Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Alokabidek alokairuan dituen 3.279 etxebizitzen ondasun higiezinen gaineko zerga ordainduko du

2014.eko apirilak 03

Alokabideko etxebizitzen errentariek ez dute ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ) ordaindu beharko urte honetatik aurrera.

 

Eusko Jaurlaritzaren jabetzako gizarte-etxebizitzen maizterrekin edo etxebizitza libreen Bizigune programarekin bat egitea erabakitzen dutenekin gertatzen den moduan, Alokabideko etxebizitzen errentariek ere ez dute hemendik aurrera OHZ ordaindu beharko, sozietate publikoak berak hartuko baititu bere gain udal-zerga horren gastuak. Zergaren ordainagiria jada igorri den kasuetan, Alokabidek dagokiona ordainduko die maizterrei.

Covadonga Solaguren Etxebizitzako sailburuaren iritziz, «neurri horren bidez alokairu publikoko beste modalitate batzuk dituztenen aldean pertsona batzuk desberdintasun-egoeran jartzen zituen egoera zuzentzen da».

Bi alderdiak –maizterra eta Alokabide– lotzen dituen kontratu-ereduan aldaketa hori egiteko asmoa Enplegu eta Gizarte Politiketako Juan María Aburto sailburuak berak aurreratu zuen legebiltzarrean abenduan egindako agerraldian.

Hiru hilabete geroago, Alokabideko administrazio-kontseiluak martxoaren 31n hartutako erabakiak indarrik gabe uzten du orain arte sozietate honen 3.279 errentariek OHZ beste gastu batzuekin batera ordaintzeko beharra (besteak beste, ura eta saneamendua; zabor-bilketa; elektrizitate, gas eta telefonoko zerbitzuen edo horniduren kontratazioa, eta zerbitzu horiei dagozkien kontsumoak).

Alokabidek 470.000 euro bideratuko ditu 2014an zerga hori ordaintzera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)