Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Europak nabarmendu du Euskadi gazteriari buruzko politikaren alorrean egiten ari den lana

2014.eko apirilak 03

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Presidentearen lan misio bateratua europar instituzioetan

 

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin lankidetza estuan eta modu koordinatuan arituz, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariak –Jon Redondo- eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenteak –Itsaso Andueza- lan erronda proaktiboa izan dute europar instituzioekin eta gazteriaren europar plataforma nagusietako ordezkariekin.

Halaber, agendaren baitan, EGKko presidenteak Europako gazteriaren Foroan parte hartu du, Eskualdeetako Batzordean; bertan, europar gazteriaren 150 ordezkari bildu dira, gomendioak adosteko eta gazteriaren ahotsa europar agendan indartzeko.

Bai europar instituzioetako ordezkariek eta bai Europako Gazteriaren Forokoek azpimarratu dute Euskadiko Gazteriaren II. Plana bat datorrela europar programazio berriarekin. Hala Europar Batzordeko Gazteriaren Zuzendaritzak eta nola Lankidetza Zuzendaritzak zenbait lankidetza-ildo ireki dituzte, eta horri lotuta azpimarratu dituzte Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza gauzatzen ari den ekimen eta ekintzen abangoardia-izaera eta erreferentzialtasuna. Halaber, lankidetza-bide bat ahalbidetu da Europako Gazteriaren Foroarekin (Europako plataforma nagusia, Europako gazteriaren kontseiluak biltzen duena) eta AISECekin (gazteriaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetzarako nazioarteko plataforma).

Lan agenda bukatzeko, bilera bat egin da Izaskun Bilbao eurodiputatuarekin; bertan, gazteriaren alorreko lehentasunei buruzko alderdiak jorratu dira, bai Europako Parlamentuari begira eta bai europar hauteskundeei begira.

 

Agenda proaktiboa gazteriaren alorrean, Bruselan

Euskal ordezkaritzaren lan agendaren helburua izan da 2014-2020 sasoiko europar programazio berriak gazteriaren alorrean eskaintzen dituen aukerak aztertzea; horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Gazteriari buruzko II. Planaren baitan biltzen diren ekintza eta ekimenak kontrastatu nahi izan dira europar instituzioekin eta Europako gazteriaren plataformekin, eta, halaber, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) eta beraren homologo europarren arteko lankidetza sustatu eta sinergia eta lankidetza-bide berriak esploratu nahi izan dira Gazteria Kooperantearen Programaren baitan. Besteak beste, jorratu diren gai nagusiak hauexek izan dira: gazteen langabeziaren aurkako borroka; gazteriaren inplikazioa enpresa-ekintzailetzako ekimenetan; gazteria europar agendan; gazteen emantzipazioa; boluntariotza eta gazte-mugimenduak indartzeko bideak.

 

Gisa berean, Euskadi izendatuta dagoenez -2014ko ekainetik abendura- Autonomia Erkidegoek gazteriaren alorrean izango duten parte-hartzearen koordinaziorako, Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria eta Kulturaren Ministroen Kontseiluaren baitan, horri buruzko zereginak prestatzeari dagozkion alderdiak ere jorratu dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariak, Euskadiko Europar Batasunaren Ordezkariak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Presidenteak bilera izan dute Europako Batzordearen Gazteria Zuzendariarekin, Europako Gizarte Funtsaren ordezkariekin eta gazteriaren AIESEC plataformarekin, eta, halaber, Europako Batzordearen EU Aid Volunteers ekimenaren koordinatzaileekin eta ekintza pilotu bateko ordezkariekin.

 

 

 

Bruselan, 2014ko apirilaren 3an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Itsaso Andueza