Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Eusko Jaularitzak datorren astean aztertuko ditu denboraleek mugitutako 66.000 metro kubiko hondar kentzeko proposamenak

2014.eko apirilak 05

 

·      Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak dragatze horiek egiteko lau eskaintza jaso ditu jada

·      Gaur irekiko da Mutrikuko portuan sartzeko errepidea

·      Bermeoko olatu-horma hormigoitzen hasi dira gaur

·      Bi aste barru erabaki dute Hondarribiko Interlimenetik gertuko mendi-mazeletarako irtenbidea

  • Ruiz de Angulo: «Donostian nerbometala ipintzen ari dira, ondoren moila azpian ezkutatutako zulo handia hormigoitzeko».

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak datorren astean aztertuko ditu Mundakako, Lekeitioko, Ondarroako eta Debako portuetan denboraleek mugitutako 66.000 metro kubiko hondar inguru dragatzeko proposamen tekniko eta ekonomikoak. Berehala ekingo zaie lan horiei. Gaur larunbatean, Berdelaren Egunarekin bat, ireki egingo da Mutrikuko portuan sartzeko errepidea,eta atzo, berriz, Bermeoko olatu-horma hormigoitzeari ekin zioten. Hondarribiko Interlimeneko etxeetatik gertuko mendi-mazeletarako irtenbide bat bi aste barru erabakiko da, halaber; Donostian, berriz, itsasoaren indarrak irekitako zuloa nerbometalez konpontzen ari dira moila azpian ezkututako zuloa hormigoitzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, «sakonerei eusteko lanak maiz egin ohi dira, batez ere itsasadarren aldameneko portuetan, neguaren eta denboraleen ondorioz ohikoa izaten baita sedimentuak eta hondarrak metatzea».  

 

«Portuak dragatzeko planak gutxieneko sakonera bat ezartzen du portu-eremu bakoitzerako, eta hori betetzen ez denean sakonera nominala lortu arte dragatu beharra dago; sakonera horren arabera proiektatu zen portuko azpiegitura bakoitza», zehaztu du Ruiz de Angulok.

 

Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariaren iritziz, «amaitu berri den neguan izandako denboraleek ezohiko indarra izan dute, eta portu jakin batzuetan handiagoa izan da sakoneren galera, zehazki Lekeition, Mundakan, Ondarroan eta Deban».

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak lan horiei aurki ekitea espero du, eta dragatzeko lanetan adituak diren sei enpresari eskaintzak eskatu dizkie jada. «Oraingoz lau eskaintza jaso ditugu; hurrengo astean aztertuko ditugu horiek, lanak onenari esleitu ahal izateko. Lanak amaitzeko epeak bainatzeko denboraldiaren hasierara arte iraungo du. Ordurako dragatuta ez dagoen guztia eten egin beharko da, berau amaitzen denean berriro ekiteko», azaldu du Almudena Ruiz de Angulok.

 

Kenduko den hondar kopuruari dagokionez, Mundakan 5300 metro kubiko aurreikusi dira (617 izan ziren 2013an), Lekeition 30.600 (4580 2013an), Ondarroan 25.000 m3 –han ez da beharrezkoa izaten mantentzeko dragatzerik egitea–, eta Deban 6000 m3. Lan horiek datorren astean esleituko dira proposamenak aztertu ondoren; 800.000 euro inguruko kostua izatea aurreikusi da.

 

Bermeo

«Bermeoko portuan –azaldu du Ruiz de Angulok– otsailean gehienbat berehala babesteko egindako obren ostean, INHA ingeniaritza-enpresak martxoan lan egin du konpontzeko eta sendotzeko irtenbideak kalkulatzeko eta zehazteko. Irtenbide horiek oinarri hartuta, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan, ekin diete dagoeneko olatu-hormako dikearen kokotean izandako kalteak berreraikitzeko lanei. Atzo ostiralean hormigoitu dute 15 metro luzeko babes-dikearen kokote hautsiaren lehen tartea». (argazkia)

 

«Bermeoko portuaren eremu horretan atzo ostiralean amaitzen ari ziren enkofratuak eta ainguratzeko eta sendotzeko armadura ipintzen. Bigarren tartean –40 metro luze– orain egiten ari dira hormigoitu aurretiko zulatzeak eta ainguraketa-ezarpenak», gaineratu du Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendariak.

 

Portuzarrako galtzadarrizko zoladura saneatzeko lanak amaitu dira aurretik (300 m2); egoera txarrean zeuden galtzadarriak kendu dira eta hormigoizko zolataz bete oinezkoen joan-etorri segurua eta irisgarria babestearren. Hurrengo hilabeteetan zama astunak garraiatzen dituzten ibilgailuen joan-etorriaren aurrean babesteko ere balio izango du horrek, halaber. Berreraikitzeko lanak amaitu ondoren egingo da Portuzarrako zoladuraren konponketa osoa.

 

Etxepe eraikinaren inguruan, zolataren azpian, kautxu birziklatuzko xafla batzuk ipini dituzte eragiten dioten balizko dardarak arintzeko. «Gainera, itsas eguraldi ona iragarrita dagoenez, Frantxuako iparraldeko horma eraitsi dute aste honetan, eta horri esker proiektuan aurreikusitako bigarren mailako mantuko harri-lubeta ezartzeko lanari berrekin diote alde horretan».

 

Lanak Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila bere portu-esparruan zein beste erakunde batzuekin elkarlanean denboraleek eragindako kalteen gainean egiten ari den lanei dagokienez, Hondarribia nabarmendu beharra dago; izan ere, han, «Azpiegituren zuzendariaren iritziz, erakundeen arteko akordioa lortzeko lanean ari dira Interlimeneko etxebizitzen inguruko mendi-mazelaren lerradurak konpontzeko irtenbide bat zehazteko. Gipuzkoako Aldundiak itsasargira joateko errepidean euste-lanak egiteko planteatutako irtenbideari, etxeetatik gertu erortzen diren lurrei eusteko beharrezko lanak gehitu behar zaizkio.  Baterako irtenbidea hamabost egunen buruan hartuko dela aurreikusi da».

 

Donostian kalte handienak hegoaldeko kaiko muturrean izan ziren, non urpekariek egiaztatu zuten haren oinarriko hormigoizko zapata desagertu dela; horregatik, goiko harri-lanezko hormak behera egiteko arriskua zegoen, moilak berak zituen pitzadurek adierazten zuten moduan.

 

«Luiziak neurri handiko hondakinak utzi zituen hondoan barreiatuta, eta horietako gehienak kendu dira jadanik. Zuloaren sakonera ia ez zen ikusten itsasbeheran, baina kalte handia zegoen itsas hondoan, dagoeneko konpontzeko bidean. CIOMAR enpresa arduratuko da konponketaz; hala, nerbometala ipintzen ari da moila azpiko zuloa hormigoitzeko», azaldu du Ruiz de Angulok.

 

«Kaiko zoladuraren eta kokote edo petrila konpontzeko lanak ere amaitu dira. Itsasora erori ziren ia harri guztiak berreskuratu dira horretarako, 9 metro luzeko tarte batenak izan ezik; azken horiek Nafarroako harrobi bati agindu behar izan zaizkio tipologia berekoak izan zitezen. Lan horiek Campezo enpresari esleitu zitzaizkion», gehitu du Almudena Ruiz de Angulok.

 

Getarian Eusko Jaurlaritza sarea Menditxo mendi-mazelan ipintzeko lanak egiten ari dira oraindik; lan nagusiak eginda daude jada, eta bizilagunak itzuli ahal izan dira horri esker. Denboralearen kalteei dagokienez, konponketak egiteko beharrezko proiektuak zehaztu dira; kasu honetan ez dira oso handiak izan, portuko eraikinei eta zerbitzuei eragin baitiete gehienbat, baina ez azpiegiturei.

 

Deban 5000 m3 dragatu beharra aurreikusi da, eta baimenak izapidetzen ari dira jada.  Zumaian dragatze-lanetan ari dira, eta dikean sartzeko bidea lehengoratu da, baina oraindik harlangaitzak itsas hondotik berreskuratu behar dira kokotean ipin daitezen. Lan horien guztien bitartez itsasora eroritako garabia berreskuratuko da 15 egunen buruan. Orion TYPSA ingeniaritza-enpresa idazten ari da kontradikea sendotzeko proiektua.

 

Atzo ostiralean Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Mutrikuko portuan sartzeko errepidea konpontzeko lanen harrera egin zuen, eta era horretan amaitu egin ziren urritik Moyua eraikuntza-enpresa Eusko Jaurlaritzak sustatuta egiten ari zen lanak. Azken hilabeteetako eguraldi txarrak asko eragin du lan horietan, baina lanok garaiz amaitu dira gaur larunbatean Berdelaren Egunaz gozatzeko portura joan nahi duten guztiek sarbide-errepide hori erabil dezaten. Gutxi gorabehera 600.000 euroko aurrekontua du.

 

 

Ortoargazkien iturria: GeoEuskadi 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak