Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Carlos Aguirreren parte hartzea Norbolsa Jardunaldian: “Finantza eta kapitalen merkatuen erregulazio eta ikuskapenerako irizpide berriak”

2010.eko maiatzak 10

 Ekonomia eta Ogasuneko euskal sailburuak, Carlos Aguirrek, Norbolsak urtero antolatzen duen jardunaldian hartu du parte Julio Segura Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko presidentearekin batera. Sailburuak finantza-merkatuak aztoratu dituzten azkeneko gertakarien alorrean kokatu du bere hausnarketa. 

Sailburua merkatuen "erregulazio osoago" baten alde eta "ikuskapen zorrotzago" baten alde azaldu da. Izan ere, merkatuek erakutsi dute "ez direla euren kabuz erregulatzeko gai" , eta herrialde oso bat "muturreko egoerara" eraman dezaketela. 

Euskal sailburuak kapitalen merkatua bera "negozio hutsa bilakatu dela" salatu du, eta ez ostera "aurrezkiak bideratzeko eta familien zein enpresen beharrizanak finantzatzeko tresna". 

"Itxaropenak kudeatzeko tresna bihurtu dela, eta hortaz, gaitasun handia duela burbuilak elikatzeko eta puzteko, eta azkenean, eztanda eginez krisi sakonak sortzeko" azpimarratu du. 

Gainera, beti era proziklikoan jokatzen duela kritikatu du "behar baino gehiago finantzatuz zikloaren goi uneetan", eta horrela, "burbuilak sortzen lagunduz" eta "kreditu berberak ukatuz behe uneetan, krisia areagotzen duelarik". 

Rating agentziek ere lagundu dutela egoera hori sortzen azpimarratu du, "bere momentuan egituratutako produktuak larregizko eskuzabaltasunez kalifikatuz, eta egun, edozelako jaulkipena beheratuz, produktuak baldintza jasangaitzetara beheratuta, edota merkatutik aterata". 

"Otsoei (espekulatzaileei) euren nahietara jokatzen uzten ez dien eredu bat behar dela" gaineratu du, "hurrengo urteetako garapen eredua jokoan baitago". 

Datuek erakusten dute Europako ekonomia "duela hilabete batzuk atera zela atzeralditik", eta Espainiakoa "finantza-merkatuek adierazten dutena baino askoz hobeto dagoela". Euskal ekonomiari dagokionez azpimarratu du gobernuak dauzkan datuak, hala nola jarduera industrialaren hazkunde-tasen berreskurapena,  "itxaropentsuak baino zerbait gehiago direla", eta neurri batean, "baikortasunerako ikuspegia zabaltzen dutela". 

Era berean, zera gogoratu du: espainiar ekonomia euskal enpresen negozio-zifraren % 40 da, eta "guk, eta gure enpresek, merkatu honen atal izaten jarraitu nahi dugu. Izan ere, batzuek kontrakoa dioten arren, garrantzi itzela du euskal ekoizpen-sarearentzat".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre