Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Ohiko osoko bilkura. 2013-2020 aldirako Osasun Plana (2014/4/2)

2014.eko apirilak 02

Sailburuak orainerako eta etorkizun hurbilerako plan bat aurkeztu du Legebiltzarrean nazioarteko estrategia nagusiekin, Eusko Jaurlaritzaren oraingo jarduerarekin zein aurreko osasun-planekin lotuta eta bat etorrita

Osasuna giza eskubide bat da Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko sailburuaren iritziz.Horregatik, erakunde guztien konpromisoa eskatu du gaur 2013-2020 Osasunaren Euskal Plana arrakastaz gauzatu ahal izateko. Gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, politika publikoen emaitzak eta eraginkortasuna –pertsonentzako zuzentasunari, ongizateari eta osasunari dagokienez– hobetzeko xedea duen tresna estrategiko hori prestatzeko prozesua amaitu da era horretan. Planak gure osasun-sistemaren ezaugarri publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa mantendu eta hobetu beharra nabarmentzen duela azaldu du sailburuak, halaber, osasun arloan, hemendik aurrera ere, emaitza onak ahalik eta eraginkortasun handienaz lor daitezen, pertsonek osasun-sisteman duten konfiantza sendotuta.

Legebiltzarreko taldeen ekarpenek Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko plan hau aberasteko balio izango dutela sinetsita agertu da Darpón sailburua. Planak,  «Osasuna: Pertsonen eskubidea, guztion ardura» izenburupean, 35 helburu eta 146 ekintza zehatz ditu guztira. 2013-2020 Osasun Plana legegintzaldi honetan onartutako aurreneko gobernu-planetako bat izan da, eta hasieratik bertatik lan egin dute Osasun Saileko pertsonek 2013an errealitate izateko. Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako osasun arloan duen ekimen nagusietako bat da, horrenbestez; eta, Jon Darpónek ganberan azaldu duen moduan, zeharkako eta sektoreen arteko ikuspegi bat du, Europar Batasunak ezarritako osasun-politiken gobernantza oneko printzipioekin bat datorrena.

Horri dagokionez, Osasuneko sailburuak adierazi duen moduan, plan horren helburuak ez daude Osasun Sailaren baliabide ekonomikoen mende bakarrik, baizik eta Jaurlaritzako gainerako sailen eta erakundeen mende ere badaudela, ezinbestekoa baita osasuna gainerako politika publikoetan aktibo gisa kokatzea; gizartearen ongizatea eta osasuna oro har mantentzea eta hobetzea, alegia.

Testuinguru horretan, Osasun Planak bere gain hartu behar dituen erronkak eta aukerak honakoak dira:

Erakundeen arteko konpromiso bat lortzea.

– Osasunaren gizarte- eta genero-desberdintasunak murriztea.

Osasun-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezko baten aldeko apustua egitea oraindik.

– Osasun-sistema egokitzea zahartzearen eta horrek dakarren gaixotasun kronikoen hazkundearen erronkari kalitatez eta eraginkortasunez aurre egiteko.

Arreta soziosanitarioa sendotzea.

– Inguru eta jarrera osasungarriak.

Hori guztia egoera ahulenean dauden kolektiboak nabarmenduta: adinekoak, haurrak eta gazteak, eta gure inguruan gaixotasun kroniko ohikoenak dituzten pertsonak.

Osasuneko sailburuak ia ordubetez azaldu duen moduan, planak osasuneko gizarte- eta genero-desberdintasunak murriztu nahi ditu datozen zazpi urteetan euskal herritarren artean, egoera ahulenean dauden kolektiboen egoera bereziki hobetuz; erakunde guztien arteko konpromisoak lortuz; euskal osasun-sistemaren zuzentasuna indartuz; osasunean eragiten duten egiturazko eta bitarteko erabakigarrien gainean esku hartzen duten politika publikoak garatzea babestuz; pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea bultzatuz; osasun-zerbitzuetan emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta tratamendua sustatuz; ikerketa eta berrikuntza bultzatuz...

Inguru eta jarrera osasungarriei dagokienez, Osasun Planak, Jon Darpónen azalpenaren arabera, zenbait proposamen jasotzen ditu honako arlo hauetan: hezkuntza fisikoan, elikadura osasungarrian, gizentasunaren prebentzioan, sexu- eta ugalketa-osasunaren hobekuntzan, tabakismoaren zein alkoholismoaren prebentzioan, buru- eta emozio-osasunaren sustapenean, ingurumen-kalitatean zein lan-ingurunetako osasun-arriskuetan.

Horrez gain, gaixoak, adinekoak zein umeak eta gazteak ere aipatzen ditu bereziki Osasun Planak; hala, arreta berezia eskaintzen die minbiziari, diabetesari, iktusari, infekzio komunitarioei, gaixotasun kardiobaskularrei, arnasketa-gaixotasunei... gure gizartean gehien eragiten duten gaixotasunen erikortasuna, hilkortasuna eta mendekotasuna murriztearren. Horregatik, Jon Darpónek azaldu duenaren arabera, neurri zehatzak proposatzen dira minbizia duten pertsonen arretarako eredu bat sustatzeko, zainketa aringarriak behar dituzten pertsonen eta senideen arreta hobetzeko, gizentasunari heltzeko esku-hartzeak diseinatu eta aplikatzeko, etab.

Zahartze osasuntsuari dagokionez, planak adineko pertsonen zahartze aktiboa eta autonomia sustatu nahi dituela ere azaldu du Osasuneko sailburuak, bai eta gero eta biztanle zaharragoen ondoriozko osasun-arazoentzat egokia den laguntza soziosanitario eta osasun-sistema adostu ere. Haurren eta gazteen osasunari dagokionez, garapen hoberena eta osasuntsua bermatzeko neurriak proposatzen ditu planak.

Plan osoak duen genero-ikuspegia bereziki nabarmendu du, halaber, Osasuneko sailburuak. Horrekin lotuta, nabarmendu du 2013-2020 aldirako Osasun Planak ez duela emakumeen osasuna arlo espezifiko baten barruan bultzatzen, baizik eta, oraingo planak, aurrekoek ez bezala, genero-ikuspegia Osasun Plan osoan sartzen duela modu sistematiko eta transbertsal batean.

Jon Darpónek Eusko Legebiltzarrean gaur ere gogorarazi duen moduan, osasun-politikaren zein osasun-sistemaren arloko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren eta haren lehendakari Iñigo Urkulluren lidergoaren isla baino ez da plana, euskal gizartearen bizi-kalitatearen eta ongizatearen funtsezko zutabeak baitira bi horiek.

2013-2020 Osasun Planaren dokumentu osoa:

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)