Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Elikagai Industria sustatuko du 2014ko Elikagai Azoka prestigiotsuan, Bartzelonan

2014.eko martxoak 31

ALIMENTARIA 2014 AZOKA 

Bartzelona, martxoaren 31tik apirilaren 3ra 

 

  • Arantza Tapia sailburuak lankidetza akordioa itxiko du asteazken honetan Josep Maria Pelegrí kontseilari katalanarekin, nekazaritzako elikagaien arloko lehiakortasuna bultzatzeko. 
  • Euskadiko 50 enpresatik gora aurkeztu eta salduko dituzte kalitate handiko produktuak nazioarteko elikagai- eta edari-azoka garrantzitsuenetakotzat jotako lehiaketa profesionalean. 
  • Zabaleta SCren Idiazabal jatorri-deiturako gaztak (Munain, Arabako Lautada) 2013ko ardi-gazta onenaren saria jasoko du gaur.

 

Gaur abiaraziko da Alimentaria 2014, Estatuko elikagai-azokarik garrantzitsuena eta nazioarteko errekonozimendu handiena duena. Bartzelonako Recinto Gran Vía izango da egoitza, eta 50 euskal enpresa izango dira. Apirilaren 2ra arte erakutsi eta salduko dituzte beren produktuak.

Euskal produktuen kalitatea bi urtez behingo hitzordu honen protagonista izango da berriro ere, eta, hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak 50 euskal enpresaren taldeko parte-hartzea sustatuko du, nazioartekotzeari laguntzeko eta euskal elikagai-industria sustatzeko jardueren barruan.

Alimentaria lehiaketa profesional bat da, bai eta munduko elikagai- eta edari-azoka garrantzitsuenetako bat ere. Aurtengoa, bada, hogeigarren edizioa izango da. Halakotzat dute industria, merkataritza eta banaketako nazioarteko operadore nagusienek. Azokak hainbat jarduera paralelo eskainiko ditu, esate baterako, mahai-inguruak, erakusketak, lehiaketak, foroak, hitzaldiak eta tailerrak. 

Eusko Jaurlaritzaren eta Generalitatearen arteko lankidetza

Izen handiko hitzordu horren harira, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Natura Inguruneko kontseilari Josep Maria Pelegrík Eusko Jaurlaritzaren eta Kataluniako Generalitatearen arteko lankidetzaren nondik norakoak zehaztuko dituzte  asteazkenean, nekazaritzako elikagaien arloko lehiakortasuna bultzatzeko.  

Lankidetzarako konpromisoa joan den urtarrilean hartu zuten Bilbon, bi erakundeetako arduradunek egindako bilera batean, ekoizpen ekologikoa eta merkataritzako eta tokiko produktuen zirkuitu motzak hobetzen saiatzeko.

Ekitaldia apirilaren 2an (asteazkena) izango da, 10:00etan, Generalitat-PRODECAren standean.

Berritasunak euskal produktuen eskaintzan*

Euskal enpresek beren produktuen kalitatea erakutsiko dute, eta, gainera, horiek sustatzeari (dagoeneko ezagunak diren produktuen marka batzuk eguneratzea) eta saltzeari (produktuen bilgarri eta kontsumo-barietate berriak) lotutako berritasunak aurkeztuko dituzte.

*2014ko produktu berrienei buruzko txostena atxiki da.

Arabako Lautadako gazta bat, 2013ko ardi-gaztarik onena

Alimentaria 2014k edozer jatorri eta barietateko gaztetan espezializatutako gune nabarmen bat izango du, eta gaur bertan egingo da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ematen dituen 2013ko gaztarik onenen sariak banatzeko ekitaldia.

Zabaleta SCren Idiazabal jatorri-deiturako gaztak (Munain, Arabako Lautada) 2013ko ardi-gazta onenaren saria jasoko du gaur.

 

 

Azti, Alimentaria 2014ren partnerra berrikuntza-arloan

The Alimentaria Hub Alimentariaren protagonista handia izango da berriro ere. Berrikuntza, joerak eta sektorearen nazioartekotzea ardatz dituen agora bat da.

 

Funtsezko gune bat da negozio-aukeren bila dabiltzan nekazaritzako elikagaien kateko operadoreentzat, eta AZTI-Tecnaliak –Alimentaria 2014ren partner nagusia da, bai eta Firaren Aholkularitza Batzordearena ere berrikuntza-gaietan– gune bat izango du Berrikuntza Hubean, elikagaien arloko garapen eta ikerkuntzan duen ezagutza eta balioa erakusteko. 

AZTI-Tecnaliako arduradunek hitzaldi bat eskainiko dute apirilaren 2an: «Elikadurarako uneko eta etorkizuneko agertokiak sortzen».

The Alimentaria HUB. Agora aretoa Asteazkena, apirilak 2 10:30etik 11:45era

 

Euskadiko 50 enpresak 3 pabilioitan egongo dira: Autonomías; Intervin eta Interpesca **

2. pabilioia – Autonomías – A90 eta A101 standak

3. pabilioia – Intervin – D230 / E230 eta F230 standak

2. pabilioia – Interpesca – D76 eta E80 standak

 

**Alimentaria 2014n izango diren euskal enpresen zerrenda atxiki da.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoak 31

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • consejero catalán Josep Mari Pelegrí