Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko editoreen arteko akordioa, liburu digitalak on line maileguan emateko

2014.eko apirilak 09

Liburutegietako erabiltzaileek udarako erabilgarri izango dute liburu digitalak mailegatzeko plataforma

Lehen aldia da Estatuan, mailegu kopuruaren araberako ordainketan oinarritutako lizentzia ezartzen dena, editoreekin akordioan

Ingurune digital berrian, herritar guztien baina bereziki gazteenen irakurzaletasuna bultzatu nahi da, eta pirateriaren aurrean alternatiba eskaini

Liburu digitalak mailegatzea, on line erako mailegua, gero eta hurbilago dago Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean. Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Euskadiko editoreekin gaur goizean sinatu duen hitzarmenari esker, udal liburutegien sare horretako bazkideek uda honetarako eskuragarri izango dute liburu digitalez osatutako katalogo zabala, maileguan hartu ahal izateko. Akordio hau, Jaurlaritzaren, liburutegien eta editoreen interesen topalekua da, eta mailegu digitalen arloan negozio eta zerbitzu-publiko eredu berria martxan ipintzeko abiapuntua.

Akordioaren berritasuna honetan datza: Estatuan lehen aldiz, erabileraren araberako ordainketan oinarritutako lizentzia bat ezartzen dela. Eusko Jaurlaritzak erositako lizentzia bat (liburu digital bat) –idazle eta editorearen arteko kontratua indarrean daukan liburua- 20 aldiz eman ahal izango da maileguan, baina lizentziak ez du amaiera-eperik izango. Iraupen luzeko proiektu bati hasiera emateko asmoz jaio da akordioa, eta Euskadin edizio digitalari bultzada emateko helburuz.

Liburutegi digitala: on line mailegua

Hiru hilabete ingururen buruan, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileek, Liburuklik atarian euren pasahitzarekin sartuz gero, bertan aurkituko duten katalogoan eskaintzen diren liburu digitalak maileguan eskuratu ahal izango dituzte. Bazkide bakoitzari aldiko mailegu digital bat bakarrik baimenduko zaio, eta gehienez ere 21 egunerako. Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri izango den mailegu zerbitzu hau bi motatakoa izango da:
Deskargatzeko aukera: erabiltzaileak aukeratutako liburu digitala bere gailura jaitsi dezake (pc, ordenagailu eramangarria, tableta, smartphone-a edo e- booka), eta 21 egun izango ditu irakurtzeko. Artxibo honek kopiak egitea galarazten duen edo besterengana zabaltzea eragozten duen babesa izango du.

  • Streaming era: aukeratutako liburua irakurtzeko aukera ematen du Liburuklik atariak, 21 egunez, baina ez da gailura artxiborik deskargatzen (gailu guztietan irakur daiteke, e-bookean ezik). Aukeratutako irakurgaia sarean dago, eta erabiltzaileak hara jo behar du hura irakurtzeko. Irakurketako unean interneterako konexioa behar da.
  • Une honetan, liburu digitalen katalogoa hartuko duen plataforma informatikoa garatzeko lanak aurrera doaz. Hiru bat hilabeteko epean, 2014ko uztailerako, erabilgarri izatea espero da.


20 aldiz maileguan emateko lizentzia, eperik gabe
Eusko Jaurlaritzak eta editoreek sinatutako hitzarmenak ezartzen duenez, eskuratutako lizentziako ezingo dira 20 mailegu baino gehiago egin. Baina lizentzia horrek, ez du denboran iraungitze-eperik izango. Mailegu kopuru hori gainditzean, Jaurlaritzak lizentzia berria erosi beharko du (liburu digitala erostea), eta berriro ere maileguan eskaini ahal izango da, erabilera kopuru berbera izan arte. Liburu digitala erostean, une horretan merkatuan duen prezioa ordainduko da (liburutegietarako liburuentzat araudiak jasotzen duen %15eko beherapena ezarriko zaio). Liburuen erosketa editoreen bidez egingo da, eta eurak arduratuko dira egile eskubideak ordaintzeaz.

Proiektua irakurleen eskaerak eta gustuak aintzat hartuz sortu da. Horregatik, lan argitaratu berriak eta irakurleen gustukoak erosiko dira batik bat. Liburuzainek osatutako batzorde batek hautatuko du zein liburu digital erosiko diren, eurak baitira liburutegietako erabiltzaileengandik hurbilen daudenak eta haien zaletasunak ondoen ezagutzen dituztenak. Era honetan, edukien pirateriaren aurrean alternatiba ere izan nahi du, irakurleak doakoa baina legezkoa den tresna honetara erakarrita.

Horrez gain, liburutegien eta irakurleen aldeko apustu garbia egiten duen akordio honek, beste helburu hauek ere baditu:

  • Euskadin edizio digitalari bultzada ematea, argitaletxeen sektoreari laguntza emanez bide konplexu horretan.
  • Euskarazko eduki digitalen eskaintza bermatzea
  • Ingurune digital berrian, 12 urtetik gorako herritarren artean irakurketa 
sustatzea, gazteenen artean bereziki, euskarri digitaletan iaioak baitira.
  • Euskal herritar guztiei irakurtzeko aukera erraztea, non bizi diren kontuan izan
    gabe.

Akordioa martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzak 2014an 25.000 lizentzia inguru eskaini nahi ditu, 500.000 mailegu bideratzeko beste. Horietatik 8.750 euskarazko lizentziak izango dira, eta 16.250 gaztelaniazkoak (175.000 mailegu egin ahal izango dira euskaraz, eta 325.000 gaztelaniaz). Katalogoko titulu batek, lizentzia bat baino gehiago izan ditzake. Honela, titulu bera aldi berean hainbat irakurlek eskatzen badute, eskaera horiei erantzun ahal izango zaie (lizentziak adina mailegu aldi berean). Lizentzia horiek erosteko 270.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak 2014an.

Baina liburutegi digitalaren aldeko apustu honek ez du albora utziko liburutegietako liburu fisikoen ohiko mailegua. Alderantziz. 2014an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 820.000 euro bideratuko ditu liburu fisikoak erosteko, iaz baino 140.000 euro gehiago.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadin den kultura-sare zabalena eta garrantzitsuena da. 230 udal liburutegi eta 540.000 bazkide baino gehiago biltzen ditu. 2013an, ia 2 milioi mailegu egin ziren, ohiko liburu fisikotan.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Lectyo
    2014.eko apirilak 10

    Comentario de Twitter:
    Los usuarios de bibliotecas tendrán acceso a libros electrónicos en el País Vasco este verano http://t.co/O78UrqPvhe

  • @Hliburutegia
    2014.eko apirilak 10

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko editoreen arteko akordioa, liburu digitalak on line maileguan emateko http://t.co/QVhCLQhWq6

  • @mmarinta
    2014.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Firma de acuerdo entre Gobierno Vasco y editores de Euskadi para impulsar el préstamo digital en bibliotecas http://t.co/qbpc6JI05A

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Mari Sors; Jose Agustin Iturri