bizitza bateragarri egiteko laguntzak 

Eusko Jaurlaritzak lana eta familia bizitza bateragarri egiteko 2014ko laguntzak emateko  Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindua onartu du. Hain zuzen ere, 17,32 milioi euroko aurrekontu-saila bideratzea onartu du Jaurlaritzak. 

Lana eta familia bizitza bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuan oinarrituta, honako kasuetarako laguntzak aurreikusi dira 2014rako: seme-alabak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileentzat laguntzak, mendekotasun egoeran edo muturreko osasun egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldi murriztua duten langileentzat laguntzak, eta adin txikiko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak. 

Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak 

Era berean, Eusko Jaurlaritzak seme-alabak dituzten familientzako laguntzen agindua ere onartu du. Hain zuzen ere, 28,93 milioi euroko aurrekontu-saila bideratzea aurreikusi du Jaurlaritzak. Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak izaera ekonomikoko prestazio ez periodikoak dira, amari edo aitari bideratuta daude eta euren kargu dituzten seme-alabak zaindu eta mantentzeko gastuei aurre egiten laguntzea dute helburu.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau