Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriarte sailburuak euskal Lanbide Heziketa eta unibertsitateak sustatu ditu Txinan

2014.eko martxoak 26

Txinako Pekin eta Tianjin hirietara egiten ari den bidaia ofizialean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek, hainbat bilera izan ditu hango Hezkuntza arloko zenbait ordezkari instituzionalekin.

Tianjingo unibertsitate gunean kokaturik dagoen AFZ izeneko Txina iparreko Lanbide Heziketako zentro nagusiko arduradunekin bildu da sailburua. Egun 9.000 ikasletik gora dituen zentro horrek harreman estuak ditu Euskadirekin, CSMC zentro elkartuaren bitartez. Hamar urtetik gorako lankidetzaren ondoren, joan zen urritik hona, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuari (IMH) esker, AFZko ikasleak, lehen aldiz, «Goi mailako teknikaria fabrikazio mekanikoko ekoizpen programazioan» zikloa egiten ari dira. Ziklo hori Euskadiko Lanbide Heziketari zuzenean lotuta dago, hezkuntza ereduaren egituratik hasi eta curriculum-materialetaraino, zentroko irakasleen prestakuntza ahaztu gabe, jakina.

Cristina Uriartek ituna berretsi du, Tianjingo Lanbide Heziketako arduradunekin, IMHko kideekin eta Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteko (AFM) zuzendariekin batera. Ekimen horri esker, IMH-ko euskal gazteek praktikak egin ahal izango dituzte Txinako enpresetan, eta Asiako herrialde hartan kokaturik dauden euskal enpresek langile kualifikatuak kontratatzeko aukera izango dute. Sailburuak nabarmendu nahi izan du «garrantzitsua dela Euskadiko Lanbide Heziketa marka esportatzen jarraitzea prestakuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetara. Euskadi 2015 Lanbide Heziketa estrategiaren lehentasunetako bat kanpora proiektatzen gaituzten itunak bultzatzea da, beren potentzialtasunagatik erakargarri diren lurraldeekin harremanak estutzeko balio diezaguten, bai gure esperientziak transmititzeko eta bai haienak jasotzeko».

 

Tianjingo Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea

Lanbide Heziketaren inguruko harremanak bultzatzeaz gainera, sailburuak bilera izan du Tianjingo Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko arduradunekin ere.

Bilera honekin, euskal unibertsitate sistemak bere harremanak estutu ditzan nahi du Eusko Jaurlaritzak –Tianjingo zenbait unibertsitaterekin dagoeneko harremanak baititu euskal unibertsitate sistemak-, goi mailako euskal irakaskuntza-eredua esportatuz, eta lankidetza-lerro berriak ezarriz euskal unibertsitateekin, bereziki irakaskuntza teknikoei eta teknologia-transferentziari dagokienean. Alde horretatik, Uriartek Tianjin-go Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko arduradunen jarrera ona baloratu nahi izan du: “Alde bientzat onuragarri izango den harremana eraikitzen jarraitzeko jarrera ona erakutsi digute. Unibertsitateko arduradunak balorazio positiboa egin du orain arte Euskadirekin partekatu dituzten proiektuen inguruan, eta elkarlan horretan jarraitzeko interesa erakutsi dit. Ziur naiz bilera honi esker plan akademiko berrietan parte hartzeko aukerak sortuko direla, bai unibertsitate honekin eta baita Tianjingo beste unibertsitate batzuekin ere”.

 

Tianjingo Udala

Tianjin izaten ari den eraldaketa akademikoa eta prestakuntzakoa hobeto ezagutzeko asmoz, Cristina Uriarte Tianjingo hiri autonomoko arduradunekin ere elkartu da. Probintzia baten pareko maila duen hiri honek –hezkuntza arloa arautzeko ahalmena du- Txinako eta Asia guztiko gune akademiko nagusienetako bihurtzea du helburu.

Hiriak goi mailako heziketaren kalitatearen alde egin duen apustu sendoaren emaitza, azken urteotan Tianjingo Udal Autonomoak proiektu goranahi bati ekin dio, hainbat unibertsitate hartuko dituen campusa eraikiz (200.000 ikaslerentzako gaitasuna izango duen campusa), goi-mailako prestakuntza programak bultzatuz eta zientzia-ikerketaren aldeko apustua eginez. Udal ordezkariek egungo harremanak estutzeko nahia erakutsi die sailburuari, eta lankidetza harreman horiek hiriko hezkuntza-sare guztira zabaltzeko desioa agertu.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)