Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Visesa saritu dute, eraginkortasun handiko energia sorrerako sistemak dituen eraikin batengatik

2014.eko apirilak 03

Visesak Salburuako Bulebarrean (Gasteiz) sustatutako 242 etxebizitzako proiektua saritu zuten atzo Santiagon egindako Etxebizitza eta Lurzoru Sustatzaile Publikoen Espainiako Elkartearen sari-banaketa ekitaldian, etxebizitza berrien eraikuntza-lan onenen kategorian.

 

Bi urtean behin ematen den sari honen epaimahaiak Visesaren proiektuaren eta etxegintza jasangarriaren arteko lotura-maila handia txalotu du; izan ere, eraikinak ia kontsumo nuluak ditu (NZEB), eta A mailako energia-kalifikazioa. Sustapena 2 logelako 115 etxebizitzaz, mugikortasun murriztuko pertsonentzako 10 etxebizitzaz eta 3 logelako 127 etxebizitzaz osatuta dago.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko sozietateak sustatutako etxegintza-proiektuak neurri pasibo garrantzitsuak eta eraginkortasun handiko sorrera-sistemak ditu; esaterako, ingurumen-egiaztagiriak dituzten materialak erabiltzea, zabor bilketa pneumatikoa, urak bereizteko sarea, zarata-igorpena kontrolatzea, isuriak, hondakinen kudeaketa, kontsumo txikiko etxetresna elektrikoak instalatzea, erabiltzaileak instalazioen erabilera egokian inplikatzea eta kontsumoen jarraipena egitea. Epaimahaiak, gainera, eraikitako metro koadro bakoitzaren kostu-maila nabarmendu du.

Baterako sorkuntzako instalazioa du; alegia, gasez elikatutako ekipo bat, elektrizitatea sortzen duena. Elektrizitate hori dagokion elektrizitate-enpresa banatzaileari saltzen zaio. Proiektu honetan, lehen mailako energiaren kontsumo-koefizientea % 48,6koa da, beste proiektu batzuen aldean. Halaber, galdarei darien beroa erabiltzaileek behar duten etxeko ur beroa sortzeko erabiltzen da.

Sarien edizio honetan bertan, Bilboko Udal Etxebizitzek alokairuko etxebizitza-parkearen kudeaketa eraginkorraren kategoriako saria jaso du, etxegabetzeei aurre egiteko udal sistemarengatik. Bilboko proiektuari buruz, epaimahaiak arazo horri alderdi guztietatik aurre egiten dion sistema antolatu izana nabarmendu du; hasi arazoa goiz hautematetik, jarraitu diagnostikoarekin eta irtenbidea ematen zaion arte, etxegabetzea egiaz gauzatuz gero, kaltetutako familiari etxebizitza bat esleituta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)