Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak bizi ohitura osasungarriak izatera animatu dituzte herritarrak Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Munduko Egunean

2014.eko apirilak 06

Jon Darpón Osasun Sailburua “Getxotik Oinez Bizi” ibilaldian izan da gaur. Izan ere, ekimen horrek ehunka lagun bildu ditu Osasunaren Munduko Eguna eta Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Eguna ospatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko emakumezkoen %34k eta gizonezkoen %27k ez dute ariketa fisiko nahikorik egiten eta, hartara, ibilaldi hori Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasuna eta bizimodu osasungarriak sustatzera bideratu dituzten ekimenen baitan kokatzen da

Getxo 2014ko Europako Kirolaren Hiria izendatu ondoren, ehunka lagun bildu ditu igande honetan “Getxotik Oinez Bizi” ekimenak, oinarri zehatz batetik abiatuta: ariketa fisikoa sarritan egiteak murriztu egiten ditu gaixotasun koronarioari, arterietako hipertentsioari, iktusari, diabeteari, osteoporosiari, koloneko minbiziari, bularretako minbiziari eta buruko nahasmenduei lotutako erikortasuna eta heriotza-tasa

Joan den asteazkenean aurkeztu zen Legebiltzarrean 2013-2020 aldirako Osasun Plana, eta Legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso zuen. Hain zuzen, Planak “lehentasunezko eremutzat” jotzen ditu “ingurune eta jokabide osasungarriak”; hau da, osasuna eguneroko bizitzako hainbat alderditan ere bultzatzea: ariketa fisikoa, elikadura-osasuna, buruko osasuna, inguruneari eta lanari lotutako osasuna, eta obesitatea, tabakismoa, alkoholaren kontsumoa eta beste adikzio batzuk prebenitzeko neurriak.

2013an Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunari buruzko Inkestan jasotako datuen arabera, gizonezkoen %27k eta emakumezkoen %34k ez dute egiten Osasunaren Mundu Erakundearen arabera osasunean onurak eskuratzeko egin beharreko gutxieneko ariketa fisikoa. 2013-2020 aldirako Osasun Planak ariketa fisikoren bat egiten duten pertsonen ehunekoa handitzea du helburu. Zehazki, ariketa fisiko nahikorik egiten ez duten pertsonen portzentajeak %10 eta %15 murriztu nahi ditu, hurrenez hurren.

Ariketa fisikorik ez egiteari eta egoneko bizitzari lotuta dagoen obesitateari dagokionez, Osasun Inkestak agerrarazi duenez, gizonezkoen %14 eta emakumezkoen %12 gizenegi daude. Azken urteetan obesitatearen prebalentzia handitu egin da 25-45 urte bitarteko gizonezkoen nahiz emakumezkoen artean.

Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren Munduko Egun honetan, Osasun Sailburuak bizi-ohitura osasungarriak izatera bultzatu ditu herritarrak, eta “egunero aktibo izateko beharra” azpimarratu du, “egunean 30 minutuan ibiliz gero, gure osasuna nabarmen hobe litekeelako. Horri elikadura osasungarri eta orekatua gehitu, eta tabakoa eta alkohola saihestuz gero, gure bizi-kalitatean eta osasunean onuradun irtengo gara”.

Azkenean, Jon Darpónek nabarmendu du osasuna osotasunean ulertu beharra dagoela, eta erakunde publikoen inplikazioa ez ezik, herritar guztien inplikazioa ere eskatzen duela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)