Berriak Osasuna

2009tik, 14.000 pertsonak baino gehiagok egin dute GIBaren test azkarra EAEko botiketan

2014.eko apirilak 04

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluko presidente Pedro Riverok Euskal Autonomia Erkidegoko botiketan egiten den GIBaren test azkarraren bosgarren urteurreneko balantzea aurkeztu dute gaur, Donostian, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Planeko koordinatzaile  Daniel Zulaikarekin batera.

Jon Darpón sailburuak 2009ko martxoaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluaren artean sinatutako hitzarmen baten bidez, sortutako ekimen honen helburua gogorarazi du. «Praktika arriskutsuak izan zituzten pertsonei GIBaren testa egitea errazteko esperientzia aitzindaria izan zen».

Bost urte hauetan, programa honetan parte hartu duten EAEko 36 botikek, guztira, 14.140 test egin dituzte. Datu horrek esan nahi du, Euskal Herriko Farmazialarien kontseiluko presidente Pedro Riveroren ustez, «pertsona horiek GIBari buruzko informazioa eta osasun-heziketa jaso dutela; zalantzarik gabe, bost urte hauetako alderdi baliotsuena eta eraginkorrena da».

Botiketan GIBaren test azkarra egin duten pertsonen batez besteko adina 35,7 urtekoa da, eta egitera joan direnetatik % 72 gizonak dira. Atzerriko erabiltzaileak % 8 dira, eta testen % 14,7 sexu harremanak beste gizon batzuekin dauzkaten gizonei egin dizkiete.

Botiketara joandako eskatzaileek argudiatutako arrazoiak, gehien bat, babesik gabeko penetrazio baginala (% 53), sexu orala (% 14) eta uzkiko penetrazioa dira (% 10). Bost urte hauetan egindako test guztien artean, 131k emaitza positiboa eman dute.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak adierazi duenez, 2011ko azaroan, sexu harremanak beste gizon batzuekin dituzten gizonei bideratutako sifiliseko test azkarrak ere barneratu ziren aipatutako programan. Geroztik, sifilisa antzemateko 673 test egin dituzte; horietatik % 4k emaitza positiboa eman dute. Horrez gain, Jon Darpónek nabarmendu duenez, 2013an, 143 GIB infekzio-kasu berri diagnostikatu dituzte. «1997an zenbatzen hasi zirenetik, zifra txikiena da».

Hauek dira botiketara doazenek gehien estimatzen dituzten alderdiak, Pedro RIverok adierazi duenez: «Emaitza azkar ezagutzea, ordutegiaren eta eremu geografikoaren aldetik erraztasunak izatea eta proba egiten dutenen anonimotasuna». Gainera, programan parte hartzen duten farmazialariek berek osasun arloko eragile komunitario gisa betetzen duten funtzioa indartuta ikusten dute.

Halaber, Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, «esku hartzen duten osasuneko eragile guztien arteko koordinazioa, farmazialari, mediku eta erizainena, bikaina» da. Etorkizunean test azkarra egiten duten botiken kopurua handitu egingo dela iragarri du Riverok: 36 izatetik 50 izatera pasatuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Rivero, Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluko presidentea, Daniel Zulaika, Hiesaren Planaren koordinatzaileak