Berriak Lehendakaritza
Eu

Urkullu lehendakariak diru sarrerak bermatzeko politika «euskal gizartearen ondarea» dela esan du

2014.eko apirilak 07
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aldian-aldian antolatzen duen analisirako eta eztabaidarako Elkargune jardunaldiaren barruan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Diru-sarrerak bermatzeko politikak Euskadin ezarri izanaren 25. urteurrena ospatzeko jardunaldia inauguratu du. Deustuko Unibertsitateko auditorioan (Bilbo) egindako ekitaldian izan dira Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Juan María Aburto sailburua, besteak beste.

Duela 25 urte txirotasunaren aurkako plana onartu zeneko egoera labur aipatu ondoren –gogoan izan behar da Euskadi krisialdian zela eta industria-sektore askori eragin ziela, familia asko eta asko amildegira eramanez–, lehendakariak adierazi du urte horietan guztietan gauzatutako politika, egun Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) gisa ezagutzen dena, «euskal gizartearen ondare» dela. Iñigo Urkulluk azaldu duenez, «ez da alderdi politiko baten jabetzakoa, ezta erakunde batena ere, denon artean kudeatu eta garatu dugulako. Gainerako autonomia erkidegoengandik bereizten gaituen ezaugarria dugu».

Egun haiek gogoan hartuta, lehendakariak adierazi du orduan Ardanza lehendakari ohia buru zuten erakunde publikoek hartutako erabakia «ausarta eta berritzailea» izan zela. Urkulluk «bi eskuko politika» izan du aipagai: «Esku batez, onbideratu zitezkeen jarduerak berreskuratzeko eta ekonomia-sektore berrien sorrera ahalbidetzeko industria-politika irmoa jarri zuten abian, eta, beste eskuaz, Txirotasunaren aurkako osoko plana eratu zuten, pertsona eta familia behartsuenei laguntzeko».

Lehendakariaren iritzian, bi eskuko politika hori eraginkorra izan da oso, lortu dituen emaitzak ikusita. «25 urte igaro dira eta balantzea egiteko moduan gaude. Euskadiko langabezia-tasa Estatuko batez bestekotik behera dago. Gauza bera gertatzen da txirotasun-tasarekin. Euskadi industria-gaitasuneko eta industria-ekimeneko erkidegoa da, erkidego solidarioa».

Bere mintzaldiaren amaiera gizarte-laguntzen eraginak kritikatzen dituztenen argudioei kontra egiteko aprobetxatu du. Esan duenez, «historiak agerian utzi du prestazio-sistemak enpleguan izan duen eragina positiboa izan dela argi eta garbi». Horren harira adierazi du berdintasun-tasak eta okupazio-mailak hobera egin dutela Euskadin, martxan jarri zirenez geroztik hona.

«Laguntza horiek ezinbesteko gizarte-inbertsioak dira izan; inbertsio horri esker, milaka familia dago pobreziaren atalasetik at eta Euskadiko kohesio soziala gure ingurunekoa baino nabarmen hobea da. Horrenbestez, ongizatearen estatua egi bihurtu da Euskadin», ondorioztatu du lehendakariak.


DBE, EPO eta GLL

Eusko Jaurlaritzak hiru prestazio eta laguntza sozial mota ditu: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioa (EPO) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL). Lehen biak Lanbidek kudeatzen ditu zuzenean.

Lehena aldizkako prestazio ekonomikoa da, bizitzeko oinarrizko gastuei eta gizarteratzeko edo laneratzeko gastuei aurre egitea helburu duena. Kide bakarreko edo gehiagoko bizikidetza-unitate bateko kide izan eta aipatutako gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei zuzenduta dago.

2013an, orotara, 62.712 pertsonek jaso dute DBE, eta pertsona horiei guztiei arreta egiteak 359,33 milioi euroko urteko gastua eragin du, gutxi gorabehera hilean 29,9 milioi euro. Lurralde historikoka, Arabak 9.001 onuradunekin itxi zuen urtea (56,8 milioi euro); Bizkaiak, berriz, 39.656 onuradunekin (228,4 milioi); eta Gipuzkoak, azkenik, 14.055 onuradunekin (74,1 milioi). Onuradun gehieneko adin-tartea 35 eta 44 urte arteko pertsonena izan da (% 27,1). DBE kobratzen duten 10 pertsonatik 6 emakumeak dira (% 59; gizonak berriz % 41 dira). DBE jasotzen duten bertako pertsonen kopurua 45.000 inguru da, hots, atzerritarren kopurua baino 2,5 aldiz handiagoa (% 71,9 eta % 28,1, hurrenez hurren). Maila horiexetan daude halaber ez pentsionistak pentsionistekiko (% 71,8 eta % 28,2).

Bestalde, Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioa, aldizkako prestazio ekonomikoa hau ere (250 eurokoa), Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarria da.  Etxebizitza alokatzearen edo ohiko bizilekuaren gastuei aurre egitera bideratuta dago; alegia, errentamenduak, azpierrentamenduak, baterako errentamenduak, ostatatzeak edo logela-alokairuak ordaintzera.

2013an, 76,0 milioi euro xedatu ziren 25.894 pertsonen artean: 13,3 milioi Araban; 45,8 Bizkaian; eta 16,8 Gipuzkoan.

Azkenik, Gizarte Larrialdiko Laguntzak, aurreko biak ez bezala, ez dira eskubide subjektiboa. Eusko Jaurlaritzak bideratutako eta Udalek kudeatutako aurrekontua dute eta larrialdi-egoeran dauden pertsonen gastu hauei aurre egitera bideratuta daude: alokairua, amortizazio-interesak, bestelako mantentze-gastuak, altzariak eta etxetresna elektrikoak, etxebizitzako konponketak eta instalazioak, lehen mailako beharrak eta zorrak. Krisiaren ondorioz, handitu egin dira hipotekak eta errentamenduak ordaintzera bideratutako laguntzak, etxebizitzarik ez galtzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)