Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bigarren Lurraldearen Arloko Plan Eolikoaren izapidetzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzak

2010.eko maiatzak 11

Arabako Foru Aldundiaren "jarrera maximalista" deitoratu du Unda sailburuak

Garapen iraunkorrerako ardatz nagusietako bat eta negutegi-efektuko gas-emisioak murrizteko faktore garrantzitsuenetako bat energia berriztagarrien erabilera deneko oinarria hartzen du abiapuntutzat Lurraldearen Arloko Plan berriak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Energia Eolikoaren bigarren Lurraldearen Arloko Planari ekin dio autonomia-erkidegoan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak gaur aurreratu duenez.

Erabaki horren bidez Eusko Legebiltzarrak 2009ko ekainaren 18an aho batez onartutako ez-legezko proposamena betetzen da. Horretaz gain, lehen urrats garrantzitsua da euskal erakundeek berriki sinaturiko Itun Eolikoaren ondoren. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sinatu dute akordioa, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Arabako Foru Aldundia izan da kanpoan gelditu den bakarra, nahiz eta gainerako sinatzaileek onartu egin duten foru-administrazioak akordioa sinatzeko baldintza gisa eskatu zuen eranskina.

Horri dagokionez, deitoratu egin du horren guztiaren ondorioa, hau da, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren ez-legezko proposamena bete duen, Araba bere aldetik doala. "Arabaren zain egon ginen. Pazientzia izan genuen, Legebiltzarrean ezarritako epeez haratago ere bai, eta ez zen ezer egiterik izan, hartu zuen jarrera maxismalistarengatik, gure erkidegoaren energia- eta ingurumen-interesekin ikusteko gutxi duen jarrerarekin", adierazi du Bernabe Unda, Industria sailburuak.

Dena den, energia berriztagarriak sustatzeko politikak irmo irauten du joan den astean Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiak emandako ebazpenarekin, plan eolikoaren bigarren idazkuntzari ematen baitio hasiera.

Garapen iraunkorrerako ardatz nagusietako bat eta negutegi-efektuko gas-emisioak murrizteko faktore garrantzitsuenetako bat energia berriztagarrien erabilera deneko oinarria hartzen du abiapuntutzat Lurraldearen Arloko Plan berriak. 2020. urterako Estatu kideetako energia-kontsumoaren % 20 energia berriztagarrietatik etortzea finkatu du helburu gisa Europar Batasunak. Hori lortzeko beharrezkoak diren ahalegina ordenatzeko, Aldaketa Klimatikoaren aurka Borrokatzeko Euskal Plana (2008-2010) idatzi du Autonomia Erkidegoak.

Lurraldearen potentzial eolikoa aprobetxatu beharra ezarriko du funtsezko zutabe gisa plan horrek, energia eolikoa potentzial handieneko iturrietako bat baita, eta gaur egun ekoizpen elektriko osorako ekarpen handiena egiten duena.

Bestalde, 3E 2010 Planean bilduriko Euskal Autonomia Erkidegoaren energia-plangintzak energia-eredu iraunkor baten aldeko apustua egiten du, eraginkortasuneko, lehiakortasuneko, kalitateko, segurtasuneko eta ingurumen-hobekuntzako irizpideekin.

Aurrerapen zientifiko eta teknologikoek, ingurumen-plangintza eta -araudi berriak eta beste hainbat zirkunstantziak 2002an onartutako egungo Lurraldearen Arloko Plana blokeo-egoera batera eraman dute, planaren garapena zaildu eta sustatzaileen artean zalantzak pizten dituen egoerara. Eusko Legebiltzarra ez-legezko proposamen bat onartzera eraman zuen horrek, Lurraldearen Arloko Plan berri bat egiteko eskatuz, energia eolikoaren bigarrena.

Orduz geroztik, eta dokumentu horretarako soluzio egokiena aurkezteko, gogoetarako aldi bat igaro da, eta horren ondorio izan da berriki formulaturiko Itun Eolikoa. Itun horren oinarrizko printzipioak Euskadiren plangintza eoliko berriak berme gisa erabiliko dituen oinarrizko zutabea dira. Adosturiko dokumentu bat landu nahi da, gure autonomia-erkidegoko sektore eoliko osoa ordenatuko duena, karbono-emisioen murrizketan aurrera jarraitzea ahalbidetuko duena eta gure lurraldearen ingurune natural eta paisajistikoaren zaintzarekin bateragarritasuna ziurtatuko duena.

Bigarren Lurraldearen Arloko Plan eolikoaren idazkuntzarekin hasi ondoren, akordioa Lurralde Plangintzaren eta Uren Sailburuordetzari aurkezten zaio sailburuordetza horrek bere kontsiderazioen ekarpena egin dezan eta plana Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek eta Lurraldearen Zatiko Planek definituriko lurralde-esparruan behar bezala txertatzen dela bermatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzari ere aurkezten zaio akordioa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio osoko prozedurari hasiera emateko, eta Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Planaren Ingurumen Iraunkortasuneko Txostenean jasota behar duen hedadura eta zehaztapena definitzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda