Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria buru izan da Europaren Eguna ospatzeko ekitaldian

2010.eko maiatzak 11

Ekitaldiak ehun pertsona inguru bildu ditu Lehendakaritzan. Horien artean, Euskal Unibertsitateetan ikasten ari diren ERASMUS ikasle gazteak egon dira

Patxi López Lehendakaria Europaren Eguna ospatzeko ekitaldiaren buru izan da, gaur arratsaldean, Lehendakaritzan. Ekitaldiak azpimarratu du gazteen parte-hartzeak Europan duen garrantzia; bertara, Euskal Unibertsitateetan ikasten ari diren ERASMUS ikasle guztiak egon dira gonbidatuta. Lehendakariak nabarmendu du euskaldunen izaera europazalea, eta “presentzia handiagoa eskatu du Euskadirentzat EBn”, alor ekonomikoan hobetzeko, Euskadi “poliki-poliki” krisialditik ateratzen ari denean; horrez gain,  “laguntza eman behar digu giza eskubideek behar duten defentsan eta terrorismoaren deslegitimazioan”. Lehendakariak EBren lankidetza eskatu du, gaur arratsaldean, ETA desagerrarazteko, “indarkeria terroristari Europan geratzen zaion azken gunea baita”.

Patxi López Lehendakariak “eskatu du Euskadik presentzia handiagoa izatea EBn”, erregio moduan “bere aukerak eta bere potentzialtasunak ekarri diezazkion beraren garapen eta ongizateari”. Europaren Egunaren kariaz Lehendakaritzan antolatutako ekitaldi batean, Lehendakariak nabarmendu du euskaldunen izaera europazalea; izan ere, bere esanetan, izaera horretatik “europar eraikuntzan parte hartzeko” nahia sortzen da, baina “lankidetzatik” abiatuta. Badira batzuk, zuzeneko espazio protagonista hori lortu nahirik, EBko egitura batzuetan parte hartzeari uko egin diotenak. Gure ustez, haatik, Euskadiren interesak hobeto defendatzen dira lankidetzaren bitartez”, azpimarratu du.

Lehendakaritzako patioan, Lehendakaria buru izan da Europaren Eguna ospatzeko ekitaldian, ehun bat pertsonaren aurrean; horien artean, besteak beste, Euskal Unibertsitateetan ikasten ari diren ERASMUS ikasleak zeuden, eta, halaber, Europar Informazioaren Euskal Sareko kideak –REVIE-, Europar Mugimenduaren Euskal Kontseilua eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europar Agentzia. Lehendakariaz gain, ekitaldian aritu dira Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Irune Aguirrezabal, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendaria, eta Susana del Río, Zientzia politikoan doktorea eta gizarte zibilaren parte hartzean eta Europako komunikazioan aditua.

Bere hitzaldian, Lehendakariak nabarmendu du bere Gobernuak euro-erregioen interesen alde jokatu duen rola; adibidez: europar aurrekontuak berrikusteko dokumentua, erregioei buruzko ikuspegirik ez izateak eraginda; edo Arku Atlantikoarentzako Estrategia bat abiatzeko EBri egindako eskariaren bultzada, Normandiarekin batera abiatua –Lópezek espero du Europar Kontseiluak laster onartuko duela-.

Lópezek adierazi du Euskadiko balio nagusia “pertsonak” direla. Euskadi erregio txikia denez, “giza kapitala da gure ekonomia aurrera bultzatu eta gure enpresak haztera eramaten dituena”, eta horri esker ari gara krisialditik “poliki-poliki” ateratzen. Horregatik, Euskadik EBren sostengua behar du –Lehendakariaren arabera- “I+G+b alorrean gehiago inbertitzeko, edo Europarekiko trenbide-konexioa bultzatzeko, Abiadura Handiko Trenaren bitartez. “Nahi dugu Euskadi Europan egon dadin, eta Europa Euskadin egon dadin”, gaineratu du.


Bukatzeko, Lehendakariak eskari bat egin die ekitaldian egon diren europar gazteei, alegia, “Euskadi errealaren” “enbaxadore” bezala jardun dezaten eta hemendik kanpo transmititu dezaten “indarkeria gaitzesten duen Euskadi moderno, aurrerakoi, lehiakor eta solidario honen irudia”, esan du bukatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria