Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak lankidetza protokolo bat izenpetu dute nekazaritzako elikagaien eremuan lehiakortasuna bultzatzeko

2014.eko apirilak 02

 

  • Lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen dute honako eremu hauetan: ekoizpen ekologikoa, merkaturatze eta tokiko produktuen zirkuitu laburrak, eta nekazaritzako elikagaien industriaren nazioartekotzea, besteak beste.
  • Lehen sektorearen ekoizte ahalmena, merkaturatzea, berrikuntza eta nekazaritzako elikagaien nazioartekotzea sustatzeko, hitzarmenak zehaztutako eremu bakoitzean lantalde euskaldun-katalanak sortzea ezartzen du.
  • Hitzarmena  izenpetzeko, erakunde biak Bartzelonako “Alimentaria” azokaz baliatu dira, non 50 euskal enpresa baino gehiagok parte hartu duten.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta Kataluniako Generalitateak lankidetza protokolo bat izenpetu dute gaur, Bartzelonako Alimentaria azokan, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko eta sustatzeko.

Hitzarmenak ezartzen duenez, lantalde euskaldun-katalanak sortuko dira zehaztutako eremu bakoitzean lehen sektorearen ekoizte ahalmena, merkaturatzea, berrikuntza eta nekazaritzako elikagaien nazioartekotzea sustatzeko.  

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura eta Ingurumeneko kontseilari Josep Mari Pelegrí izenpetu dute hitzarmena Alimentaria azokan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Industriaren ordezkariak bertan zeudela.

Tapia sailburuak adierazi duenez, "akordio honekin indartu egiten dira Eusko Jaurlaritzak bertako produktuen merkaturatzea bultzatzeko eta indartzeko garatzen dituen jarduerak, gure produktuak ekonomia profesional eta produktiboaren zati aktibotzat hartuta.”

Pelegrí kontseilariak, berriz, azpimarratu du akordio honi esker akordio eta lankidetza bide berriak aurkitu ahal izango direla arlo estrategikoetan aritzeko, esaterako hurbileko produktuen eta kalitatezko produktuen alorrean zein lehen sektorearen ahalmen produktiboaren sustapenaren alorrean. Horrez gain, nabarmendu nahi izan du nekazaritzako elikagaien sektorearen nazioartekotzea; izan ere, "une honetan gastronomia, produktuak eta lurraldea sustatzeko egiten ari garenak markatuko du krisi ondorengo garaia”. Kalitate, sormen eta berrikuntza etengabeak funtsezkoak dira”.

Gainera, Pelegrik, elikagaien sektorearen munduko erakusleihoetakoa den Alimentaria azokaren baitan, azaldu nahi izan du nola “Kataluniak, herrialde txikia den arren, ahalmen handia duen bere produktuak esportatzeko eta nazioartera zabaltzeko”. “Ekintzaileak gara eta kalitatea, profesionaltasuna eta berrikuntza eskaintzen ditugu. Eta Kataluniako Gobernuak eta, bereziki, Nekazaritzako Saila sektoreko aliatu estrategikoa da”, esan du amaitzeko.

Tapiak, berriz, adierazi du "Kataluniako Generalitatearekin honen moduko hitzarmen bat izenpetuta Euskadiko eta Kataluniako lehen sektoreko eta landa eta itsasertzeko inguruneko pertsonen onurarako diren politikak ahalbidetzen dituzten ekimenak bultzatu ahal izango dira batera".

Lankidetza Protokoloaren lan eremuak:

Ekoizpen ekologikoa:

Proposatzen da lantalde bat sortzea, lan batzuetarako, egokia bada, mekanismo berberak erabiltzeko aukerak identifikatu eta esploratzeko helburu nagusiarekin, esaterako, lan hauetarako:

  1. Nekazaritzako elikagaien ekoizpen ekologikoa bermatzeko sistemaren garatzen elkarri laguntza teknikoa emateko. Eskumena duten agintaritzen eta kontrol agintaritzen arteko koordinaziorako, langileen prestakuntzarako, besteak beste.
  2. Ekoizpenaren eremuan berrikuntza eta ikerketa aplikatua eta elkarlanekoa txertatzen duten proiektuak bateratzeko.
  3. Sektoreko emaitzen transferentziarako, prestakuntza jarduerak eta aholkularitza mekanismoak trukatuz.
  4. Produktu ekologikoen komertzializazio eta kontsumoa komunikatzeko eta sustatzeko estrategia guztien emaitzak identifikatu eta baloratzeko:
  5. Kontsumoaren behatoki bat zehazteko eta martxan jartzeko esperientziak trukatzeko.
  6. Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseilu Katalanaren eta Euskadin horren homologoa den erakundearen arteko esperientziak trukatzeko.

Zirkuitu motza, bertako produktua

Eremu honetan helburu nagusia da Katalunian hurbileko salmentaren gainean garatutako proiektuarekin izandako esperientzia sakon ezagutzea eta honako hauek partekatzea:

  1. Araua abian jartzeko izandako zailtasun nagusiak eta zailtasun horiek konpontzeko emandako irtenbideak.
  2. Sektoreak, kontsumitzaileek eta administrazioak ekimen horren gainean egindako balorazioa.
  3. Beste ekimen eta estrategia interesgarri batzuk (zirkuitu motzak, bertako merkatuak, udal merkatuak, produktuen identifikazioa).
  4.  Gastronomiaren eta sukaldaritzaren sektorearekiko harremana

Nekazaritzako elikagaien nazioartekotzea

Helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien nazioartekotzeko estrategiak eta esperientziak partekatzea eta egon daitezkeen sinergiak identifikatzea.

  • Administrazioek beraien enpresak nazioartera eramateko erabiltzen dituzten tresnen identifikazioa.
  • Lehentasunezko herrialdeen identifikazioa
  • Lehentasunezko ekintzak eta jarduerak
  • Laguntza finantzariorako eta akonpainamendurako tresnak

Elkarlanerako sareetan parte hartzea

Gure Gobernuek kanpo lankidetzarekin lotura duten gaiekiko sentsibilitate berezia dute eta, horretan oinarrituta, Europako eta nazioarteko mundu konplexu baina interaktiboan presentziarik handiena lortu nahi dugu, Eta hori jomuga izanik Hitzarmen honekin honako helburu komunak proposatzen ditugu:

 

- Zehaztutako lankidetza eremuetan eragina duten sare nagusia identifikatzea.

- Elkarlanerako identifikatutako sare guztietara iristeko bidea elkarri erraztea, erabaki estrategikoak hartu behar izanez gero horietan pisu handiagoa edukitzeko.

- Helburu komunak lortzeko proiektu eta baliabideak partekatzea ahalbidetuko duten sare eta programetan elkarrekin parte hartzea.

- Formulak ezartzea bion interesekoak diren proiektuak garatzeko Europako eta nazioarteko partzuergoetan parte hartzeko ditugun aukerak elkarrekin baloratzeko eta garatzeko.

 

Ezagutzak transferitzea eta berrikuntza

Helburua da lankidetza bideak ezartzea Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean bien interesekoak diren eremuetako edo eremu estrategikoetako ezagutzak transferitzeko jardueren hedapenerako. Nekazari, abeltzain eta basozainen bisitak bultzatzea bi erkidegoen artean. Bi erkidegoetako teknikari aholkularien arteko elkarlana erraztea.

Nekazaritzako elikagaien alorreko kooperatibismoa

Helburua da nekazaritzako elikagaien industrian kooperatiben sektoreak duen posizioa indartzea, Euskal Herriko eta Kataluniako eredu kooperatiboak partekatuz.

Bartzelonan, 2014ko apirilaren 2an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Josep Mari Pelegrí