NIK Patrika Digitala
Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Oka itsasadarraren goi-estuarioa ezagutarazteko hitzaldiak eta bisitaldi gidatuak eskainiko ditu

2014-03-27

Telefono adimendunetarako aplikazio eta guzti

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak, Oka itsasadarraren goi-estuarioaren natura- eta kultura-ondareari balioa emateko eta lehengoratze integralerako proiektuaren harira, apirilaren 2tik 6ra arteko dibulgazio-astea antolatu du, bertako natura- eta kultura-ondarea ezagutzera emateko.

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josean Galerak zehaztu duenez, «asteazkenetik igandera faunari, landarediari, geologiari eta kulturari buruzko hitzaldiak eskainiko dira, bisitaldi gidatuez gain. Asteburuan zehar, haurrentzako aisialdi- eta hezkuntza-jarduerak egingo dira».

 Hasierako hitzaldia Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Zerbitzuak eskainiko du, Oka itsasadarraren goi-estuarioaren natura- eta kultura-ondareari balioa emateko eta lehengoratze integralerako proiektua zertan datzan azalduz. Proiektuaren harira egindako jardueren berri emango du eta interpretaziorako, dibulgaziorako eta ekoturismoa sustatzeko sortutako baliabideak ezagutaraziko ditu.

 Galerak azaldu duenez, «smartphoneentzako aplikazio bat gauzatu da, androiderako eta iphoneetarako baliagarria dena eta habitaten, espezieen eta kulturaren gaineko informazioa dituena; alegia, goi-estuarioan egokitutako bideetan barrena ibiltzeko autogida bat».

 «Proposatzen dituen ibilbide bakoitzean, aplikazioak bidea doan inguruneari buruzko informazioa eskaintzen du; ezaugarriak, zailtasuna, orientabidea, egin beharreko ahaleginaren nolakotasuna eta luzera, esaterako. Gainera, garraio publikoari buruzko datuak ematen ditu; lineak eta geltokiak. Bestalde, ibilbidearen deskribapena ematen du; hezegune-ondarea, landaredia eta mugarri orografikoak, ondare kultural azpimarragarriena eta dibulgaziozko informazio-panelen kokapena. Jakina, goi-estuarioaren dinamikaren, jalkinen prozesuaren, baserriaren eginkizunaren, faunaren, floraren, paisaiaren bilakaeraren, atsedenguneen kokapena eta bideak lotzen dituen herri-kaskoen gaineko informazioa ere ematen du», argitu du Josean Galerak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)