Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2012-2013ko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu

2014.eko apirilak 04

15 irabazle gazteek ingelesa hobetzeko ikastaroa eta egonaldia egingo dute hiru astez Toronton (Kanada) 

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak, eta Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak 2012-2013ko Batxilergoko Sari Bereziak banatu dituzte gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 15 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, Toronton (Kanada) hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere eskuratu dute, uztailerako. Irabazleak (2 arabar, 6 bizkaitar eta 7 gipuzkoar) unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen.

Joan zen 2012-2013 ikasturtean Batxilergoa batez beste 8,75etik gorako notaz gainditu zuten 679 ikasle aurkeztu ziren orotara Batxilergoko Sari Berezia eskuratzeko probetara. Horietatik puntuaziorik altuena lortu zuten 15 ikasleek eskuratu zuten saria, gaur eguerdiz jaso duten saria, hain zuzen ere. Azterketan, hainbat ariketa gainditu behar izan zituzten, bai ikasgai komunetakoak eta baita norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoetakoak ere. 2013ko ekainean burutu zuten proba, unibertsitatera sartzeko hautaprobak egin ondoren.

Sari banaketa ekitaldian, Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko ikasleek osatutako saxofoi laukote batek William Byrd, Matteo de Perugia eta Lennie Niehaus-en piezak jo ditu. Aldi berean, Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolako ikasleek ekitaldiaren argazki-erreportajea osatu dute.

Batxilergoko Sari Berezien helburua honako hau da: Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea. 2013-2014 ikasturterako sarien deialdia aurki argitaratuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)