Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko urteko hitzarmena Baionan

2014.eko apirilak 01

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta François Maïtiak, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren Presidenteak, 2011-2016 epealdiari dagokion hitzarmen-markoaren urteko eranskina aurkeztu dute gaur arratsaldean, Baionan egin den ekitaldian.  Eranskin horretan zehazten da, bi erakundeek 2013an elkarlanerako zein lan ildo garatuko dituzten Hizkuntza Politikari dagokionean, bai eta Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileen proiektuak diruz nola lagunduko diren ere. 

 

Lan ildoak

Iragan urteetan eramandako lanaren jarraipenean, 2014. urteko Eranskinak, bi instituzioen          artean urtean zehar eramango den lankidetza eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldeko eragileei zuzendutako diru-laguntzak emateko moduak zehazten           ditu.

 

●  Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan:

-       Hizkuntza-gaitasunaren egiaztagirien baliokidetzaren definitze eta antolaketa Iparraldean.

-       Helduen euskalduntzearen eremuan gaur egun dauden tresna desberdinen azterketa lana, existitzen diren praktika eta dispositiboen diagnosia eginez.

●  Euskararen Adierazle Sistema (EAS) eraikitzeko elkarlana:

-       Euskararen Adierazle Sistema (EAS) egituratze lanean ariko dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), Euskararen Erakunde Publikoa (EEP), Nafarroako Gobernuko Euskarabidea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak

●  Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea, hizkuntza politikaren beste lan eremuei dagokienez.

Diru laguntzetarako funtsa

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2014. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 400.000 € ipiniko ditu horretarako.

Lankidetza funts hori bi multzotan banatuko da. Lehen multzoa, 1.250.000 eurokoa, lankidetza zuzenerako bideratuko da: bi erakunde sinatzaileen sustapen-lerroekin bat datozen eragile nagusiak laguntza zuzenarekin diruz lagunduko dira. Beste multzoa, 350.000 eurokoa, deialdi irekietarako izango da. Beste eragile pribatu batzuen proiektuak lagunduko dira diru honekin.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak gaur azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzarentzat, oro har, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde honentzat partikularki, urteko mugarrietako bat da 2007. urtetik hona urtez urte berriztatzen dugun sinadura hau gizarteratzeko unea. Gaur, herri erakundeen arteko lankidetzaren eredu den hitzarmen hau publikoki sinatu eta euskal gizarteari, bereziki Iparraldekoari, konpromiso honen albistea ematerakoan, euskararen sustapenerako politika publikoen aldarri praktikoa egiten ari gara. Eta praktika diot, hain zuzen ere, gaur sinatzen dugun hitzarmen honek zuzen-zuzeneko eragina izango duelako Iparraldeko euskararen garapenak ezinbestekoak dituen hainbat eta hainbat alorretan”.

Eta gehitu du: “Gaur hemen bildu garen guztiok ondo dakigunez, euskararen sustapena ardatz gisa hartzen duen hizkuntza politika publiko eraginkor baten zutoin nagusietako bat herritarren atxikimendua da, lege babes nahikoarekin eta behar besteko baliabideekin batera. Eta zentzu bereziki sakona hartzen du baieztapen honek hemen, Ipar Euskal Herrian. Izan ere, galera dagoen tokian irabazia lortzeko erronkari aurre egin behar dio euskarak Iparraldean, eta era askotako konpromisoak bildu behar dira langintza horretatik onik ateratzeko”.

Aurrekariak

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak 2011n sinatu zuten egun indarrean dagoen hitzarmen-markoa, 2011-2016 epealdiari dagokiona. Hitzarmen horretan, mugaz bi aldeetako erakunde publikoek euskararen tranmisioarekin, erabilerarekin, kalitatearekin eta aldeko jarrerarekin zerikusia duten jarduerak elkarrekin antolatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Urteko Eranskina izenpetzearekin berriz, urtean urteko elkarlanerako lan ildoak eta diru-laguntzak emateko moduak zehazten dira.

 

 

 

Gasteizen, 2014ko apirilaren 1ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • François Maïtia, EEPren presindentea