Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk asteazkenean emango die hasiera, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitatearen lehen Jardunaldiei

2010.eko maiatzak 11

Gasteiz, maitzak 11.- Bilboko Euskalduna Jauregian, maiatzaren 12, 13 eta 14an, "Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitatearen gaineko I. Jardunaldiak" egingo dira, eta Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emango die hasiera.

Jardunaldi horiek topaleku irekia izango dira geodibertsitatearen inguruan lana egiten duten eta interesa duten pertsona eta erakunde guztientzat, Euskal Autonomia Erkidegoan Geodibertsitatearen Estrategia baterako oinarriak eraikitzeko. Jardunaldietan, estatuko eta EAEko esperientzia praktikoak azalduko dira, geodibertsitatearen egoera orokorra aztertuz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko geobaliabideak zaindu, ustiatu eta balioa emateko oinarriak eta beharrak finkatuko dira.

Jardunaldi hauek Biodibertsitatearen Urtean egitearen "aukera" azpimarratu du Pilar Unzaluk, geodibertsitateak duen "potentzial ikaragarria" mahai gainean jartzeko balioko dutelako, "ekonomia berpizteko, turismorako eta landa garapen jasangarrirako eragile gisa".

"Herritarrok gure harri-koskorra ekarri behar dugu, gure ingurune hurbilenean dugun geologia-ondareari balioa emateko. Askotan, ez diogu erreparatzen, baina, benetan, aisialdirako eta turismo didaktiko eta kulturalerako aukera handia eskaintzen du" adierazi du.

"Geodibertsitatearen" kontzeptua 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, "biodibertsitatearen" osagarri eta oinarri. Hamarkada horretan bertan, geoparkeak agertu ziren Europan, eta ondoren Europako Geoparkeen Sarean eta UNESCOren Geoparkeen Munduko Sarean sartu ziren. Geologia-balioei loturiko turismoa sustatzeko ekimena da.

Jardunaldiei asteazkenean emango die hasiera, 9:30ean, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, eta ekitaldian hiru foru aldundien eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkariak egongo dira.

Eusko Jaurlaritzak antolatu ditu jardunaldi horiek, honako hauen laguntzaz: foru aldundiak, EEE Energiaren Euskal Erakundea, ICOG Geologoen Elkargo Ofiziala, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Garapen Jasangarriaren eta Ingurumen Hezkuntzaren gaineko UNESCO-EHU Katedra, UNESCO-etxea, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Luberri.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu