Berriak Osasuna
Eu

Batxilergoko 200 ikasletik gora Galdakao-Usansolo ospitalean izan dira, bisitan

2014.eko martxoak 26
  • Barrualdeko Eskualdeko ikasleek hartu dute parte, eta lan-munduarekin lehen kontaktua izan dute, Osakidetzako Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuaren ekimenari esker

Galdakao-Usansolo Ospitaleak ate irekien jardunaldiak antolatzen ditu urtero, osasun-zientziak sustatzeko eta jendeari aukera emateko ospitaleko instalazioak ezagut ditzan. Jardunaldiak direla-eta, otsailean eta hil honetan, martxoan, batxilergoko 213 ikasle ibili dira bertan.

Osakidetzako Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko erreferentzia-eremua da Barrualdeko Eskualdea, eta hain zuzen ere eskualde horretako ikasleek hartu dute parte ekimenean. Ikasle horiek zein ikasketa egin erabaki beharko dute batxilergoa amaitzen dutenean, eta era honetako ekimenak lagungarri zaizkie, lan-mundua ezagutzeko aukera ematen dietelako eta, hartara, hautaketa errazten dietelako.

Zehazki, Durangoko lau ikastetxek, Amorebieta-Etxanoko hiruk eta honako herri hauetako banak hartu dute parte: Markina-Xemein, Igorre, Ondarroa, Laudio, Bermeo, Galdakao, Arrigorriaga, Gernika, Bermeo eta Lekeitio.  Larrialdi Zerbitzua, Farmazia, Errehabilitazioa, Tarteko Arnas Zainketen Unitatea eta Iktus Unitatea ikusi dituzte neska-mutilek.

Ospitaleko irakaskuntzako laguntzaile Nerea Igunzak baieztatu duenez, jarduera hori “onuragarria da oso; izan ere, osasun-arloan, hain dinamikoa den alor horretan, nola lan egiten den erakusten zaie gazteei”. Orobat, azaldu duenez, “hemen izan diren gazteetako askok osasunari loturiko lanbideren batean aritu nahi dute, eta laguntza eman diegu aukera egokia egin dezaten”.

Bestalde, Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasle Jesús Alonsok honako hau nabarmendu du: “ospitaleak aukera eman die instalazioak ikusteko eta han lanean diharduten profesionalen iritzia, aholkuak eta informazioa jasotzeko”.

 

PRENTSA KABINETEA/GABINETE DE PRENSA

OSASUN SAILA/DEPARTAMENTO DE SALUD

945 01 91 94

prensa-san@ej-gv.es

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko