Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik eta Vilak trenbide-azpiegiturek Europaren garapena bateratzen dutela nabarmendu dute

2014.eko martxoak 28

  • Euskadi eta Kataluniako Mugikortasun eta Garraioko arduradun nagusiek Y trenbidearen lanak bisitatu dituzte Bergaran

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritzian, «Mediterraneoko eta Atlantikoko garraio-sareak hobetzea lehentasunezko helburuak dira Europan, eta pertsonen eta salgaien mugikortasun-sistema hobera bideratutako “Connecting Europe” finantzaketa-mekanismoetatik etekin handiagoa atera dezakete». Oregik Kataluniako Jasangarritasun eta Lurraldeko kontseilari Santi Vilari euskal Y trenbidearen lanak erakutsi dizkio Bergaran, eta nabarmendu duenez, «azpiegitura honen bidez, Europako hego-mendebaldeko kohesioa handitu egingo da, eta herrialdeek nahiz eskualdeek tresna bikain bat eskuratuko dute beren garapen sozial eta ekonomikorako».

 Haiekin izan dira Garraio sailburuorde Antonio Aiz eta ETSren zuzendari Rafael Sarria, eta Oregik Kataluniako Generalitateko ordezkaritzari adierazi dio «Estatu kideek Europaren eskutik laguntza ekonomiko handiagoa lortzeko eskubidea dutela, baldin eta inbertsio-plangintza betetzen badute. Euskal Y-ari aplikatu dakiokeen aukera da hori, baina konpromisoak eta inbertsioak zehaztu behar dira funts horiek eskuratu ahal izateko. Horretarako, Estatuko gobernuak ahal bezain pronto lizitatu behar du Bergarako lotunea». «Espainiako gobernuak lehentasuna eman behar dio Europarekiko konexioari, ardatz atlantikoaren eta mediterraneokoaren bidez», esan dute Oregi eta Vila sailburuek.

 Euskadiko eta Kataluniako gobernuetako garraioko arduradunek bisitaldi teknikoa egin dute Deba ibaiaren gaineko bidezubiaren lanetan. Bide-zati hori Bergara-Bergara tartean dago kokatuta, Eusko Jaurlaritzak ETS erakunde publikoaren bidez gauzatzen duen Gipuzkoako adarrean, hain zuzen.

 Oregiren arabera, Europar Batasunak 2020 artean lehentasunezko garraio-sareak onartu izana mugarria da; «Madrili eta Parisi zertan arreta jarri zehazten die. Euskadin eta Eusko Jaurlaritzan proiektuaren garapenarekiko konpromisoa aski egiaztatu dugu aspaldi honetan. Batasunaren konpromisoa betetzen ari gara, gure etorkizunaren eta inguruko herrienaren mesedetan. Debako bidezubia horren erakusgarri da».

 Mediterraneoko ardatzean duen garrantzia dela eta, Kataluniako gobernuak euskal trenbide-sarearen gaineko hainbat alderdi ezagutzeko eskaera egin zion Lakuari. «Katalunia, Euskadi ardatz atlantikoan bezala, Penintsularako igarolekua da. Horrenbestez, beharrak ere antzekoak ditu, salgaien eta pertsonen mugikortasunari dagokionez. Hala bada, biak Ten-t edo Europa barneko garraio-sareen erregelamenduak bete daitezela eskatzen tematu behar gara», adierazi du Oregik.

 Kohesioa

Oregik gogora ekarri duenez, «herrialdeen eta eskualdeen garapenerako Europako oinarrizko zuzentaraua betetzea beharrezkoa da Batasunaren kohesioa areagotzeko. Arlo horretako zuzentarauak eta "Connecting Europe" finantza-mekanismoa onartu zenetik, diru gehiago eta laguntza-ehuneko handiagoa eskura dezake proiektu batek, baldin eta orientabideak betetzen baditu. Gaur gaurkoz, oinarrizko sarea osatzen duten bi proiektu dago Espainiako Estatuan: mediterraneoko ardatza eta ardatz atlantikoa».

 «Ardatz atlantikoan, hala nola mediterraneokoan, buxadurak libratzen dituzten lanak lehenesten dira; esaterako, Penintsularako sarbideak. Euskadiko kasuan, oinarrizko garraio-sareei intermodalitatearen balioa gehitzen diete, elkarren arteko loturak hobetzen direnez», gaineratu du Oregik. 

 Koordinatzailea

Eusko Jaurlaritza Europako Batzordeak, Garraiorako Europa barneko Garraio-sareei buruzko Batasuneko erregelamenduaren 45. artikuluari jarraiki, koordinatzailea izendatu zain dago. Pertsona hori arduratuko da Europar Batasuneko sare nagusiko igarobide guztietako inbertsioen egoera ikuskatzeaz.  Urtea amaitu baino lehen igarobide guztietan egin beharreko proiektuak eta aurreikusitako funts- eta finantzaketa-iturriak zehazteko lan-plana egiteaz arduratuko diren berariazko foroen buru izango da pertsona hori bera. Neurri horrek Estatu kideak, Espainia, tartean, beren konpromisoak eta inbertsio-planak zehaztera behartuko ditu. Hori, orain arte, ezinezkoa izan da euskal Y-aren kasuan.

 Igarobide atlantikoari dagokionez, Igarobidearen Foroa antolatuko du, Estatu kideen eta interesa duten aldeek parte hartuko dutena. Igarobidearen lan-plana osatu beharko da urtearen amaierarako. Barne hartuko ditu igarobideko beharrezko proiektuak eta aurreikusitako funts- eta finantzaketa-iturriak. Eusko Jaurlaritzak euskal Y-aren lanetan erakutsitako jarrera eta egindako lana direla eta, euskal gobernuaren ordezkaritza batek parte hartuko du koordinazio-organo horretan.

 «Biztanleek eta enpresek pertsonen eta salgaien mugikortasun-sistema eraginkorra beharko duten Europa diseinatzen ari gara. Hori funtsezkoa da bizi-kalitatea hobetzeko eta isurketak murrizteko. Uneko garraiobideen asetzea Europako BPGren % 1 da urtero, eta euskal Y-ak, korridore atlantikoaren gainerakoarekin batera, egoera hori arinduko du, bai eta ingurumena hobetu ere, isurketak murriztuko baitira», nabarmendu du Oregi sailburuak.

 Euskadiko Garraioko arduradun nagusiaren arabera, «euskal Y-a beharrezkoa da Europaren eta bere herrialdeen garapen-estrategian, batik bat herrialde garatuenetan. Euskadi horien artean kokatu behar dugu, ahalmen lehiakor handia baitu. Euskal Y-ari esker, bai eta gure industria-, giza-, intermodal- eta logista-eskaintzari esker ere, Euskadik aparteko rola du Europako hego-mendebaldeko politiketan.  Euskal plataforma logistikoen huba funtsezko pieza da Europaz Haraindiko Garraio Sarearen osaeran eta 2014-2020 aldirako garapen-planean».

 

DOKUMENTAZIOA

Euskal Y-a Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritza Bergara eta Astigarraga arteko Trenbide Sare berriaren Gipuzkoako zatiko 59,1 kilometro eraikitzen ari da. Une honetan, zati hauek gauzatze-prozesuan daude bete-betean: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso (mendebaldea), Antzuola-Ezkio Itsaso (ekialdea), Ezkio Itsaso,  Tolosa, Tolosa-Hernialde, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga.   Gainera, zati hauen lanak amaituta dago dagoeneko: Ezkio-Beasain, Beasain (mendebaldea), Beasain (ekialdea),  Ordizia-Itsasondo eta Legorreta.   Aurreikusten denez, 2014an honako zati hauek amaituko dira: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Ezkio Itsaso, Tolosa, Tolosa-Hernialde eta Andoain-Urnieta.

Orain, Espainiako Sustapen Ministerioa Donostiako eta Iruneko sarbideak eta Astigarragaren eta Frantziako mugaren arteko lotura nola egin ikertzeko informazio-azterlana egiten ari da.

 

DEBA IBAIKO BIDEZUBIA (BERGARA-BERGARA)

Bidezubi honek 900 metro ditu luzeran, eta 90 metro baino gehiago, berriz, altueran; horri esker, Deba ibaiak sortzen duen sakonunea gainditzen du. Ondoren, Kortatxo-Sakon tunelaren sakontasunean sartzen da. Tunelak 3,7 kilometro ditu luzeran (Bergara-Antzuola zatia), eta 350 metroko sakonerako guneetan induskatu da.

Deba ibaiko bidezubia trafiko mistorako diseinatuta dago, eta zabalera estandarreko bide bikoitza eta 14 metroko zabalerako eta 900 metroko luzerako plataforma bat ditu. Bailara sakonaren orografiak, Deba ibaiak eta AP-1 autobideak eta Bergara hegoaldera sartzeko adarrak baldintzatu dute diseinua.

Horregatik guztiagatik, bao garrantzitsuko bidezubi bat proiektatu behar izan da. Horregatik, eta alderdi teknikoaren eta kostuen optimizazioaren arteko oreka lortzeko, hormigoi aurreatezatuzko 14 baoko eta autozinbria bidez gauzatutako ertz aldagarriko zutabea duen zelulabakarreko kaxako bidezubi jarraituko proiektua osatu da.   Baoen banaketak aldagarritasun handia dauka. Hala, argi handienekoa AP-1 autobidea gurutzatzen duena da (80 metrokoa); Deba ibaiaren gaineko eragina saihesten duenak 70 metro argi ditu, bai eta Bergara hegoaldera sartzeko adarrekoak ere. Argi gutxienekoak 45 eta 50 metro arteko luzera dute.

Oinplanoko bidezubiaren trazatuak klotoide bidezko kurba bat deskribatzen du erdigunean, 2.900 eta 3.475 metroko radioa duten bi kurbekin konektatzen duena. Altxaerari dagokionez, bidezubiaren hasieran akordio bertikala finkatu da, malda 15 milarenetik 2 milarenera aldatzen duena.

Taula 14 fasetan eraikiko da, 30 eta 70 metroko luzerekin. Autozinbria bidez eraikitzeak esan nahi du taula behin betiko kokapenean eraikiko dela, baina fasetan, gauzatze-fase bakoitzean enkofratuak eta hormigoi freskoaren pisua eusten dituen metalezko egitura baten laguntzarekin. Autozinbriak aurrera egiten du pixkanaka baoetan eta zutabeetan zehar, taula gauzatu ahala. 80 metroko baoan, 5 metroko fase gehigarri bat aintzat hartzen da, autozinbriaren gaineko karga ez gainditzeko.

Gainera, zutabeetarako hartutako geometria nabarmendu behar da, eta jarrera berezia jarri behar zaio, inguruan txertatuko den soluzio dotorea lortzeko. Horrek, bada, geometria aldagarria izan behar du, eta forma leunak, soilegiak diren eta Deba ibaikoa bezalako hain bailara altu eta ikusgarri batetarako egokiak ez diren trenkada-zutabe laukizuzen klasikoetatik aldentzeko.

 

BERGARA-BERGARA ZATIA

Bergara-Bergara zatiak 3,16 kilometro ditu, eta Bergaratik igarotzen da oso-osorik. Deba ibaiko bidezubiaz gain, beste hiru bidezubi ere gauzatuko dira: Olzaileko errekako bidezubia, 100 metroko luzera duena; Altzeta errekako bidezubia, 140 metrokoa; eta Lamiategi errekako bidezubia, 425 metrokoa. Denak eginda daude dagoeneko.  Gainera, Loidiko eta Aldai Azpikuako tunel artifizialak ditu, bai eta Azkarrunzko induskatutako tunela ere –bi tunel txiki eta aire zabaleko erdiko gune bat–.  Zati horretako bide-plataformaren lanak 2011ko martxoan esleitu zitzaizkion Sacyr SAk, Campezo Construcción SAk, Febide SAk eta Canteras y Construcciones SAk osatutako partzuergoari, 95 milioi euro baino gehiagoren truke. 2014aren amaieran bukatuko dira, aurreikusten denez.

Ortoargazkien iturriaGeoEuskadi

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Conseller Santi Vila i Vicent