Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2014ko Global Training beken programa arautzeko eta deitzeko aginduak onartu ditu (2014-03-25(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko martxoak 25

LABURPENA

3,2 milioi euro 370 gazterentzako, praktikak egin ditzaten atzerrian 6 hilabetez

Dozena bat erakunde kolaboratzaile arduratuko dira Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko dituen 370 bekak kudeatzeaz, eta interesdunek horien bitartez izapidetu beharko dituzte eskaerak.

Gobernu Kontseiluak Global Training bekak arautzeko eta deitzeko aginduak onartu ditu gaurko saioan. Beka horiei esker, unibertsitateko edo goi mailako lanbide-heziketako titulua duten gazteek praktikak egin ahal izango dituzte atzerriko enpresetan eta erakundeetan.

Euskadiko enpresak nazioartean ezagunagoak izateko baldintza egokiak sortzea denez Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuetako bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresen giza kapitala hobetzen -nazioartekotzeari dagokionez- eta kanpo-lehiakortasuna laguntzea du xede Global Training beken programak, eta gazte tituludunen nazioartekotzeko trebakuntza babestuko du.

Hori dela-eta, beken programa bat abiaraziko da, unibertsitateko eta goi mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek praktikak egin ahal izan ditzaten atzerriko enpresetan eta erakundeetan. Beka horiek Global Training dute izena, eta Euskadiko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatuko dute, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduera eta proiektuak izan ahal izan ditzaten atzerriko enpresetan eta erakundeetan, aurrez planifikatutako trebakuntza praktikoko plan batekin.

6 hilabeteko praktikak atzerrian, aurretiko trebakuntza-ikastaro batekin

Global Training programari esker, 370 gaztek praktikak egin ahal izango dituzte atzerriko enpresetan eta erakundeetan. Aurretik, Gobernuaren erakunde kolaboratzaileek berek emango duten oinarrizko programa batean parte hartu beharko dute.

2014an, eutsi egingo zaio 2013ko programako zenbatekoari. Beka-kopurua murriztu egingo da, baina horien egonaldia handituko. 2013an, 400 GT beka eman ziren, eta 2014an, hasiera batean, 370 izango dira, orain dela astebete aurkeztutako 100 nazioartekotze-bekez gain.
Deialdi honek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako 370 beka bermatzen ditu.

Horiez gain, baina, 9 gehiago egongo dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euroko ekarpena egingo baitio programa honi, Lurralde horretako Batzar Nagusietan EAJk eta Bilduk hartutako aurrekontu-erabakiaren ondorioz.

Sei hilabeteko praktikaldian, bekadun bakoitzak 1.125 euroko hileko zuzkidura izango du Euskaditik herrialdera joateko bidaia-gastuak, janaria, ostatua, Gizarte Segurantzaren kotizazioak, eta bisak eta txertoak -beharrezkoa balitz- ordaintzeko.

Ekarpen horrez gain, erakunde kolaboratzaileek eta programari atxikitako enpresek ekarpen gehigarri bat egin ahal izango dute, enpresa edo helmuga bakoitzaren arabera.

Enpresa kolaboratzaileek bekadunak babestuko dituzte

Hasiera batean, deialdi hau Global Training programaren kudeaketan erakunde kolaboratzaile gisa parte hartuko duten erakunde pribatu eta publikoak hautatzeko da.

Eta erakunde kolaboratzaile onuradunek deitu beharko dituzte gazte interesdunek eskuratuko dituzten bekak. Erakundeek deialdia egin eta zabalduko dute, eta bekadunak hautatuko dituzte, bai eta horiei aurretiko trebakuntza eman ere. Gainera, beka kudeatu eta babestuko dute, amaierara arte.

2013an egindako balantze laburra

Trebakuntza eta praktikak 50 herrialdetan egin ziren, eta erakunde kolaboratzaileek parte hartu zuten, bai eta 58 euskal enpresak lagundu ere. Nabarmendu behar da ikasleek eta erakunde kolaboratzaileek bikain baloratu dituztela programak:

  • Aurreko urteetako bekadunen % 100ek esperientzia beste pertsona batzuei gomendatzen diete.
  • Programan parte hartu dutenen % 26,8k beka bukatu aurretik edo bukatu ondorengo sei hilabeteetan lan eskaintzaren bat jaso du.
  • Ikasleen % 87,8ren ustez, bekak lanbide profila garatzen eta lan eskaintza gehiago eskuratu ahal izaten lagundu die.
  • % 43,9k beren lanbide profila birbideratu, eta garatutako proiektura zuzentzea erabaki dute.

Hauek izan ziren 2013ko erakunde kolaboratzaileak: Arabako Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Donostiako Sustapena, Novia Salcedo Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, HETEL-Heziketa Teknikoko Elkartea, Confebask eta GARAPEN Garapen Agentzien Euskal Elkartea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau