Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kultura eta gastronomia ezagutarazi nahi ditu Fox Zentroak ospatzen duen nazioarteko jaialdian parte hartuz

2010.eko maiatzak 10

Kanpoko Euskal Gizataldeetako zuzendari Julián Celayak dio "aukera paregabea" dela hau mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen

Euskal Autonomia Erkidegoak bi arte-erakusketa, gastronomia-erakusketa bat eta Picassoren "Gernika" lanaren erreprodukzio erraldoi bat eramango ditu

Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritzak Euskadiko kultura eta gastronomia ezagutaraziko ditu maiatzaren 7tik 16ra Mexikoko Vicente Fox presidenteak sortutako Guanajuatoko Fox Zentroan ospatuko den "Festival Cultural Internacional España, el Legado Cultural" izeneko jaialdian.

Kanpoan diren Euskal Herritarren eta Gizataldeen zuzendari Julián Celaya izan zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari maiatzaren 7an Fox Zentroan egin zen festa-afarian. Han izan zen Espainiak Mexikon duen enbaxadore Manuel Alabart jauna ere.

Hala, Julián Celayak nabarmendu zuen Euskadik ekimen horretan parte hartzea "harro egoteko modukoa dela, eta aukera paregabea" dela Euskadiko kultura, gastronomia eta turismoa Mexikon ezagutarazteko, "mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen eta bertatik bertara ezagut dezaten autonomia-erkidego hori zein aberatsa den".

Celayaren esanetan, Mexikok "lehentasuna du Euskadirentzat, munduan euskal enpresari gehien dituen herrialdea baita. Zehazki, Euskadiko 160 enpresa inguru daude Mexikon.

Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritzak 7 metro luze den stand bat, bertan Picassoren Gernikaren erreprodukzio erraldoi bat ezarrita, Euskadiko turismoari buruzko informazio-gune bat eta Gorka Larrañaga gipuzkoar artistaren erakusketa bat eraman ditu.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortutako Kimuak izeneko laburmetraia-zikloaren programa ere eraman du. Gaur egun Euskal Filmotekak kudeatzen du egitasmo hori. Gainera, Bilboko Guggenheim museoaren aurrealdearen erreprodukzio bat ere jarri du leihate batean erakusgai. Javier Riaño eta Gorka Larrañaga euskal artistek ere parte hartzen dute formatu handiko obrekin.

Halaber, 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izan dadin nahi du, eta Donostia hautagaitzat sustatuko du. Euskal artista gazteen sormena ere ezagutaraziko du, maila art. izeneko formatuko erakusketa berritzaile batekin.

Euskadiko gastronomia ere bertan izango da, Mexikoko Euskal sukaldarien Sukalde elkarteak parte hartuko baitu Juantxo Sánchez famatua buru duela.

Julián Celayak Mexikoko bisitaldia aprobetxatuko du Secretaría de Relaciones Exteriores eta Instituto Nacional de Migración izeneko erakundeen mendeko Instituto de Mexicanos en el Exterior izenekoaren arduradunekin biltzeko.

 

 

     

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Julián Celaya