Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Erabakia; Enpresak Nazioartekotzeko plana 2014-2016 komunikatzeko. (2014-04-08(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko apirilak 08

LABURPENA

2014-2016 ENPRESAK NAZIOARTEKOTZEKO PLANA

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta merkataritza ganberek osatutako Euskadiko Nazioartekotze Partzuergoak nazioartekotze politiken koordinazio eta eraginkortasuna indartzen du

Euskal enpresen nazioartekotze fase eta mailen araberako bitarteko eta laguntza programak jasotzen ditu planak, baita finantzaketa instrumentu berriak ere.

Hazten ari diren urruneko merkatuetara sarbidea izatea eta lehentasunezkotzat jotako hurrengo herrialdeetan euskal presentzia indartzea helburu du egitasmoak: Alemania, Txina, AEBak eta Mexiko.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen 2020 Nazioartekotzeko Estrategia Markoaren aurkezpen ekitaldian, estrategia horretako funtsezko parte den 2014-2016 Enpresak Nazioartekotzeko Plana ezagutarazi da. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak nabarmendu duenez, planaren erronka nagusia euskal ekonomia eta enpresak nazioartean lehiakorragoak izatea lortzea da. Horrek, Tapiaren esanetan, ongi definitutako estrategia argi bat izatea eskatzen du: Gure ekonomia eta enpresa jarduera nola, non eta zertarako nazioartekotu nahi dugun jakitea funtsezkoa da, are gehiago Euskadi bezalako herrialde txiki batean. Izan ere, gure ezaugarriek barne eta kanpoko elkarlan sareak jostea eskatzen digute nazioartekotze arrakastatsuagoa izateko.

Nazioartekotze Plana Euskadiko enpresa ehunaren nazioartekotzea hobetzea ahalbidetuko duten baldintzak ezarri eta jokaerak eragiteko bitartekoa da, azken finean, euskal enpresen nazioartekotzerako giro onena sortzeko tresna.

Diseinatutako plana Euskadiko gaitasun eta beharretara egokituta dago, betiere egungo krisi egoera kontuan izanik, enpresen irekitasuna sustatuz, nazioarteko euskal ezarpenak areagotuz, Euskadira kanpoko inbertsioa erakarriz eta giza kapitalaren trebakuntzaren alde eginez.

Garatu beharreko 22 ekintza biltzen dituzten sei ardatz estrategiko

1. ardatza Kanpoko jarduera laguntzeko sistema sendotzea eta bultzatzea

Honako plan hau garatu eta inplikatutako eragileekin hainbat elkarlan akordio ezartzeaz gain, ardatz honetako ekintza nagusia partzuergo baten sorkuntza da.

Nazioartekotze Partzuergoa gobernantza indartzeko
Enpresak Nazioartekotzeko Planak Euskadiko Nazioartekotze Sistemaren gobernantza indartzen du Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, foru aldundiek eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek osatutako partzuergo bat eratuz.

Partzuergoak nazioartekotze eraginkorragoa lortzeko erakunde bakoitzaren papera eta sortuko diren tresnak antolatzea ahalbidetzen du.

2. ardatza Laguntza berezitua euskal enpresek nazioarteko merkatuetara sarbidea izan dezaten

Ardatz estrategiko honek enpresen behar espezifikoetara egokitutako bitartekoak ad hoc sortzea eskatzen du, baita lehentasunezko herrialdeen mapa berri bat definitzea ere.

Nazioartekotze fase eta maila ezberdinetarako laguntza
Laguntza programa espezifikoei dagokionean, Eusko Jaurlaritzak Global Lehian laguntza programa berrirako deialdia egin berri du (2014ko martxoaren 18ko Gobernu Kontseilua) eta Nazioarteko Ezarpenentzako Gauzatu Programa mantentzen du.

Horrez gain, enpresa eragileen hornitzaileentzako laguntza bitartekoak diseinatzeko konpromisoa ere badago helburu jakin batekin: euskal enpresak kanpoan ezartzea aldi berean euren tokiko hornitzaileen jarduera bermatuz, bide batez hornitzaile horien nazioartekotzea bera ere erraztuz.

Alemania, Txina, AEBak eta Mexiko, lehentasunezko herrialdeak
Era berean, hazten ari diren urruneko merkatuetan sarrera izateko erronka hartzen da, baita lehentasunezkotzat jotako herrialdeetako presentzia indartzekoa ere. Horretarako, herrialde horietarako esku-hartze plan espezifikoak garatu dira.

Lehentasunezko esku-hartzea eskatzen duten herrialdeak

1. lehentasuna: Alemania, Txina, AEBak, India eta Mexiko
2. lehentasuna: Brasil, Errusia eta Turkia
3. lehentasuna: Australia, Kolonbia, Indonesia, Malasia, Peru, Singapur, Hegoafrika eta Vietnam

SPRIren hamalau herrialdeko etorkizuneko sarea

Alemania, Argentina, Brasil, Txina, Txile, Kolonbia, AEBak, India, Mexiko, Polonia, Txekiako Errepublika, Errusia, Singapur eta Turkia.

3. ardatza. Sektore eta cluster jakinei laguntza euskal ondasun eta zerbitzuek atzerrian duten posizionamendua indartzeko

Enpresen nazioartekotzetik harago, produktu edo zerbitzu jakinek nazioarteko merkatuetan dituzten kuotak areagotzeko mekanismoak ezarriko dira.

Hain zuzen ere, clusterrak funtsezko eragileak izango dira horretarako, sektore jakinekin lotutako ondasun eta zerbitzuak sustatzeko jarduerak garatuko baitira.

Eusko Jaurlaritzak indar berezia jarriko du Espezializazio Adimentsuko Estrategian (RIS 3) jasotako lehentasunezko jarduera eta sektoreak laguntzeko.

Merkataritza ganberekin elkarlanak ere aurreikusten du aipatutakoa, eta Eusko Jaurlaritzak berak Elkartzen programa jarriko du abian helburu berarekin.

Elkartzen: sektore eta clusterrentzat diru-laguntza programa

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal ondasun eta zerbitzuen nazioarteko sustapen eta posizionatzea bultzatzen duten elkarte sektorialen eta clusterren proiektu eta ekimenak sustatzeko ematen dituen laguntzak arautzen dituen programa da. Azken finean, EAEko sektore ekonomiko ezberdinen esportazioak erraztea da helburua.

4. ardatza. Giza kapitalaren sorkuntza eta dinamizazioa nazioarteko merkatuetan izateko

Giza kapitalaren arloan daukagun behar gorriena enpresa txiki eta ertainei nazioartekotzean urratsak emateko behar dituzten profesional gaituak eskaintzea da; hau da, profesionalon jarduera kudeatzeko eta profesionalak mantentzeko laguntza ematea. Multilokalizatutako enpresen kasuan, berriz, distantziara burututako kudeaketa hobetzeko laguntza eskaintzea da erronka.

Esku-hartze ardatz honek hiru jarduera lerro ditu:

Prestakuntza-programak talentu gazteei egokitzea
Urtero 500 Nazioartekotze eta Global Training beka inguru eskaintzea.

Enpresa txiki eta ertainentzako lanaldi partzialeko langileak kontratatzea Programa berri honek espezializatutako langileak izateko aukera eskainiko die enpresa txiki eta ertainei; langileok nazioartekotzearekin lotutako funtzioak burutuko dituzte, eta ez dira plantillako kideak izango, lanaldi partzialeko langileak baizik.

Global Basque Business Network Euskal diasporako kideekin osatutako sareak sortzeko Lehendakaritzaren proiektuaren baitan, Global Basque Business Network azpisarea sortzea planteatzen da arlo ekonomiko eta enpresarialeko euskal diasporako pertsona garrantzitsuak elkarrekin harremanetan jartzeko asmoz.

5. ardatza. Inbertsio estrategikoen erakartze eta egonkortzea
Eusko Jaurlaritzak inbertsio proiektu berriak erakartzea lortu nahi du, baita jada existitzen direnak mantendu eta areagotzea ere. Ildo horretan, indar berezia jarriko da aberastasuna eta enplegua sortzeko potentzial handiena duten inbertsioak erakartzeko.

Invest in the Basque Country estrategia berria
Industrializazio Planari lotutako lehentasunezko sektore eta eremuen diseinu eta sustapenean proaktiboa izango da. Era berean, Euskadiko unibertsitate eta zentro teknologikoen gaitasun zientifiko-teknologikoak sustatuko ditu ekintzailetza garatu eta bultzatzeko ingurune egoki gisa, bereziki oinarri teknologikoko enpresentzako.

6. ardatza. Finantzazio eta kooperazio internazionala eta aldeaniztuna
Ardatz estrategiko honen helburua oraindik ere nazioartean presentzia txikia duten euskal enpresei merkatu aldeaniztunera sarrera izatea erraztea da.

Era berean, enpresen nazioartekotzerako finantzazio bitarteko espezifikoak diseinatu eta indarrean jartzea planteatzen da.

Enpresen finantzaziorako abal publikoak: Bakarrik edo beste enpresa batzuekin elkarlanean nazioarteko merkatuetan proiektu handiak burutzeko aukera duten enpresentzat abalak. Kontuan izan behar da proiektu horiek garatu eta indarrean jartzerako orduan, Euskadin dituzten hornitzaileentzat eskaera berriak lortuko dituztela enpresok.

Esportazioentzako laguntza finantzarioa: Euskal enpresen esportazioak erraztu eta sustatzeko diseinatutako programa da, hain zuzen ere esportazio horietan oinarritutako finantzazio lerroak eskainiko dituena. Hori ahalbidetzeko, finantzazio lerroak irekiko dira enpresentzako, betiere euren europar lehiakideekin lehiakorrak izango diren kostuetan.

69 milioi euro jarriko dira 2014 eta 2016 artean eta izandako eragina neurtuko da
Urteroko plangintza, exekuzio eta ebaluazio sistema bat izango du planak, gutxi gorabehera 69 milioi euroko aurrekontua izango duena (22,5 milioi 2014an, 23,5 miloi 2015ean eta 23,5 milioi 2016an). Jarraipen hori Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaritzak gidatu eta Partzuergoak koordinatuko du.

Planaren jarraipen eta ebaluazioa egiteko aginte-koadro bat ere aurreikusita dago; bertan, exekuzio, jarduera eta eragin adierazleak daude jasota definitutako 6 ardatz eta 22 ekintzentzat.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AclimaEuskadi
    2014.eko apirilak 10

    Comentario de Twitter:
    Acuerdo de comunicación del Plan de Internacionalización Empresarial 2014-2016. http://t.co/SlA5Fvxjj8