Berriak Segurtasuna
Eu

Neguko Bidezaintza Plana iaz baino gehiagotan aktibatu dute, baina errepide-sarean izandako arazoak txikiak izan dira

2014.eko apirilak 07
Segimendu eta informazio fasea zortzi aldiz aktibatu dute, eta fase operatiboa, zazpi aldiz
 
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak zortzi aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren segimendu eta informazio fasea, elur-maila 1.000 metrotatik behera zegoelako, eta zazpi aldiz, fase operatiboa, elur-maila 700 metrotara edo gutxiagora jaitsi zelako.
 

Plana askotan aktibatu arren –guztira hamabost aldiz, eta iaz bederatzi aldiz bakarrik–, elurrak ez du arazo larririk eragin Euskadiko errepide-sarean. Prezipitazioak mugatuak izan dira denbora aldetik, eta oso gutxitan gertatu dira 500 metrotik behera.

«Elurrak zirkulazioan eragindako arazoak ez dira aipagarriak izan- azaldu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok-. Baldintza meteorologiko txarrak kostaldean sumatu dira gehiago, olatu handiak eta haize bortitzak eragin baitituzte, baina Euskadiko errepide sarean elurrak izandako ondorioei dagokienez, eskasak izan direla esan dezakegu. Aurreko urteetako neguekin alderatuz, aurtengoa lasaia izan da errepideetan».

Lehen elurtea azaroaren 15ean eta 16an izan zen. Elur-maila 600 metroen inguruan zegoen; beraz, kateak edo neguko pneumatikoak beharrezkoak izan ziren Herrera, Opakua eta Bernedo mendateetan, eta Etxegarate aldizka moztu zuten, metatutako elurra garbitzeko.

Handik egun gutxitara, azaroaren 19an, plana aktibatu zuten berriz 23ra arte. Azaroaren 20an, gainera, hainbat alerta aktibatu zituzten: horia elurragatik eta itsas bazterreko arriskuagatik (olatuen altuera zela-eta) eta laranja, Bizkaian eta Gipuzkoan, etengabeko euriagatik. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu zuen. «Erakunde guztien koordinazio eraginkorrari esker, denboralearen ondorioak arintzeko neurriak hartu genituen –adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok-.  Hala, arrisku-egoerak saihestu ahal izan genituen».

2013 amaitu aurretik, beste bi elurte izan ziren: abenduaren 25ean eta 26an eta abenduaren 28an eta 29an; hala ere, elur-maila 700 metrotatik gora zegoen. Gauza bera gertatu zen urtarrilaren 4an eta 5ean, eta Neguko Bidezaintza Plana aktibatu behar izan zen.

Txingor-zaparrada gogorrak Bizkaian

Urtarrilaren 20an, txingor-zaparrada gogor batengatik, BI-631 errepidean zirkulatzen ari ziren zortzi ibilgailuk kontrola galdu eta elkarren aurka talka egin zuten Mungian. Plana aurreko egunetik zegoen aktibatuta. Gertakariak bi zauritu arin eragin zituen.

Handik hamar egunera, urtarrilaren 30ean, zazpigarren elurtea gertatu zen. Errepide eta herri berean, Mungian, beste txingor-zaparrada baten ondorioz, bost ibilgailuk talka egin zuten, eta hiru zauritu izan ziren. Hala ere, elurrak eragin zituen zirkulazio-arazo larrienak, Araban: AP-68 errepidean, Ziorraga eta Altubeko ordainlekuen artean, eta N-622 errepidean, Altube eta Gasteiz artean.

Bestalde, otsailaren 2an, bigarren aldiz aktibatu behar izan zuten Euskadiko Babes Zibileko Plana 24 orduz. Olatu bortitzek zulo handi bat sortu zuten N-634 errepidean, Zarautz eta Getaria artean, eta ondorioz, errepidea moztu egin zuten.

Bost aldiz, otsailean

Trafikoko Zuzendaritzak bost aldiz aktibatu zuen otsailean Neguko Bidezaintza Plana. Dena den, ez zen gertakari nabarmenik izan. Martxoaren 3a eta 4a izan ziren egun okerrenak, elur-maila 800 metroen inguruan kokatu baitzen, eta prezipitazio etengabeek lur-jausi bat eragin baitzuten N-634 errepidean, Getaria eta Zarautz artean. Egun horietan, gainera, Babes Zibileko Plana aktibatu behar izan zuten berriz, itsas bazterreko arriskuagatik, 10 metrotik gorako olatuengatik.

Martxoaren bukaeran aktibatu dute Neguko Bidezaintza Plana azken aldiz, baina elurrak ez du arazo aipagarririk eragin Euskadiko errepide-sarean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)