Berriak Lehendakaritza
Eu

Erabakia, Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020. Estrategia. Basque Country Estrategia onartzeko dena. (2014-04-08(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko apirilak 08

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK NAZIOARTEKOTZEKO 2020rako BASQUE COUNTRY ESPARRU ESTRATEGIA ONARTU DU

Basque Country Estrategiak datozen hiru urteetarako 105 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du.
Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategian lehentasunezko herrialdeetako batzuk dira Alemania, Estatu Batuak, Mexiko eta Txina.

Gobernu Kontseiluak 2020: Basque Country Estrategia izeneko Nazioartekotzeko Esparru Estrategia onartu du, eta lehenengo fasean, 2014-2016an, estrategia hori bi plan estrategikoren bidez gauzatzea; Kanpo Ekintzako Planaren eta Enpresak Nazioartekotzeko Planaren bidez, hain zuzen. Esparru Estrategiaren helburuak hauek dira: Euskadi atzerrian proiektatzea, suspertze ekonomikoa eta lanpostuen sorrera bultzatzea, Euskadi eragile global gisa kokatzea eta gizarte globalago eta irekiago bat eraikitzen laguntzea.

Lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzak Euskadi osoa nazioartekotzeko prozesu bat jarri du martxan. Hau da, leihoak mundura irekitzeko, nazioartekotzea agenda instituzionalen erreferente nagusia izan dadin, baita gizarte zibilarena ere, ez enpresen arloan bakarrik, baita hezkuntza, osasun, kultura edo ingurumen arloetan ere.

Basque Country Estrategiak nazioarteko jardueren inguruko ikuspegia definitzea, zein bektore komunetan kokatzen diren identifikatzea barne hartzen du, eta hala arlo tematikotan nola geografikotan fokalizatzea. Adibidez, hauek dira lehentasunezko eremu geografikoak:

Europa: Europar Batasuna, Eskandinavia, Alemania, Danimarka, Frantzia eta Erresuma Batua.
Amerika: Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil, Kolonbia eta Peru.
Asia: Korea, Singapur, India, Txina.
Afrika: Hegoafrika.

Hauek dira beren ezaugarriak direla medio nazioartekotzearekin lotura estuena daukaten gobernu-esparruak: kanpo-ekintza instituzionala, enpresen nazioartekotzea, kultura eta turismoa. Basque Country Estrategiaren lau osagai nagusitzat jotzen ditugu, lehendakariak 2013ko ekainean adierazi zuen bezala.

Gaur, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetako 2014-2016 epean bere helburuen eta jardueren martxan jartzea markatuko duten lehenengo bi eremuetarako plan sektorial espezifikoak aurkeztuko ditu.

Eusko Jaurlaritzak 105.535.070 € bideratuko ditu estrategia honetara, 2014-2016 epean; urtean, 35 milioi euro.

2014-2016rako KANPO EKINTZAKO PLANA

2014-2016rako Kanpo Ekintzako Planari dagokionez, Euskadi instituzionalki nazioartekotzeko helburuak lortzera zuzendutako jarduerak eta zerbitzuak definitzeko eta egituratzeko beharrezko tresna gisa sortu da.

Ekintza-planak Eusko Jaurlaritzaren kanpo-ekintza bultzatzeko eta koordinatzeko 6 helburu estrategiko, 19 ekintza-ildo eta 70 jarduera zehatz barne hartzen ditu. Horiek guztiak eraginkortasun eta koherentzia irizpidetan oinarrituta daude eta xede bikoitza daukate: Euskadi eragile global gisa kokatzea eta euskal interesak munduan defendatzea.

Helburu estrategikoak eta jarduerak:
1. Euskadi munduan proiektatzea:
- Basque Country marka sustatzea, Euskadiren irudia zabaltzeko baliabide gisa.
- Eragin handiko nazioarteko 4 ekimen egitea, Euskadiren gomendatzaile izango diren eragiteko gaitasun handiko pertsonen presentziarekin.
- Lehentasunezko 5 herrialde edo eskualdetik Euskadirako bisitak antolatu, bazkide estrategikoen sare indartsu bat ehuntzeko.
- Euskal eragileek gutxienez nazioarteko 25 programa edo ekitaldi tematikotan parte hartzea erraztea.
- Nazioarteko ospea izango duen Basque Country sari bat sortzearen bideragarritasuna aztertzea.

2.- Euskadiren garapen etengabe eta jasangarria garatzen laguntzea, kanpoan bere sektore anitzeko interesak sustatuz.
- Aliantzen sare bat sortzea, bazkide estrategiko bihurtuko diren gutxienez 8 eskualderekin.
- Nazioarteko erakundeekin (AEE, NBGP, SEGB, esaterako) 6 lankidetza-akordio lortzea, besteak beste industria-politika, osasun, hirigintza eta ingurumen arloetako eredu eta politika publikoak helarazteko.
- Gutxienez 100 instituzio, enbaxada eta kontsul-ordezkaritzarekin harreman egonkorrak sortzea eta horiei eustea, herrialde estrategikoekiko lotura instituzionalak bermatzeko.

3.- Euskadik Europaren eraikuntzan parte hartzea.
- Euskal eragileen eta Europako instituzioen arteko gutxienez 60 lansaio antolatzea.
- Akitania-Euskadi euroeskualdearen bitartez, profil askotako euskal eragileei parte hartzeko aukera emango dieten mugaz gaindiko gutxienez 200 proiektu finantzatzea.
- Euskal eragileek Europako programetan daukaten partaidetza handitzea.
- Zuzenbide komunitariotik eratorritako eginbeharrak beteko direla zaintzea.

4.- Euskadiren eta kanpoko euskal komunitatearen arteko harremanak bultzatu, babestu eta areagotzea.
- Global Basque Network, kanpoko euskal komunitate osoa lotuko duen sare globala, garatzen jarraitzea.
- Ikerketa arloko 8 azterlan argitaratzea eta euskal emigranteen gutxienez 200 ahozko lekukotza jasoko dituen dokumentu-base bat sortzea.
- Gaur egun 25 herrialdetan finkatuta dauden 187 euskal etxeen sarea zabaltzea, gutxienez beste 10 euskal etxe sortuz.
- Beren herrialdeetan finkatutako beste diaspora batzuekiko loturak bultzatzea, gutxienez 30 ekimen bateratu eginez.

5.- Mundu justuago eta orekatuago bat eraikitzen laguntzea.
Eremu horretako ekintza-ildo eta jarduera zehatzak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren etorkizuneko Lau Urteko Plan Zuzentzailean jasota daude. Une honetan, lanketa fasean dago plana.

6.- Euskadiren kanpo-ekintzaren eraginkortasuna eta kalitatea areagotzea.
- Euskadik kanpoan dauzkan ordezkaritzen ahalmenak indartzea, baita Eusko Jaurlaritzako sailekin eta beste erakundeekin dauzkaten harremanak optimizatzea ere.
- Gizarteak Euskadiren nazioartekotze-prozesuan partaidetza izatea bultzatzea, herritarrei irekietako foro berritzaile baten bitartez: Kanpo Ekintzako Aholku Batzordea.
- Herri Administrazioko profesionalen nazioartekotze arloko gaitasunak hobetzea, prestakuntza emanez, eta herri-administrazioan lan egiten duten pertsonentzat mugikortasun programa bat aktibatzea.
- Euskadiren kanpo-ekintzak maila gorenean jarraipena izatea bermatuko duen adituen belaunaldi berri bat prestatzea, gazte profesionalei bideratutako beka-programa baten bidez.

Esparru Estrategia honen eta Kanpo Ekintzako Planaren lanketan, partaidetza prozesu bat aurrera eraman dugu, bai herritarrei Irekia atariaren bitartez proposamenak egiteko aukera emanez, bai nazioartean jarduera esanguratsua daukaten dozenaka eragileri kontsulta sakonak eginez.

Azkenik, bai Basque Country Estrategia bai Kanpo Ekintzako Plana ondo gauzatuko direla bermatzeko, gobernantza-, jarraipen- eta ebaluazio-eredu bat diseinatu dugu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau